Bernardo Atxaga. Idazlea

«Uste dut euskaldunon ondasuna handia dela»

Igor Susaeta.
New York
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Aldi berean poza eta malenkonia sentitzen du Bernardo Atxagak New Yorken bere izena duen katedra bat sortu dela ikusteak. AEBetan euskara, euskal kultura eta Euskal Herriarekiko interesa handia dela dio.

Zer esanahi dauka zuretzat katedra honek zure izena edukitzeak?

Gabriel Aresti nire aita pontekoa izan zen literaturan, eta haren poemetan-eta zera esaten zuen: «Ez gara gure izena baizik». Nire izena, idazle modura, Bernardo Atxaga da, eta izen horrek hemengo katedra bati izena ematea, ba… Batetik poz handia da, eta bestetik malenkonia. Izan ere, iruditzen zait bide bat ibili dudala jada, pauso asko emanak ditudala.

Zer-nolako jarrera eduki dute mintegian parte hartu duten ikasleek?

Stanfordeko esperientzia gogoratzen dut, adibidez… Ez nabil esajeratzen: ikasleek euskararekin, euskal literaturarekin eta Euskal Herriarekin, oro har, duten interesa harrigarria egiten zait. Behin gogoratzen dut, hemenAEBetan edukitako batzar batean, idazle hebrear batek zera esan zidala: «Nik, hebrear modura, uste nuen guk erakarriko genuela atentzioa, baina ikusten ari naiz galdera guztiak zuri egiten dizkizutela».

Zergatik horrenbesteko interesa?

Benetan uste dut euskaldunon ondasuna handia dela. Eta ez dut esateagatik esaten. Ez, ez. Asko pentsatu ondoren, esperientzia asko eduki ondoren hausnartutako zerbait da.

Euskara mapan ageri da, beraz.

Beno… Ez dakit, baina Hego Korean publikatu berri dut, adibidez. Tira, 2.500 ale… Hortaz, zer? 500 bat hegokorearrek irakurriko dute liburua? Beno, mapan egoteko modu bat da, ezta? Baina biltegitik, ahanzturatik gauzak atera eta errekuperatzen baditugu, mapan askoz ere nabarmenagoa izango da gure posizioa.

Zer esan nahi duzu?

Tira, esango dut bada. Asun Garikano, nire emaztea, hemen zegoen gaur. Berak Far Westeko Euskal Herria liburua publikatu zuen. Baina XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Kalifornian bizi izan ziren euskaldunei buruzko liburu bat egiten ari da orain. Eta, literalki, harrigarria da. Stanforden emandako klaseetan, gogoratzen dut hango kale izen batzuen berri eman niela ikasleei: Arrillaga, Lasuen… Arantzazutik jende asko joan zen Kaliforniara garai batean. Gogoratzen Bushek Aznar beharrean «Ansar» esan zuela? Nire emaztearen teoria da, eta ez diot hari lapurtu nahi, baina haren esanetan, Bushek «Ansar» esan zuen, Ansa oso izen arrunta delako Texastik Kaliforniara. Ansa, Hernanikoa zena… Uste dute italiarra dela, danimarkarra… Hor lan egin behar da, atera; poetak zioen bezala, aitzurrarekin atera hor dagoena.

Uste dut euskaldunontzat oso garrantzitsua dela guk geure buruaz irudi ona edukitzea. Eta hori transmititzen saiatu behar dugu. Gizarte langile, aktibo eta alaiaren irudia transmititzen ahalegindu behar dugu.

Katedra hau, ekimen hau, horretarako baliagarria izan al daiteke?

Dudarik ez dut hau erresonantzia kaxa bat dela. Izan ere, katedra gauza bat da, baina gero, agian, hemen eman diren eskolen testuak publika daitezke, adibidez. Hedatu egin daitekeela, alegia, pixkanaka bada ere.

Atzerrian gauza exotikoa al da euskara?

Bai. Interesa pizteko arrazoietako bat da exotikoa izatea. Humboldt eta Leibnitzen arreta piztu zuen adibidez, eta segituan hartu zuten haiek Euskal Herrirako bidea. Hortaz, mespretxatzen duen jendeari erreparatzen ibili beharrean, hizkuntzaren edertasuna goratu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.