Urolan (oraindik) pop

Patta ta Sendaezinen lehenengo diskoa kaleratu dute Jotakie eta Direccion Obligatorian ibilitako lagunek

Jesus Sudupe Patta eta Luciano Martin Luka, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskal poparen historia txikia da Jesus Sudupe Patta. Aitzindarietako bat, nahiz eta bere izena ezezaguna izan pop zale ia gehienentzat. Jotakie taldearen sortzaileetako bat izan zen —artean J.Kie—, eta gerora, Euskal Rock Erradikalaren garairik arrakastatsuenean, Direccion Obligatoria sortu eta disko bat kaleratu zuen, Il lavoro (1986), gaur egun ere oso estimatua den lana. Gipuzkoako Urola haranean, eta batik bat Azkoitian eta Azpeitian, pop musikak izan zuen presentziaren ale esanguratsua.

25 urte geroago, «ilea urdinduta», Pattak berriro ekin dio musikari, eta azkeneko urteotan idatzitako kantuak Patta ta Sendaezinaken lehenengo diskoan bildu ditu (Gaztelupeko Hotsak). Luciano Martin Luka izan du ondoan, Jotakien nahiz Direccion Obligatorian kide izan zuen laguna. «Beti izan dut alboan, konponketak egiten, abestien egituratzeko orduan...».

Urteetan musikatik aldenduta egon zen Patta. «Ezkondu, umeak eduki... eta orain, berriro, 50 urterekin eta denbora pixka bat izan dudanean, berriro hasi naiz kantuak egiten». Direccion Obligatorian gaztelaniaz abesten zuen, Madrilgo movida-rekiko zaletasunak bultzatuta: «Poparekin lotutako mugimendu bat zegoen han, hemen ez zegoena, hemen rock erradikala baitzen nagusi. Eta gaztelaniaz aritzen ginen». Orain, ordea, euskaraz idazten ditu kantuak, «gusturago» aritzen delako. «Gaur egun libre sentitzen naiz euskaraz, eroso, eta banuen euskaraz zerbait egiteko gogoa».

2010ean, Patta, Luka eta Juan Manuel Aparicio bateria jotzailea berriro elkartu ziren Direccion Obligatoriaren kantuak berriro jotzeko, eta hasi ziren euskaraz egindako azken abestiak ere jotzen. Eta hor abiatu zen Patta eta Sendaezinak.

Pattaren proiektu berriak baditu loturak Direccion Obligatoriarekin, baina baita bi taldeak ezberdintzen dituzten ezaugarriak ere. Direccion Obligatorian popa zen nagusi, eta baziren ska arrastoak ere. Patta eta Sendaezinek, berriz, power-popera (Zure barruan) edota amerikar kutsuko soinuetara (Agur, Rikio) jotzen dute, besteak beste. «Nik uste dut pop pertsonala dela». Jotakiek grabatu zuen kantu bat ere berreskuratu dute, Joxemai beltza, Pattak bere garaian idatzitakoa. «Nik idatzi nuen lehenengo kantuetako bat izan zen».

Hitzek ere mundu pertsonala islatzen dute, malenkoniatsua eta neurri handi batean ezkorra. «Ez da, alde horretatik, disko alaia. Kantuak goxoak eta politak dira, baina mezua da zaila dagoela dena. Zailak dira harremanak, zaila da aurrera ateratzea...». Hala ere, diskoak badu bere alderdi baikorra ere, In the Basque Country-k eta Banpiresa-k, ordezkatzen dutena. «Baina nire joera bestea da, erromantizismo negatiboarena».

Pattak eta Lukak ez ezik, diskoan Iñigo Aranbarrik (tronpa), Itziar Beitiak (teklatuak), Iker Arrazola Akauzazte Danok taldeko bateria jotzaileak eta Olatz Prat abeslariak (Karelean, Lantz) hartu dute parte. Baita Juan Manuel Apariciok ere hiru kantutan. «Batzuk gazteak dira, eta hezkuntza klasikokoak, gaitasun handikoak. Gu, berriz, intuitiboagoak gara».

Diskoa irailean grabatu zuten Garate estudioetan, Andoainen (Gipuzkoa), Kaki Arkarazoren laguntzarekin. «Astebetean egin genuen dena, bederatzi egunetan, eta oso gustura gelditu ginen».

Zuzenean jotzeko gogoz

Diskoa kalean, hemendik aurrera zuzenean jo nahiko lukete Pattak eta Lukak, baina, horretarako, komunikabideen laguntza ezinbestekotzat jotzen dute. «Horretarako, irratiek kantuak jarri behar dituzte. Entzuleei eman behar diezu kantuak entzuteko aukera, eta ez behin bakarrik. Guk gogoa badugu jotzeko. Eta, gainera, hainbat formatutan aritu gaitezke, bikote gisa, hirukote moduan, talde handiagoan...». Zuzenean ez dituzte Direccion Obligatoriaren kantuak joko. «Hau beste bide bat, euskaraz egindako kantuekin», azaldu du Pattak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.