Fikzioarenizterrak
Erromako Fontana di Treviren ertzean bermaturik nengoen, Clararekin besarkatuta. Udaberriko arrats epel ezin gozoagoa zen, Italiak baino oparitu ez dezakeen horietakoa. Iturri gaineko etxeen hormak larrosturik zeuzkaten eki errainu agonikoek. Ezagutzen ez nion soineko arin batez beztiturik zegoen Clara, eta maiteminaren begirada bota zidan, hura ere ezezaguna. «Egin dezagun orain» xuxurlatu zidan. Plazer ikara hedatzen sentitu nuen bere hatsak ferekatu zidan belarri aldetik bizkar guztira. Osorik urrezkoa zen vespa batean esertzera gonbidatu ninduen, eta hurrengo istantean Panteoiaren barruan genbiltzan, kupula zoragarriaren marmolezko zoruan bira eta bira, ni bere gerrialde malguari helduta, bera zorionezko irri gero eta ozenagoak barreiatzen. «Une hauxe bizi nahi nuke, behin eta berriro» esan nion, baina vesparen abiada azkartuz zihoan eta ondokoa erantzun zidan: «Ez dago betierekoa den ezer»... Ondoko unean «Har nazazu, mesedez» erregutzen ari zitzaidan, ia auhenka, hotel bateko ohe zabalaren maindire zurien artean erdi gordeta. Clararen zango luzeei oratu, niregana erakarri, eta bere alu bustian murgildu nuen zakila, zorionaren itsasoa bailitzan, eta orduantxe... esnatu egin ninduen nire ondoan bidaiatzen ari zen gizon gorbatadun lodikote batek nahigabe galtzetara isuri zidan ur basokada izoztuak.Londrestik etxera nindekarren hegaldian izan nuen amets hura, Penguin Books nire eleberri guztiak sakelako formatuan argitaratzen hasi berritan. Nahasi ninduen, zeharo. Urteak neramatzan Clara ahantzita. Claraz oroitzea edo ahaztea izan zen, urte luzeetan, nire animoaren barometro zehatza. Oso ondo nengoen bolada bakanetan baino ez nuen lortzen hura erabat ahaztea. Eta gauzak izugarri ondo joan behar zitzaizkidan oso ondo sentitu ahal izateko. Ez dut esango zoriontsu. Oso ondo erabiliko dut, zintzoagoa iruditzen zait. Ez bainaiz inoiz berriro zoriontsu izan Clarak errukizko begirada amultsu batez estimatzen ninduela baina nitaz inoiz maiteminduta egon ez zela aitortu zidan egunaz geroztik.
Horrexegatik nahasi ninduen ametsak. Bolada oso ona zelako niretzat hura. Ezin hobea. Historikoa euskal idazle batentzat, hedabide guztiek luze eta naro komentatu zutenez. Penguinekin argitaratzea munduko edozein idazlerentzat arrakasta unibertsalaren sinonimo da. Literaturaren panteoian sartzen zaitu.
Freud-en Die Traumdeutung aspaldi irakurria naiz eta nire ametsak behin baino gehiagotan interpretatu izan ditut, zorte gorabeheratsuarekin. Emaztearekin Erromara egindako ezkon-bidaiaren oroitzapen adabakiz osaturik zegoen, nagusiki, egin berri nuena. Diferentzia zen emaztearen tokia Clarak hartzen zuela ametsean. Deskodetzeko ez nuen zailtasun handirik izan oraingoan. Bazitekeen literaturaren panteoian bizirik sartu izana, baina nire inkontzienteak zera esan nahi izan zidan ametsaren bitartez, benetako lorpena, zoriontsu egingo nindukeena, ez zela hori. Panteoia, bere edertasunak itsutzen baninduen ere, hilobi bat zen. Nire bizitza ustez arrakastatsua porrot galanta zen benetako maitasunik ezean. Clara ezean.
Orain etxean nago. Alboan daukat emaztea, lo. Eta nik ordu parea daramat begiak irekita. Clara burutik kendu ezinik.
Clarak erakutsi zidan desira eta ezinaren arteko muga. Edo behintzat hala ulertu nuen berarekin gertatutakoa. Ezinezkoa zitzaidan nahi nuen oro eskuratzea. Ebidentea dirudi, baina ez da hala. Batzuek oso goiz ulertzen dute ezingo dituztela zenbait gauza -edo gauza asko, tamalez- inoiz eskuratu. Ni hemezortzi urte betetzean jabetu nintzen egia xume horretaz. Eta Clara izan zen nire irakasle gupidagabea. Lehen aldiz ikusi orduko jakin nuen ez nuela ezagutuko bere mailara iritsiko zen emakumerik. Eta ez nintzen erratu. Izan dut nire maitasun errazioa, ez beste batena baino eskasagoa, baina ez du lortu emakume bakar batek Clarak nire baitan eragindakoaren oihartzun apala izatea. Eta badakit, inolako zalantzarik gabe, Clarak osoki zoriontsu egingo ninduela. Onartu banindu.
Alabaina, nirea ez da nerabezaroko maitasun ezinezkoaren topikoaren adibide bat gehiago. Ez. Badakit AUKERA galdu egin nuela. Bizitzan behin bakarrik izaten den hori. Ez da egia milaka jende dagoela munduan zeinarekin maitemindu eta zoriontsu bizi zaitezkeen. Zorte asko dutenek bizpahiru aldiz maita dezakete benetan laurogei urteko bizitza batean. Gehienek behin bakarrik. Zenbaitek inoiz ez.