Artea

Urte bezainbeste artelan

1908ko urrian jarri zen martxan Bilboko Arte Ederren Museoa bilakatuko zena, eta bere bildumako 110 artelanik esanguratsuenak erakutsiz ospatuko du urteurrena

Irekiera ekitaldian bisitari multzo bat, atzean Rafael Balerdire artelan batekin. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 8a
14:13
Entzun

“Artelan bakoitza museoaren urtebetetze tarta handiko kandela bat balitz bezala da”. Irudi horrekin laburbildu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak, ireki berri duten 110 urte, 110 artelan erakusketa. Erakundearen urteurrena ospatzea da helburua, izan ere, eta horretarako museoaren bildumako lanik garrantzitsuenak hautatu dituzte. Guztira, 14.000 artelan inguru dituzte funtsetan, eta hautaketa zorrotza egin behar izan dute horregatik, zuzendariaren hitzetan. “Onenetan onenak” erakutsi dituzte soilik, eta XIII. mendetik XX. mendeko 90ko hamarkadara arte doan ibilbidea osatu dute haiekin. “Auto-erretratu bat da”, onartu du Zugazak. Irailaren 17ra arte egongo da zabalik.

Arista ezagun zerrenda luzea

Museoko ohiko bisitariak ezagun izango ditu bilduman dauden pieza gehienak, baina berriak dira antolaketa eta kokapena. BBK areto osoaz gainera, lehen solairuko sei gela ere hartzen ditu bildumak. Kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta Kristo gurutziltzatu erromaniko batek hartzen ditu bisitariak aurrez-aurre hasieran. Eta, aretoz areto, Europako eta Euskal Herriko artista esanguratsu zerrenda baten lanak datoz gero. Tartean dira, besteak beste, Lucas Cranach Zaharra, Grekoa, Joaquin Sorolla, Ribera, Paul Gauguin, Antoni Tapies, Adolfo Guiard, Aurelio Arteta, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida.

110 artelan, hiru emakumezko artista

Ibilbideko azken aretoak dira nobedade gehien dituztenak. Bertan dauden lanak dira, izan ere, museoan gutxien ikusi direnak. Angel Bados artistaren lan bat dago, esaterako, eta baita Sergio Pregoren bideo batek ixten du ibilbidea. 1998. urtean sortutako Tetsuo, porrotera kondenatua piezak, zehazki. Margolanak dira nagusi bilduman, baina eskultura kopuru esanguratsua bat ere bildu dute. “Kalitate kriterioak izan ditugu kontuan hautaketa egiterakoan, baina testuingurua ahalik eta osoen ere deskribatu nahi izan dugu; irizpide historiko eta geografikoak hartu ditugu horretarako kontuan”.

Hiru emakumezko artista daude 110 artelaneko bilduman. Mary Cassatt, Maria Blanchard eta Maria Helena Vieira Da Silva.

Bildumako artelan bakoitzari buruzko azalpenak biltzen dituen esku orriak argitaratu dituzte euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta inglesez, eta katalogo bat ere kaleratu dute lau hizkuntzetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.