Euskadi Sariak

Urangak eta Alberdik irabazi dute Euskadi Saria, hurrenez hurren, saiakeran eta haur literaturan

"Besarkada" lanagatik saritu dute Uxue Alberdi, eta "Tartaroa. Mina, boterea eta egia" lanagatik Mitxelko Uranga Alvarez. Horiez gainera, Fernando Mikelarena Peña saritu dute gaztelerazko saiakerako sariarekin, eta Mikel Casal ilustrazioarenarekin.

Uxue Alberdi, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko urriaren 13a
10:35
Entzun

Euskadi Sariak bi txandatan eman dituzte aurten ere, eta gaur jakinarazi dituzte haietariko lau Bilbon. Mitxelko Urangari eman diote, Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) lanagatik, euskarazko saiakerakoa. Uxue Alberdik irabazi du haur eta gazte literaturakoa, Besarkada lanagatik (Elkar). Fernando Mikelarenak, berriz, gaztelerazko saiakerakoa Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 lanagatik (Pamiela). Eta Mikel Casalek bereganatu du ilustrazioari dagokiona Así es la dictadura sariagatik (Media vaca). Sarien garrantzia azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hezkuntza eta Gaztedia sailburu ordeak, eta sariak epaimahai profesionalek ematen dituztela nabarmendu du. Datorren astean aurkeztuko dituzte gainontzeko sariak, eta azaroaren 17an egingo sari banaketa Donostiako San Telmo museoan.

Gizartearen kritika

Urangaren kasuan, epaimahaiak "berezko ahotsa" izatea txalotu dio. "Gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan". Greziako mitologia du abiapuntu saiakerak, baina globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa eta terrorismoa lantzen ditu. Filosofiako doktorea da Uranga, eta Sopelako ikastolan irakasle. Hainbat saiakera kaleratu ditu azken urteetan: Espektroak. Euskal terroristak (Utriusque, 2010), Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz (Utriusque, 2011), Espektroak Euskaldunak Europan (Utriusque, 2011), eta Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela, 2014; Juan Zelaia saria).

Urangak eskerrak eman ditu ekitaldian, eta, azaldu duenez, sorpresaz hartu du saria. "Mitologiaren aldarrikapen bat egitea zen nire asmoa liburuarekin", azaldu du. "Oraindik oso baliagarriak egiten zaizkigu mitoak gaur egungo arazoak ulertzeko. Eta filosofoa naizen heinean, gizarteari kritika egitea da helburua". Eros(ki) liburuaren jarraipen modura aurkeztu du Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburua. "Egunero naiz irakasle ikastolan, eta hango ikasleak ditut gogoan liburuak idaztean. Haiek astintzea eta piztea da nire asmoa".

Besarkadaren sentsazioa

Alberdiren lanari buruz epaimahaiak hauxe nabarmendu du: "Azal eta mami biltzen du besarkada batek sorrarazten duen zirrara". Kopla bidez osatu du liburua idazle eta bertsolariak, eta hori ere nabarmendu du epaimahaiak. "Pentsatzeko baino gehiago 'sentitzeko' liburu baten aurrean gaude". Izan ere, handia da liburuan sentsazioei ematen zaien pisua. "Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio, eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat".

Besarkada liburuko ilustrazioak egin dituen Maite Gurrutxaga izan du gogoan Alberdik prentsaurrekoan hitza hartu duenean. "Haren irudirik gabe ez dut uste sari hau emango zidatenik". Azaldu duenez, gainera, garrantzitsua izan da elkarlan hori. "Koplak orain lau urte idatzi nituen, eta tiraderan ezkutatuta izan ditut denbora luzez". Gurrutxagari bidali zizkion orduan, eta hala sortu zen proiektua. Kanta bat ere egin zuten kopla horien harira, baita Gurrutxagaren irudiekin sortutako animazio bat ere. Aurkezpenean zuzenean kantatu ditu liburua osatzen duten koplak, Mikel Laboaren Sorterriko koplak doinuan.

1936ko gerrako gehiegikeriak

Fernando Mikelarena idazleak azaldu duenez, berak ere sorpresaz hartu du gaztelerazko saiakerako Euskadi Saria. Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 (Pamiela) liburua da epaimahaiak nabarmendu duena. Gerra hartan Nafarroan izandako bortizkerien erretratua ematen du liburuak, eta garai hartan izandako tortura, hilketa eta gehiegikeriak izan ditu gogoan aurkezpenean. Hain justu ere, diktadura bat da Mikel Casal ilustraziogilearen Así es la dictadura lanaren ardatza ere. 1977an egin zen lehenengoz liburu hori, Franco hil berritan. Casalek irudi berriak sortu ditu lanerako orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.