Literatura

Ursula K. Le Guin idazlea hil da

Zientzia fikziozko eta fantasiazko liburuen idazlerik onenetakotzat jo izan da.

Ursula K. Leguin, artxiboko irudi batean. MARIAN WOOD KOLISCH, EFE
2018ko urtarrilaren 24a
12:35
Entzun

Gizonezkoen nagusitasuna erabatekoa izan da zientzia fikzio eta fantasiaren arloan, baina leku bat egitea baino gehiago lortu zuen Ursula K. Le Guin idazleak (Berkeley, Kalifornia, AEB, 1929). 2016an, The New York Times-ek esan zuen hura zela AEBetako zientzia fikziozko idazlerik onena. Astelehenean hil zen, 88 urte zituela.

Antropologoak zituen gurasoak, eta gai horri buruzko interesa maiz agertzen da haren liburuetan. Urruneko planetetara joanez, gaur egungo gizarteari, sexualitateari eta erabaki moralei buruz gogoeta eragiteko zuen gaitasuna nabarmendu izan zaio. Feminismoa, anarkismoa, ekologia eta taoismoa ere asko interesatzen zitzaizkion.

Haren lanak 40 hizkuntzatara itzuli dituzte, eta milioika saldu ditu aleak. The Left Hand of Darkness lana (1969), esaterako, 50 urtean baino gehiagoan egon da inprentetan. Hain zuzen, lan hori izan zen gehien famatu zutenetako bat, sari asko jaso baitzituen hari esker. Urtaroaren arabera, emakume edo gizon dira liburu horretako protagonistak. Earthsea seriea ere Le Guinena da.

Nagusiki zientzia fikzioaren arloan aritu arren, poesia, saiakera, ipuin eta haur literaturako liburuak ere idatzi zituen. Esti Ezkerra literatura adituak iruzkina egin zion BERRIAn haren The Ones Who Walk Away from Omelas liburuari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.