Urdin, xuri eta gorri...

'Jean Pitrau' pastorala emango dute heldu den igandean Atharratze-Sorholüzeko herritarrek

Jean Pitrau pastoraleko aktoreak, oholtzara sartu eta obrari hasiera emateko zain, joan den igandeko mustraka nagusian. ALLANDE SOKARROS.
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Horiek dira uztail honen 24an Atharratze-Sorholüzeko pilota plazan emango den Jean Pitrau pastoralaren ikustera etorriko direnen begietara gehien nabarmenduko diren koloreak. Trajeria—pastoralaren izen zaharragoa— honetan jokatzen duten 120 aktoreen jantzietan gorri asko azaltzen da, batez ere turken lerroetan, jakina. Alabaina, urdinez beztitutako turkak ere badaude... Hain zuzen ere, Frantziako jendarme mugigarrien jokoa egiten dutenena. Kiristien artean, berriz, kolore xuri asko dago, alkandorena gehienbat.

Urdina, xuria eta gorria dira, bestela ere, pastoral oholtzaren jalgialdi-erretirorako hiru ateen koloreak. Eta horiek ez dira, batzuek pentsa lezaketen bezala, Frantziako banderaren oroigarriak, ezta inondik inola ere, ikur hori baino nabarmen lehenago erabiltzen baitziren. Zehazki errateko, urdina da zeruaren atea, zeinetatik irteten diren onak irudikatzen dituzten kiristiak; xuria da erdiko atearen kolorea, garbitasunaren seinale, erlijioaren ordezkariek baliatzen dutena —apaizak, aingeruak—; eta gorria da, azkenik, infernuaren atea, gaiztoen irudikapenak diren turken sar-irteerakoa.

Aurtengo pastoralaren jantzien asmatzeko, baina, aspaldiko urteetan lan horretan diharduen Errenteriako Erramun Garzia-Zabalegi jostunak nekeren bat bazuen gainditzeko. Jean Pitrau pertsonaia garaikidea zenez (1929-1975), aktoreen arropak ez ziren historia zaharrago batenak bezain ezohikoak izaiten ahal. Hala eta guztiz ere, turken janzkeraren aldetik behintzat, arropa oso bereziak gauzatzea lortu du gipuzkoar joskinak, eta gorria nagusi da noski. Kiristien aldetik ere aukerarik izan du, zeren 1960ko eta 1970eko hamarkadetan agertu eta zabaldu baitzen hippy mugimendua. Joera horren jarraitzaileek parte hartu zuten, hain zuzen, 1970eko hamarkadako borroka aipagarriena izan zen Larzaceko eremu militarraren handitzearen aurkako gudukan, antimilitaristekin, ezker muturreko kideekin eta laborariekin batera.

Laborari horietarik bat izan zen, hain zuzen, Atharratze-Sorholüzeko Arrañe auzoko Erbinea etxaldeko seme Jean Pitrau. Borroka hartan parte hartzea, baina, aurretik eraman zituenen jarraipen logikoa izan zen. Izan ere, Jean Pitrau jazarri egin zen Zuberoako, Baxenabarreko eta Baretouseko (Biarno) mendi nekazari txikiek jasaten zuten ezin biziaren aurka. Salaketa hura teoriaren sailekoa izan zen, Mendiko laborantxa azterketa, hausnarketa eta proposamen txosten oso landutakoarekin. Gogoeta-hausnarketak lagun multzo batenak egon baziren ere, dudarik ez dago txosten hura Jean Pitrauk berak idatzi zuela. Alabaina, Jean Pitrauren borroka ekintzazkoa ere izan zen: etxaldeko lanak egin ondoren, arrats eta gauetan hainbat eta hainbat lekutara joaten zen, bilera eta elkarretaratzeetan jendearen animatzera. Paris aldera ministroen ikustera joan zen, eta gobernukide bat Zuberoara etorraraztea ere lortu zuen , Edgard Pisani Laborantza ministroa Arrañemendiko maldetara eta Santa Graziko bortualdera bisitaz izan baitzen.

Artzainen kantua, biarnesez

Politika jatorriz xuria izan zitekeen, baina borroka gorria eraman zuen, eta, horren ondorioz, errepresio egileen urdina topatu zuen Jean Pitrau borrokalariaren bizi urrats oparoak goraipatu nahi izan ditu, beraz, Pier-Paul Berzaitz kantari eta kultur jarduleak idatzitako pastoral honek. Hala, pastoral honen 23 jelkaldien zehar, bertsetak, dozena bat kantu, Satanen agerraldiak, eta ballet moduko bi dantza sorkuntza lerrokatuko dira. Berezitasunen artean, Otsagabiko bi joterok emango dituzte jotak, eta gisa horretara oroitaraziko da Atharratze-Sorholüze eta Zaraitzu ibarreko herri nagusia senidetuak direla 1965. urteaz geroztik. Hortaz, Jean Pitrau pastoralaren beste agerraldi bat izango da Otsagabian, datorren agorrilaren 15ean. Berezia, era berean —baina ez lehendabiziko aldia gertatzen dela—, artzainen kantua biarnesez izaitea. Azkenik hala izan zen Jean-Mixel Bedaxagarrek idatzitako eta 2014an antzeztutako Akitaniako Alienor pastoralean. Aski berezia, azkenik, Luis Mariano kantariak ospetsu egin zuen Il est un coin de France abestia entzutea, frantsesez emana beraz. Baliteke kantu horrek atsekaberik piztea askori... Baina turkek emana dela ohartuta, broma gisa hartzekoa da. Hippy mugimenduaren garaiak gogorarazteko, berriz, Maxime Le Forestier abeslari frantziarraren San Francisco kantu ezaguna entzungo da, euskarazko hitzetan, haatik.

Pastoral egun guzietan bezala, goizetik etortzea da gomendagarria. Horrela eginda, egitarau osoaz gozatzeko aukerarik bada: 10:00etan, aktoreen partaidetzarekiko meza; 11:00etan, karrika itzulia eta tzintzarrada; 12:00etan, bazkaria; eta 15:30ean, Jean Pitrau pastoralaren emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.