Gaur hasiko da Etienne Comar zinemagile frantziarraren Django filmarekin Berlinale, Berlingo zinema jaialdiko 67. ekitaldia. Sail ofizialeko Urrezko Hartza erdiesteko lehian, hemezortzi filmek hartuko dute parte. Lehiatik kanpo dauden sail ugarietan, osotara 400 film proiektatuko dituzte, tartean Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren El bar lana. Dieter Kosslick jaialdiko zuzendaria pozik agertu da jaialdiak emango dituen filmen harira: «Berlinalek gogoeta eginaraziko digu, eta ongi pasaraziko ».
Gaur-gaurko gaiekin lotuta daude Berlinaleko sail ofizialean lehiatzeko hautatuko hemezortzi filmetako zenbait. «Bi utopia handien gainbeheraren lekukoak gara: dagoeneko inork sinesten ez duen kapitalismoarenak eta aspaldian sinesteari utzi zitzaion komunismoarenak», adierazi du Kosslickek. Gaineratu duenez, horma, debeku eta diskriminazioaren garaia da egungoa. Hala, Paris nazien okupaziopean zegoelako errefuxiatu modura ihes egin zuen Django Reinhardt musikariari buruzko Django izango da lehiatzen lehena. Lan horrez gain, Europan ekoitzitako film gehiago izango dira, tartean Aki Kaurismaki zuzendari finlandiarraren Toivon tuolla puolen, Alain Gomis frantziarraren Felicite, Volker Scholondorff alemaniarraren Return to Montauk, Andres Veiel alemaniarraren Beuys dokumentala, Josef Hader austriarraren Wilde Maus eta Thomas Arslanen Helle Nachte.
Europa ekialdeko herrialdeetan ekoitzitako proposamenak ere badira hautatutakoen artean: Hungariatik, Ildiko Enyediren Testrol es lelekrol; Txekiar Errepublikatik, Agnieszka Hollanden Pokot; eta Errumaniatik, Calin Peter Netzerren Ana, mon amour. Era berean, Urrezko Hartza eskuratzeko hautagaietako bat da The Dinner, Herman Kochen liburuan oinarritutako Oren Moverman estatubatuarraren filma. Bere eskutik Richard Gere aktorea Berlinen izatea espero da.
Aurreko urteetan bezala, Asiako ekoizpenak ere badira hautatutakoen artean: Hong Sang soo korearraren Bamui haebyun-eoseo honja, Liu Jian txinatarraren Hao ji le animazioko filma eta Sabu zuzendari japoniarraren Mr. Long. Hautatutako hemezortzi lanen zerrenda osatzen dute Sebastian Lelio Txileko zuzendariaren Una mujer fantástica, Marcelo Gomes brasildarraren Joaquim eta Sally Potter britainiarraren The Party filmek.
Lehiaketatik kanpo bada ere, sail ofizialaren barruan ikusi ahal izango dira hainbat film, tartean Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren El bar. Kosslickek azaldu duenez, De la Iglesiak lantzen duen «umore lehergarriagatik» hautatu dute film hori sail ofizialaren barruan proiektatzeko.
Berlinalen ohikoa denez, nazioarteko zinema izar andana espero dute gaurtik aurrera. Richard Gere aktoreaz gain, otsailaren 19ra bitarte, besteak beste, Catherine Deneuve, Penelope Cruz, Hugh Jackman eta Ewan McGregor ere jaialdian izatea espero dute jaialdiko antolatzaileek.
Komunikabideetan hasiak dira agertzen Urrezko Hartza irabazteko hautagai nagusiak izan daitezkeen izenak. Horren inguruan galdetu diote Kosslicki, baina ez du ezer esan nahi izan. Paul Verhoeven zinemagile herbeheretarra buru izango den epaimahaiaren zeregina izango da hori. Hala ere, gomendatu ditu lehiatik at dauden hainbat film: De la Iglesiasen El bar, Fernando Perezen Últimos días en La Habana eta Guinder Chadheren Ciceroy´s House. Egungo borrokekin duen «parekotasunagatik» nabarmendu du azken hori. Indiako independentziaren aldeko eta Erresuma Batuko indar kolonialaren aurkako gerrari buruzkoa da Chadheren lana.
Euskaldunen erakusleiho
Zinema erakusleihorik garrantzitsuenetako bat da Berlinale, han egiten den European Film Market azokari esker. Bestelako nazioarteko ferietan egin ohi duen bezala, gune propioa izango du Zineuskadik, eta Basque Audiovisual katalogoa aurkeztuko du. Katalogo hori hamabi dokumentalek, fikzioko bederatzi filmek eta animazioko bost filmek osatzen dute. Horren bitartez, euskal sortzaileek industrian duten tokia «indartu» nahi dute, besteak beste.
Urrezko hartza, denen helburu
Gaur hasi eta otsailaren 19ra bitarte, hemezortzi film lehiatuko dira 67. Berlinaleko sail ofizialean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu