Urretabizkaia eta Meaberentzat Espainiako Kritikaren Sariak

Euskarazko narratibaren saria eskuratu du '3 Mariak' lanak, eta poesiarena 'Bitsa eskuetan'-ek

Erredakzioa
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Fermin Etxegoien (Autokarabana, Pamiela) eta Juanra Madariagaren (Eroriaren logika, Susa) lekukoa hartu dute Arantxa Urretabizkaiak eta Miren Agur Meabek. Urretabizkaiaren 3 Mariak liburuak (Erein) eskuratu du Espainiako Kritikaren Saria euskarazko narratibaren arloan, eta Meaberen Bitsa eskuetan lanak (Susa), poesiarenean. Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak ematen ditu sariak. Javier Rojo literatur kritikariak parte hartu du sariak erabaki dituen epaimahaian, euskarazko literaturaren ordezkari modura.

Arantxa Urretabizkaiak iazko azaroan kaleratu zuen 3 Mariak. Hamabi urte zeramatzan nobelarik idatzi gabe; Koaderno gorria izan zen aurrekoa. Bizitzaren erritmoa nola, literaturarena ere berak markatu nahi duela adierazi zuen liburua aurkeztu zuen egunean. Zahartzaroari buruzkoa da 3 Mariak nobela; edo argiago esanda, berak zahartzaroa nola bizi nahi lukeen azaltzen du liburu horretan. Eskolako lagunak ziren hiru Mariak. Oso lagunak. Elkarri egindako promesa bat egia bihurtzen hasiko dira eleberriko istorioan. Gerrak eta bizitzak elkarrengandik urrundu zituzten hiru lagunak. Txuri, Gorri eta Handi emakume zaharrak dira, baina ez horregatik bizitzeko ilusio gutxiago duten emakumeak. Zahar hitza bere horretan erabili du gainera nobelan, eta halaxe darabilte protagonistek beraiek ere : «Zaharrak dira, eta hitz hori erabiltzen dute beraien artean leungarririk gabe, ez hirugarren adin eta ez ezer».

Bigarren poema liburua du Miren Agur Meabek Bitsa eskuetan. Duela hamar urte argitaratu zuen Azalaren kodea (Susa), azken urteetan argitaratutako euskarazko poema liburuen artean oihartzun handiena izan dutenetako bat. Bere azken urteetako bizipenekin harreman estua duten poemak bildu ditu Meabek Bitsa eskuetan lanean. Iazko urrian plazaratu zuen. «Bizitzak eman behar izan dit, eta kendu, liburu hau idazteko. Eta idatzi ahala, idazten jardun dudalako, beste noranzko bat hartu du nire bizitzak. Idatziz jartzean, errebelatu egiten zaizkigu ordura arte zehaztu gabeak ziren intuizioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.