Musika

Urteurrenean, bere mugetatik haratago aritu da Rodeo taldea 'X' diskoan

Stoner doinuetara ohituta dauzka entzuleak Zestoako taldeak, baina laugarren diskoan mugak ahaztu ditu, eta doinu berriak arakatu. Hala ere, taldearen esentzia antzematen da diskoan.

Rodeo taldeko lau partaideak. RODEOK UTZIA
Rodeo taldeko lau partaideak. RODEOK UTZIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko maiatzaren 3a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamargarren urteurrena bete du Zestoako Rodeo taldeak, eta X disko berriarekin ospatu du efemeridea. Iragan hilabetean publikatu zen album berria, eta zazpi abesti biltzen ditu: Malkoak, Santangrazi, Zauriak, Distantzia, Banator, Sion mendia eta Dialektika_k. Musikalki aldaketa nabarmenak antzematen dira aurreko diskoen aldean, baina agerikoa da taldearen ohiko zigilua ere. Hala baieztatu du Beñat Subinas taldeko kideak: «Diskoak Rodeoren esentzia du oraindik. Baina instrumentuei, ahotsari eta melodiari dagokienez, eboluzio bat egon da».

Ibilbide luzea egin du Rodeo taldeak jada. 2014an elkartu ziren lau kideak, eta geroztik plazaratu duten laugarren diskoa da azken lana. Albumaren izenak keinu egin dio hamargarren urteurrenari, baina ez du hori esanahi bakarra. X hitzarekin bidegurutze bat irudikatu nahi izan dutela nabarmendu du Subinasek. «Abesti askotan pertsona baten egoera ilun bat antzeman daiteke». Horren adibide da Malkoak diskoko lehen kantuak diona: «Ez dut aurkitzen aterik/ ez dut topatzen bakerik/ galdurik nago bakarrik/ ezinegonez beterik». Hala ere, Subinasek dioenez, kantuetan tarte bat egin diete argitasunari eta esperantzari. «Hori adierazi nahi izan dugu bidegurutzearekin, iluntasunetik gune argiago batera pasatzearen ideia». 

Hamargarren urteurreneko diskoaren bidez, gainera, lan egiteko prozesua aldatzea erabaki zuen taldeak. Kontzertu andana eman dute, eta alde batetik bestera aritu dira azken urteetan. Kaleratu berri den diskoa egiteko, baina, kontzertuak emateari utzi zioten, eta oholtza gaina lokal zuloarekin aldatu zuten. Lokaleko lanari garrantzi handixeagoa ematea «hautu bat» izan zela adierazi du Subinasek: «Aurreko diskoetako abestiak inertzia baten barruan sartuta geundela sortu ditugu, eta horrela gauzak ez dira askorik pentsatzen, edo ez zaizkio nahi adina buelta ematen. Irudipena geneukan geldituz gero askoz gehiago mimatuko genuela diskoa, eta hori egiten ahalegindu gara. Ordu asko sartu ditugu lokalean».

«Inoiz baino irekiago egon gara sorkuntza prozesuan, hala mentalki nola instrumentalki»BEÑAT SUBINASRodeo taldeko kidea

Horretarako, taldean aritu dira sormen prozesuak iraun duen artean. Subinasek adierazi duenez, lehen lanetan ideiak «etxetik» eramaten zituzten; bakoitzak bereak eramaten zituen, eta lokaleko lana ideia horiei egitura ematean zetzan. Oraingo honetan, berriz, dena «espontaneoagoa» izan dela nabarmendu du: «Ideia gutxi eraman ditugu etxetik, eta abesti gehienak lokalean bertan sortu dira. Lau pertsonaren artean abesti bat egitea zailagoa da bakarrik sortzea baino, baina aberasgarriagoa ere bai».

Sormen prozesuan, ordea, gauza batek beste denak baino garrantzi handiagoa izan du taldearentzat: alderdi instrumentalak. 2024ko urtarrilean hasi ziren disko berrirako lehen ideiekin, eta urria iritsi bitartean ez ziren abesti bakoitzak zein letra izan zezakeen pentsatzen jarri. Subinas: «Hitzei dagokienez, aurreko diskoak kontzeptualagoak izan dira. Orain, ordea, azken ordura arte ez dizkiegu abestiei hitzak jarri. Instrumentalari eman diogu garrantzirik handiena, eta hitzak freskoagoak direla esan dezakegu».

«Eboluzio bat»

Hainbesteko garrantzia eman dioten alderdi instrumentalean aurki dezake beste aldaketa bat Rodeoren musika entzun ohi duenak. Stoner-rockean murgilduta egon dira oraintsu arte, baina disko berrian «mugarik jarri gabe» egin dute lan. Hori dela eta, soinu berriak eta erritmo ezberdinak antzematen dira. Ohiko soinuez gain, psikodelia, erritmo gogorragoko abestiak eta melodikoagoak diren beste batzuk ere badaude. Musikalki «eboluzio bat» dagoela uste du Subinasek: «Inoiz baino irekiago egon gara sorkuntza prozesuan, hala mentalki nola instrumentalki. Beste musika batzuk entzun ditugu, gauza berriak ezagutu nahian. Eta, sortzerako orduan, ez diogu geure buruari inolako mugarik jarri gure estilokoa ez zen zerbait sartzerakoan. Askoz disko pluralagoa dela esan daiteke, gauza askori buelta gehiago eman diogulako eta, ondorioz, abestiak landuago daudelako».

Moyra & Hybris aurreko lanarekin kontzertu andana eman zuen taldeak. Ez Euskal Herrian bakarrik, atzerrira ere egin zuen salto laukoteak. Izan ere, Suitza, Japonia eta Korean aritu ziren, besteak beste, musika eskaintzen. Pixkanaka-pixkanaka egin du bidea taldeak, eta harrotasunez mintzatu da Subinas: «Zorte handia izan dugu. Jende berria ezagutuz joan gara kontzertuak eman ahala, eta bila joan gabe iritsi zaizkigu aukera horiek». Disko berriaren aitzakian hainbat kontzertu lotu dituzte jada Euskal Herrian, eta aurrez emandako pausoei jarraitzeko asmoa agertu du Subinasek. «Berriro ere atzerrira irteteko aukera izatea gustatuko litzaiguke. Taldekideekin batera esperientzia berriak izateko aukera bikaina da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.