KRITIKA. Literatura

Urpean, habea

Iker Aranberriren 'Baden Verboten' liburuaren azala.
2025eko maiatzaren 18a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Baden verboten'

Idazlea: Iker Aranberri Sarasua. Argitaletxea: Pamiela.

Izenburutik beretik atentzioa ematen du Iker Aranberriren lehenengo liburuak. Baden verboten —iazko Xabier Lete poesia saria—, debekatuta bainatzea, alemanez. Izatez, presentzia handia dute liburuan urarekin lotutako metaforek, baina izenburuaren zentzua haratago doalakoan nago. Eguneroko bizitzari eta errealitate arruntari eginiko desafioa litzateke bainatzeko debekuari egindako erreferentzia, ziztuan igarotzen den bizialdiari eta etengabe eraldatzen dabilen inguruari so egiteko hautua. Hartan kontzienteki murgiltzekoa, alegia.

Azalak berak murgiltze bat dakar, Harry Houdini eskapista New Yorkeko itsasadarrean kutxa baten barruan sartu zuteneko argazkia agertzen baita. Azkeneko orrialdean ifrentzua dago, langileak Houdini garraiatzen duen kutxa uretatik ateratzen. Tartekoa, Aranberriren urpeko abentura. Hiru ataletan banatuta dago liburua. Poemetako baten izenburu edo esaldi esanguratsu batetik hartzen dute titulua hiru atalek. Ezer baino lehen, esan beharra dago koherenteak direla poemok, ahots poetiko berak galbahetzen dituela argi antzemateraino. Norabide bat dutela igartzen da, unibertso batek batzen dituela.

Ni poetiko erne bat sumatzen da, nostalgia aire batez ingurua aztertzen duena. Gatazka intimoak, minak eta absentziak bizi ditu. Gai sozialez ere badihardu. Horiez guztiez sotiltasun nahikoaz mintzo dira poemok, esaera bat edo beste maiztu samarrak suertatzen diren arren, figura erretorikoz egoki hornituak eta egitura formalaren atzean era aproposean ezkutatuak. Izan ere, ez da txikia Aranberriren baliabideen kutxa. Aipatzekoak dira bertso librearen erabilera burutsua eta irudien sorkuntza —batik bat naturatik eratorritako metaforak—, baita hainbat poematan erritmoarekin lortutakoa ere. Zorrotza da zenbait poematan, hitzak metronomoaz ezarrita baleude legez, bakoitzak bere oihartzuna hedatzeko moduan. Horixe da, izan, liburuko indargunerik handietakoa.

Esan bezala, absentziaren bat sumatzen da liburuan. Aspaldiko zenbait min. Orobat, gutasunera tarteka hurbiltzen den eta jadanik ibilbidetxo bat —bere zama eta zauri— egina izanagatik bizitzarekin hartu-emanean jarraitu nahi duen norbanako bat. Poemetako hizkerarekin asmatzen du, oro har, Aranberrik. Esateko modua zuzena baina ez zuzenegia, poemak argiak baina ez argiegiak izatearen ildo estua ondo samar libratu du autoreak. Egia da haren sortan ez direla ale guztiak balio berekoak. Ahulegiak dira hainbat poema, indargeak. Hautu lexiko batzuen desegokitasunak eta errimaren erabilerak kamustuak. Beste batzuk, aldiz, sendoak eta egitura zein baliabide aldetik irmoak. Batzuek eta besteek, baina, Aranberriren unibertso poetikoaren oinarrian egiten dute bat. Baden verboten da, gorabeherak gorabehera, unibertso horren lehenengo habe sendoa. Ikusteko dago atzetik gehiago etorriko ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.