Bi literatur polemikarekin izan dut erlazioa denboraldi honetan zehar, eta biek izan dute euskal gatazka eta literatura gai nagusitzat.
Lehenengoa Fernando Aramburuk sortu zuen 2011ko azaroan eta artikulu bat eskaini nion zutabe honetan bertan. Berak zioenez, ETAk eragindako biktimez ez dugu idatzi euskal idazleok, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen digunez gero, ez garelako pentsatzen duguna esateko libre sentitzen. Hau da, euskal literaturari ematen zaion laguntza eskasa kontuan hartuta, beren burua izugarri merke saltzen duten miserable batzuk omen gara. Eta oso kritika bidegabea egin zion Bernardo Atxagari bereziki, beronen jarreraz iritzi gezurti eta iraingarriak jaulkiz. Gizarte sareetan eta prentsan zenbait protesta azaldu genituen, zeintzuetan sarritan errepikatu zen euskal literaturan asko idatzi dela euskal gatazkaz (baita ETAren kontra ere). Bereziki aipagarria da Anjel Lertxundik El Diario Vasco-n idatzi zuen artikulua. Horren guztiaren ostean Fernando Aramburuk bere barkamen eskea azaldu zuen publikoki.
Bigarren polemika neuk sortu nuen nahi gabe, baina ez da, nik dakidala, inoiz atera gure zutabe honetatik; berau partekatzen dugunon artekoa izan da soilik. Polemika piztu zuten nire hitzak izan ziren, artikulu hauek irakurri dituztenek jakingo duten bezala, euskal literaturan askoz gutxiago idatzi izan dela ETAk eta bere inguruak eragindako biktimen ikuspegitik (baina zerbait bai, behintzat) beste edozein ikuspegitatik baino, eta norbaitek euskal gatazkaz idazteko erabakia hartzen badu eta bizpahiru liburu gai horretaz idatzi ondoren ez badu ETAk eragindako kalte bat bakarra ere narratzen, estatu espainiarrak eragindako kalteak bakarrik kontatzen baditu, errealitatearen parte bat ezkutatzen ari dela. Hasierako polemikak eraman ninduen nahi gabe sortu nuen bigarren polemikan esan nituen gauzak esatera. Alegia, euskal literaturan ETAk eragindako kalteak maizago agertzen ez badira, hori ez da euskal idazleek pentsatzen dutena esateko libre sentitzen ez direlako, benetan pentsatzen eta sentitzen dutena idazten dutelako baizik, idazten dutena benetan idatzi nahi dutelako askatasun handiz.
Bi polemika horien iturburuan zeuden hitzak Años lentos (Urte geldoak) bere azken nobela promozionatzeko testuinguruan esan zituen Fernando Aramburuk, eta hasiera batean liburua irakurtzeko batere asmorik izan ez banuen ere, zutabekideon arteko polemika luzatuz joan zen heinean hura irakurtzeko gogoa piztu zitzaidan, gaiari zein tratamendu ematen zion ikusteko jakin-mina, azken urteotan Euskal Herrian izan diren alde guztietako indarkeriazko gertakariak agertuko ziren ala alde bakar batekoak bakarrik, zein azpimarratuko zuen gehiago, eta abar.
Nire inguruan entzun ditudan iruzkinen arabera irudipena dut ez zaiola liburua jende gehiegiri gustatu, baina niri ez zait txarra iruditu, izugarrizko maisu-lan bikaina ez bada ere. Aski gustura irakurri dudala ere esan behar dut. Hasteko, liburuaren egitura bera gustatu zait. Bi plano narratibo daude, eta batean, Camilo José Celak bere La familia de Pascual Duarte nobelan egin zuen bezala, Quevedoren Historia de la vida del Buscón obrako tonu narratiboa erabiltzen da (ez dira hirurak halabeharrez «Yo, señor...» hitzekin hasten). Plano horretan protagonistak Aramburu idazleari bere haurtzaro donostiarraren urte garrantzitsu batzuk kontatzen dizkio (1968-1971 garaia batez ere), hark nobela bat idatz dezan. Beste planoan idazlearen beraren oharrak agertzen dira, protagonistak emandako testigantzaren gainean nobela hori idazteko.
Fernando Aramburu eta biok ETA sortu zen urtean jaio ginen, donostiar unibertsitate berean ikasi genuen, eta nik ezagutu nuen garai hartako Gipuzkoa berak nola gogoratzen zuen ikusteko jakin-mina nuen. Nobela laburra da, sinplea, baina egiazalea nire gogorapenen arabera. Nik espero nuen, euskal literaturari buruzko kritikak eta salaketak adierazten dituztenei gertatu ohi zaien bezala (hau da, Raúl Guerra Garridoren La carta nobelan legez, esaterako), mundu manikeo bat agertzea, zeinean euskaldunak politikoki makurrak eta sentiberatasunik gabeak izan ohi garen, non ez dagoen polizia gaiztorik eta espainiar estatuak ez duen inoiz astakeriarik egiten. Baina ez da hori inolaz ere Fernando Aramburuk bere nobelan margotu duen errealitatea. Bertan gaiztoenak Franco eta bere polizia torturatzaileak dira (Melitón Manzanas beldurgarria bere izenarekin agertzen da, adibidez), guardia zibil hiltzaileak eta donostiar frankistak. ETAkoak, ordea, edonoren ahaide arrunt eta ia-ia maitagarri gisa agertzen dira. Gauza jakina da ETAk oso pertsona gutxi hil zuela Franco hil aurretik. Baina ez da falta nobelan ETAk eragin zuen lehen hila, ezta Guardia Zibilak hil zuen lehen ETAkidea ere.
Fernando Aramburuk esan zuenez, baliteke hau ez izatea euskal gatazkaz idatziko duen nobela bakarra, sail baten lehenengoa baizik. Espero dezagun hurrengoetan hartuko duen joera ez izatea nobela honetan agertu denaren kontrakoa, gure azken berrogeita hamar urteez erdaraz idatzi dutenen artean hain ohikoa.
Literatura. Hirudia
Urte geldoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu