Miguel Unamunok (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936)egindako 50 marrazki baino gehiago daude atzodanik Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegiko areto nagusian, Bilbon. Salamancako Unibertsitateak(Espainia) ekoitzitako erakusketa bat da, eta irailaren 4ra arte egongo da irekita. Unamunoren heriotzaren 75. urteurrenari lotuta Bilbon antolatu dituzten egitasmoetako bat da erakusketa.
Marrazkigintzarekin etengabeko lotura izan zuen Unamunok bizitza osoan. Horren erakusgarri dira haren artxiboan gordeta dauden berrehundik gora marrazkiak. Horiei gehitu behar zaizkie lagunartean banatu zituenak, eta haietako asko argitaratu ere ez zituzten egin.
Gertukoena marraztu zuen Unamunok. Hura eta haren familia agertzen dira maiz haren lanean. Animalien mundua ere marraztu zuen: txakurrak, txerriak, zezenak.... Baita arkitektura eta erlijio gaiak ere.
«Pentsalari kritikoa»
Ana Cuevas Salamancako Unibertsitateko idazkari nagusiak adierazi duenez, Unamunoren «alderdirik barrukoena, intimoena» ezagutaraziko du erakusketak. Cuevasen iritziz, erakusketari esker, Unamunok «pertsonekiko eta keinuekiko zuen interesa» ezagutuko du bisitariak, eta, era berean, idazlearen mundu artistikoaren beste adar batzuk ere bai, hala nola familiari lotutakoak. Hain zuzen ere, idazleak emaztearen marrazki ugari egin zituen, baita semearenak ere. Horiez gain, bere garaiko hainbat pertsona ospetsuren marrazkiak ere egin zituen: Jacinto Benavente idazlearena eta Andres Segovia gitarristarena, esaterako.
Cuevasek «pentsalari eztabaidatu eta kritiko» gisa definitu du Unamuno, eta gaineratu du Salamancako Unibertsitatean hango errektore nagusi moduan ezagutzen dutela.
Erakusketako marrazkiak ezberdinak dira elkarren aldean. Batzuek xehetasun guztiak jasotzen dituzte, eta beste batzuk, aldiz, zirriborroak dira.
Unamunoren marrazkien erakusketa bat zabaldu dute Bilbon
Idazlearen alderdirik ezezagunena bistaratzea du helburu erakusketak, haren heriotzaren 75. urtemugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu