Nahiz eta Hollywoodeko akademiako kideen eta atzerriko prentsak Los Angelesen duen ordezkaritzaren ikuspegiek ez duten zertan bat etorri, kritikariek banatu ohi dituzten Urrezko Globoak jo izan dituzte Oscarren aurrerapentzat. Sarri askotan, prentsak saritzen dituen filmak goraipatzen dituzte gero Zinemaren Arte eta Zientzien Akademiako kideek; alegia, zinemaren profesionalek. Gaur banatuko dituzte Urrezko Globoak Los Angelesen, eta bi film dira hasiera batean hautagai nagusiak: 12 Years a Slave (Steve McQueen) dramaren alorrean eta American Hustle (David O. Russell) komedia eta musikala biltzen dituen atalean. Zazpina izendapen dituzte.
Dramaren atalean, McQueenen filmarekin batera, honako lau film hauek lehiatuko dira pelikula onenaren saria eskuratzeko: Gravity (Alfonso Cuaron), Captain Phillips (Paul Greengrass), Philomena (Stephen Frears) eta Rush (Ron Howard).
Komedia eta musikalaren atalean, berriz, American Hustle-z gain, Inside Llewyn Davis (Joel Coen), The Wolf of Wall Street (Martin Scorsese), Her (Spike Jonze) eta Nebraska (Alexander Payne) dirafilm onenaren garaikurra jasotzeko haugaiak.
Izen horietako batzuk ere ageri dira zuzendari onenaren saria jaso dezaketenen artean: Alfonso Cuaron, Paul Greengraass, Steve McQueen, Alexander Payne eta David O. Russell.
Oscarretan ez bezala, Urrezko Globoetan telebistarako egindako lanak ere saritzen dituzte. Aurten, telesail dramatiko onenaren saria eskuratzeko lehiatuko dira House of Cards, Breaking Bad; Downton Abbey, The Good Wife eta Masters of Sex.
Telefilm eta minisailen alorrean, berriz, honako hauek dira hautagaiak: Behind the Candelabra, American Horror Story: Coven, Dancing on the Edge, Top of the Lake eta White Queen.
Urrezko Globoak, Oscarretarako lasterketan
'12 Years a Slave' eta 'American Hustle' dira sariak irabazteko hautagai nagusiak, zazpina izendapenekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu