Bilbao Orkestra Sinfonikoak Armand Marsick zuzendariaren batutaren aginduei segituz lehen doinuak eman zituenetik 90 urte beteko dira 2012ko martxoaren 8an. 2011-12ko denboraldian ospatuko du 90. urtemuga BOSek, Bilbon inoiz eman ez den obra batekin: Arnold Schonbergen Gurrelieder abesti zikloarekin. «Ikus-entzuleei eta geure buruari egin nahi diogun opari berezi bat da. Oso zaila da obra hori ematea, estilo hori menderatuko duten bakarlari ugari eta zenbait koru eskatzen dituelako. Horregatik, amets bat betetzea izango da», adierazi du Gunter Neuhold-ek, BOSeko zuzendariak.
Urteurrenaren egunean bertan aurkeztuko du Bilboko orkestrak Schonbergen lana, martxoaren 8an eta 9an. Neuholden zuzendaritzapean ariko dira Anne Swanewillms sopranoa, Simon O'Neill tenorra, Lilli Paasikivi mezzo-sopranoa, Jon Frederic West narratzailea, Arnold Bezuyeren tenorra, Fernando Latorre baritonoa eta Easo abesbatza eta Errenteriako Andra Mari abesbatza.
Urriaren 6an hasiko du BOSek 2011-12ko denboraldi sinfonikoa. Hamazazpi egitarau eta, horrenbestez, 24 kontzertu emango ditu. Oraingo denboraldian baino egitarau bat eta bi kontzertu gutxiago. Neuholdek zuzenduko ditu erdiak eta gainerakoetan kanpoko zuzendariek gidatuko dute BOS: Marzio Conti, Ryusuke Numajiri, Marco Guidarini, Yaron Traub, Pavel Kogan, Isaac Karabtxevski, Josep Caballe Domenech eta Guillermo Garcia Calvok.
2011-12ko denboraldi sinfonikoa, oro har, «askotarikoa baina orekatua» izango dela azaldu du Neuholdek. «Ikus-entzuleek espero dituzten obra batzuk izango dira, baina baita oso ezagunak ez diren beste batzuk ere. Orkestrak hazi eta aurrera egin behar du, eta, horretarako, ezin gaitezke betiko egileekin geratu, beste batzuk ere eman behar ditugu», azaldu du Neuholdek. Horien artean, estreinaldi bat egongo da: Fernando Velazquezen Viento del oeste obraz gozatuko dute BOSeko bazkideek. Inauterietako kontzertuan izango da, otsailaren 16 eta 17an.
Jazzean barruratuz
Ez dute horregatik gehiago ordainduko, azken lau urteetako prezioei eutsiko baitie orkestrak, Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusiak jakinarazi duenez. Eta orain artean bezala, bakarlari sonatuak izango dira BOSen kontzertuetan, hala nola Stefan Dohr tronpa jotzailea, Sverin von Eckardstein, Wonny Song eta Eldar Nebolsin pianistak, Guy Braunstein eta Nemanja Radulovitx biolin jotzaileak, Alison Balsom tronpeta jotzailea, Horacio Parravicini txirularia, Alban Gerhardt eta Gautier Capuçon biolontxelo jotzaileak...
Orobat, 365 Bilbao Jazzen barruan joko du BOSek, Michael Mossman tronpeta jotzailearen boskotearekin. Fernando Trueba eta Javier Mariscalen Chico y Rita filmeko musikaren egilea da, eta lan hori interpretatzeaz gain, Benathe de Mask balleteko musikaren eta beste lan batzuen orkestrarako konponketak estreinatuko ditu Bilbon. Halaber, Gabonetako kontzertua «berezia» izango dela aurreratu du Borja Pujol BOSeko zuzendari teknikoak. Ohi duenez, Bilboko Koral Elkartearekin joko du orkestrak. Elkarteak 125 urte beteko ditu, eta Haendelen Mesias emango dute. «Badirudi ohikoa dela, baina 2000an eskaini genuen azkenekoz».
Ganberako musikaren denboraldian kontzertu bat gutxiago izango da. Denera, hamar egingo dituzte, urriaren 24tik maiatzaren 21era, astelehenez. Saioetako zazpi BOSeko ganberako taldeek emango dituzte, eta gainontzeko hirurak, denboraldi sinfonikoan parte hartuko duten bakarlariek. «Hartara, gure musikarientzako nolabaiteko mintegi berezi ere izango dira», adierazi du Pujolek. Wonny Song pianistak azaroaren 14an joko du; Gautier Capuçon biolontxelo jotzaileak, otsailaren 13an; eta Boris Belkin biolinistak maiatzaren 14an. 2011-12ko denboraldiaren zehaztapenen berri emateko, hitzaldiak antolatuko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoak.
Urtebetetzerako, Schonberg
BOSek Austriako egilearen 'Gurrelieder' Bilbon lehen aldiz emanez ospatuko du 90. urtemuga, 2011-12ko denboraldianEgitarau «askotarikoa baina orekatua» eskainiko du orkestrak urritik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu