Aldundiak begiz jotako orubea Urdaibaiko Biosfera-Erresebaren erdi-erdian kokatua dago. Orubeko eraikin nagusia 1925ean altxatua da. Osasun eta gizarte baldintza zailetan bizi ziren umeak artatzeko sortu zen egun udalekuetarako gune gisa erabiltzen den eraikina. 180 umerentzako lekua du, eta 300.000tik gora ume igaro dira handik.
Joan den hilaren 24an eman zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusiak Urdaibaiko Guggenheim museoa sortu eta eraikitzeko asmoaren berri, geldialdi ekonomikoari aurre egiteko neurri gisa, eta azaldu zuen 100 milioi euroko aurrekontua duela Aldundiak horretarako. Aurrera egiteko, Solomon R. Guggenheim Fundazioaren baimena du eskatua Aldundiak. Eusko Jaurlaritzak ez du oraingoz egitasmoan parte hartzeko asmorik agertu.
Sorkuntzarako museoa
Aldundiak Sukarrietan eraiki nahi duen museoa ez da erakusketetara bideratutako ohiko museoa izango, sorkuntza artistikoa izango baitu ardatz nagusi. Beren lanak erakustera etorri barik, artista gonbidatuakberen lanak sortzera etorriko dira batez ere Urdaibaiko Guggenheim museora, naturaren eta ikuspegi paisajistikoaren aldetik balio handia duen ingurua horretarako lagungarri dutela.
Anselm Kiefer artistak (Donaueschingen, Alemania, 1945)1993az geroztik Barjac (Frantzia) herri txikian duen etxea da egitasmoaren bultzatzaileek duten erreferentzia nagusietako bat.Eraikin industrial abandonatuz eta haitzuloz inguratua dago etxea, eta gogoetarako eta bere arte lanentzako inspirazioa bilatzeko baliatzen du artistak inguru hori.
Kieferrek iaz erakutsi zituen Barjacen sortutako lanak Bilboko Guggenheim museoan, eta oso harrera ona izan zuen erakusketak.Inaugurazioaren aurretik ere, 1997an, Kieferren lan batzuk erakutsi zituzten Bilboko Guggenheim museoko areto batean, eta haren hainbat obra erosi zituen, gainera, museoak.
Thomas Krens Solomon R. Guggenheim Fundazioko zuzendariak beste eredu bat aipatu du, Urdaibaiko Guggenheimekin lotuta:Williamstowngo (Massachussets, AEB) Clark arte institutua, inguru bereziki ederrean kokatua.
Urdaibairen balio natural eta paisajistikoa arte sorkuntzarekin harremanetan jartzen ahaleginduko da, beraz, hasierako asmoaren arabera behintzat, Urdaibaiko Guggenheim museoa.
Balentziaga eta Guggenheim museoen ikerketa komisioen egutegia ezarri dute
Roberto Zearsolo Bilboko Guggenheim museoko finantza zuzendari ohiak milioi erdi euro lapurtu zituela aitortu eta gero sortu zen komisioaren zuzendaria PSE-EEko legebiltzarkide Antonio Rivera izango da, eta irailetik aurrera hasiko dira lanean. PSE-EEren arabera, Miren Azkarate Kultura sailburuak, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak, Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatu ohiak eta BBK-ko arduradunek hitz egin beharko dute batzordearen aurrean. Iruzurraz gain, artelanak dolarretan erosterakoan izandako galerak ere argitu beharko dituzte.Getariako Balentziaga museoaren ikerketa komisioak ereirailean hasiko ditu lanak. Onintza Lasa EAko legebiltzarkidea izango da ikerketaren burua.