Kontakizun osoak baino gehiago, liburuen pasarte eta une jakin batzuk gogoratu ohi ditu irakurleak. Norberak baditu bereak, propioak. Eta Cien años de soledad liburuak halako asko utzi dizkio liburua irakurri duen orori, aukeratzeko beste. Bada, ordea, horiek guztiak inguratzen dituen atmosfera bakar bat, norbere buruan irudikatua, eta sekula zapaldu ez izanagatik ezaguntzat hartu ohi dena. Gabriel Garcia Marquezen obra irakurri duen orok, gutxi-asko, buruan barneratua du. Izen bat du unibertso horrek: Macondo.
Liburua argitaratu eta munduko bazter guztietara zabaldu zenetik, asko izan dira herrialde alegiazko hura gauzatu eta errealitatera ekartzeko tentazioak. Koadroek, filmek eta mapek lurralde horri bizia emateko saioa egin dute, alferrik. Hainbesteraino, non, Macondo non dagoen galdera entzun behar izateaz aspertuta, Garcia Marquezek erantzuna bota zuen behin, zalantzak eta espekulazioak behin betiko uxatu nahian: «Macondo ez da herri bat, aldarte bat baizik. Aldarte horrek nahi duena ikusteko aukera ematen dio norberari». Orain, Bogotako (Kolonbia) Liburuaren Nazioarteko Azokak gonbita egin die bisitariei, Macondo hori irudikatu dezaten, eta, nolabait, bakoitzak nahi duena ikus dezan. Norbere Macondo propioa irudika dezan, alegia. Azokaren historian lehenengoz, ez dute pertsona edo herrialde ezagun bat gonbidatu. Macondo da aurtengo ohorezko gonbidatua, efemeride jakin baten bueltan: asteon bete da urtebete Garcia Marquez Nobel sariduna hil zenetik.
Autorearen obraren tamainakoa izan da erakusketa atontzeko lana ere: hiru adituk osatutako batzordeak zehaztu ditu lerro nagusiak, eta eszenografian, bideogintzan eta bestelako arlo batzuetan trebatutako artista talde batek irudikatu du idazlearen mundu magikoa. Galdera bat izan dute ardatz prozesu guztian: zer da Macondo? Eta erantzunak bilatzeko orduan, «adiera bakarreko Macondoren ikuspegia proposatzeko tentazioa baztertu» duela dio batzordeak. Emaitza Marquezen unibertsoan barneratzeko eskaintza da, «zentzumenak eta emozioak konprometitzeko esperientzia» gisara aurkeztua: besteak beste, Karibeko herrietako plazak irudikatzeko instalazioa, lurraldearen mapa fantastikoa, auditorium funtzioa duen oilategia, idazlearen liburuak berrirakurtzeko aretoa eta Macondoko zaporeak dastatzeko aukera eskainiko duen espazio gastronomikoa atondu dute, 3.000 metro karratuko pabiloi batean. Azokak iraun bitartean, maiatzaren 4ra bitartean, hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira, gainera.
Joan den asteartean ireki zuten azoka, eta bertan izan ziren, besteak beste, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea —herrialdeak duen bake prozesuarekin lotu zituen Macondo eta Garcia Marquezen lana— eta Sergio Ramirez idazle eta Nikaraguako presidenteorde ohia.
Irudimena, erreal bihurtua
Literaturak herri edo komunitate baten iruditegi kolektiboan izan dezakeen eraginaren adibiderik garbienetakoa da Macondo. Zaila dira bereizten, sarri, errealitatea eta fikzioa. Piedad Bonnet aditu batzordeko kideak dioenez, Macondok, gaur egun, «existentzia askoz zehatzagoa du, munduko geografiako leku askok baino». Alegia, inoiz ikusi ez izanagatik, gertukoa sentitzen duela irakurle askok.
Horretaz mintzo da, hain justu, Ramirez: «Autorearen imajinaziotik herriaren imajinaziora pasatu den lurralde bat da Macondo, eta, hala, erreala bilakatu da». Eta jarraitu du idazleak: «Ahots anonimoek ehun aldiz kontatutako istorioak itzuli zizkion jendeari [Garcia Marquezek], hasi mitoetatik eta ballenatoen hitzetaraino. Eta jendea, publikoa, horien jabe egin zen, liluratua, norbaitek horrezkero zekiten zerbait, edo bizi izan zutela uste zuten zerbait, kontatu zielako».
Asmatua izanagatik, beraz, Macondok badu non kokatua, eta nola. Geografikoki, batetik: Kolonbiako iparraldean, Aracataca Garcia Marquezen jaioterriaren eta Karibeko uren artean, zingira eta bananondoen artean. Fisikoki, bestetik, autorearen deskribapenei jarraiki, «Macondo buztinez egindako hogei etxeko herrixka bat zen, historiaurreko arrautzak bezalako harri zuri eta handien zorutik igarotzen ziren ur gardenen errekaren ondoan eraikia».
Teoria da hori, ordea; inguru jakin bat izateaz harago, «Kolonbiaren eta Latinoamerikaren historiaren mikrokosmos ere bai baita, bere gerra zibilekin, gatazka sozialekin eta bertakoa arpilatzeko atzerriko potentzien saiakerekin», batzordeak dioenez. Eta ez hori bakarrik. Teoria da, munduko txoko bakoitzean Gaboren hitzak irakurtzen dituen bakoitzak bere modura, bere gogora irudikatuko dituelako hautsez betetako kale horiek. Autoreak berak esan zuen bezala, azken finean, Macondo «aldarte bat» baino ez delako. Hori baino ez, eta aldi berean, hori guztia.
Unibertso bat, magiko bezain benetakoa
Gabriel Garcia Marquez hil zenetik urtebetera, Macondo da Bogotako Liburuaren Nazioarteko Azokako ohorezko gonbidatua. Artistaren mundu literarioa irudikatu dute, eta errealitatera ekarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu