Liburu aipagarrien zerrenda «majoa» izan da aurten, Alex Gurrutxagaren iritziz. «Narratiba arloan, idazle kontsakratu zein ezezagunagoen lanak agertu dira —Ramon Saizarbitoria, Karlos Linazasoro, Luis Garde, Gorka Zabarte, Jose Enrike Urrutia Capeau edo Bea Salaberri—; poesia liburu ederrak ondu dituzte Juan Kruz Igerabide, Gerardo Markuleta edo Jon Gerediagak; eta mota askotako saiakeren artean, hor daude, adibidez, Iñaki Aldekoarena edo Kepa Altonagarena. Zoritxarrez, iaz ez bezala, nabarmena da emakumezko ahotsen falta».
«2015eko literatur uzta ez da 2014koa bezain epatantea izan», Hasier Rekondoren ustez, «bainakalitatezko poesia helduaren berreskurapena ekarri digu, eta ez da gutxi. Literatura pausatuagoa eta ez hain esperimentala nagusitu da». Zerrendarako hautatu dituen hiru liburuez gain, «ustekabe atseginak loratu dira», Rekondoren ustez: «Bea Salaberriren narrazio labur kasik proustiarrak nabarmenduko nituzke. Haren Baionak ez daki (Susa) estreinako liburua gertatu da urteko ezustekorik distiratsuena. Eleberriaren gune definitzeko zailean, ordea, ez da urte hain erakargarria suertatu —2014arekin alderatuta bederen—, Aritz Gorrotxategik Koldar hutsa zara-rekin (Erein) egin ahalegin 'politikoki ez zuzena' kenduta».
Literatura itzuliak «uzta joria» ekartzen jarraitzen duela nabarmendu du Gurrutxagak, eta «letra larrizko aipamena» merezi duela Xabier Olarrak euskaratutako James Joyceren Ulises-ek.
ALEXGURRUTXAGA
Literatur kritikaria
'Zu'
Egilea: Anjel Lertxundi. Argitaletxea: Erein.
Hainbat lanetan jorratu izan ditu Lertxundik gaixotasuna eta heriotza, baina Zu mugarri bat da haren literaturan. Hari nagusiari —minbizia— tiraka, maitasun, harreman eta artearen eremuetan nabigatzen du egileak, besteak beste. Minbiziaren ingurukoak zuzen eta zintzotasunez lantzen ditu, irakurlearen konplizitatea lortuz, eta, horrekin batera, gaixotasunaren inguruko literatura asko batzen du eleberrian. Lertxundiren literaturan bezala, Zu mugarri bat da gaitzaren literaturan.
'Mundua betetzen zenuten '
Egilea: Tere Irastortza. Argitaletxea: Pamiela.
2015ak utzi digun poemategi interesgarrienetakoa da Irastortzarena. Heriotza eta bizitza ditu poetak olerki gai, akabera absolutua eta eguneroko bizimodua: denboraren geldigaitza, gizakiaren larridura eta heriotzak zabaltzen duen galdera orokorraren erantzun ezinezkoa. Estiloz poesia fragmentarioa da, metrikaz librea, eta batez ere hitz bakoitzaren indarrean bermatzen da. Gordin baina edertasunez abesten ditu egileak existentzia eta haren muga.
'Beti oporretan'
Egilea: Harkaitz Cano. Argitaletxea: Susa.
Hamalau ipuin bildu ditu Canok liburuan. Opor eta bidaia giroa da nagusi, baina anitzak dira gaiak eta kontamoldeak, gertaerak eta tonuak. Azpimarratzekoa da, batetik, ipuinek tentsioari nola eusten dioten, eta, bestetik, narratzaileek daukaten begirada ironikoa —eta are gordina—. Egileak modu original eta esanguratsuan erabiltzen ditu elementu tematiko eta sinboliko txikiak, eta bikainak dira umore puntua eta, batez ere, estilo soil baina poetikoa.
HASIER REKONDO
Literatur kritikaria
'Literatura Hiztegi Tekniko Laburra'
Egilea: Karlos Linazasoro. Argitaletxea: Elkar.
Literatura hiztegi tekniko-aren moldean aurkezten bazaigu ere, Linazasororen lan poliedrikoak molde ugari jorratzen ditu, ezin ironikoago: ipuina, poesia, aforismoa, nobela laburra. Genero guztietan agertzen du erudizio fina eta talentu aparta. Esperimentazio etengabeetan murgiltzen du irakurlea tolosarrak.Urteko liburua ezbairik gabe, edozein euskaltzainek idatzi nahiko lukeena. Gehiegikerietan erortzen denean ere, ez zaigu mingarri egiten.
'Argia, lurra, zuhaitza, zerua'
Egilea: Jon Gerediaga. Argitaletxea: Pamiela.
Idazleen poeta edo poeten poeta. Biak ala biak eta zerbait gehiago. Poesia umotua, naturaren isiltasunaren eta adierazgarritasunaren testigu. Gure letretako aingura minimalista. Literaturaz kanpo dena zaio soberakin Gerediagari. Udaberriro, adaburuak berdatzen dira, Gerediagaren poemok infinituki berdatzen dira. Eta guri, hilkor besterik ez garenoi, irakurtzea besterik ez zaigu geratuko. Primadera amaigabea heldu arte.
'Denbora bere lekura'
Egilea: Gerardo Markuleta. Argitaletxea: Erein.
Denboraren atzetik doan poeta eta denboraren soslaia aurkitu duena. Gardentasun lirikoa darabil lanabes gisa, ondo aletutako poema bilduma honetan. Kasu honetan ere, bonsaiak inarrostea legez, poesia argitasunaren zirrikituetan barrena abiatuko da. Denbora galduaz ari bada ere, poeta presente eternalaren aztarnak aurkitu ditu baiki. Egunerokotasuna eta pentsamendua bat eginda, biak ala biak edertasunaren iheskorraren atzetik.
IRAITZ URKULO
Literatur kritikaria
'X hil da'
Egilea: Alaine Agirre. Argitaletxea: Elkar.
Alaine Agirre irudimen biziko eta sentsibilitate handiko idazlea da. Bere bigarren eleberrian deserosotasun goxo bat eragiten duen gaia aukeratu du: maite duzun/zaituen horren heriotza. Hitzak musika bihurtzeko dohainaren jabe izanda, ezinezkoa da esaldien sintaxi, erritmo eta intentsitatearen konbinaziotik sortutako doinu liluragarriari ihes egitea. Diskurtsoaren zintzotasuna hain boteretsua da, non neska protagonistaren biluzte emozionalaren lekuko huts izateari utzi eta haren konplize bilakatzea beste aukerarik ez dagoen.
'Soldaduaren itzulera'
Egilea: Rebecca West. Itzultzailea: Maialen Berasategi Catalan. Argitaletxea: Igela / Erein.
Lehen Mundu Gerran zauritua, Christopher Baldry soldadua etxera bidali dute. Azken hamabost urteetako oroitzapenak galduta, Kitty emazteaz oroitu beharrean, Margaret du buruan, gaztetan maite izandako baina orain ezkonduta dagoen klase apalagoko neska. Eleberriak bi emakumeen arteko lehia isila jasotzen du, mundu zaharreko arauak zalantzan jarriz eta «gauzen berezko ordenaren ankerkeriaz» ohartaraziz. Maialen Berasategi Catalanen itzulpen zoragarrian, diskurtso lasai eta harmoniatsuak pertsonaien baitako ekaitza iragartzen du. West, deskribapen luze eta adiera sakonekoetan atsegin hartuta, bikain moldatzen baita hitz potolo artean.
'eSPedizioa. Mendi ororen pisua'
Egilea: Juanra Madariaga. Argitaletxea: Txalaparta.
Idazleak Sisha Pangma zortzimilakoaren gailurra zapaldu zuen 2011n. Eguneroko bat eta Unai Elorriagaren SPrako tranbia motxilan, Lucas protagonista bidaide bihurturik, eta mendizale handi ugarik bizitakoa gogoan burutu zuen igoera. Espiritu apaleko gizakiaren txikitasunak eta ekintzaren epikotasunak bat egiten duten lekutik mintzo da poeta. Hauxe kronikaz mozorrotutako poesiarik puruenaz sortutako obra hunkigarri bat delako. Nork esango zukeen irakurketaren bidez, arnasa estu eta malkoak begietan, zortzimilako baten gailurra zapaldu zitekeenik.
HAURETAGAZTE LITERATURA
IMANOL MERCERO
Literatur kritikaria
'Akim ihesi'
Idazlea eta ilustratzailea: Claude K Dubois. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.
Urteko argitalpenik onena da, duda askorik gabe. Irudidun narrazio bat da, ia ehun orrialdekoa. Berehala irakurtzen da, irudiak jarraitzea nahikoa da, nahiz eta testua ere baduen. Arkatzarekin eta urmargo sepiekin dauden ilustrazioek giroa ez ezik lekua iradokitzen dute: Ekialde Hurbila. Ederra da lana, gaitasun narratibo handikoa, eta tristea. Arkatz arrastoek eskematikoki urratutako herrixkara gerra nola iritsi den azaltzen digute, eta hor hasten da Akimen ibili harritua, hats gabea, itxaropenera behartua.
'Oz-eko azti harrigarria'
Idazlea eta ilustratzailea: Lyman Frank Baum. Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide. Argitaletxea: Denonartean.
Aurten argitaratu diren haur literaturako klasikoen itzulpenen artean Ozeko aztiarena da aipagarriena. Bazen garaia, testu bikainari Juan Kruz Igerabidek neurri bereko itzulpena egin diolako. Halere merezi du gogoratzea aurten iritsi zaizkigula Carrollen Alizia herrialde miresgarrian itzulpen berritu eta hobetuarekin, Munarik eta Sendak bikotearen Hartz txiki bost liburuko saga harrigarriki goi mailakoa, eta Shel Silversteinen Arbola eskuzabala enigmatikoa, diskurtso filosofiko interesgarrikoa.
'Olentzero eta Mari Domingi'
Idazlea: Pello Añorga. Ilustratzailea: Jokin Mitxelena. Argitaletxea: Elkar.
Euskal idazleen aurtengo ekoizpenetik zaila da bat besteengandik nabarmentzea. Lan onak argitaratu dira, baina ez dago bereziki nabarmentzen denik. Balio erantsiei begira, Añorga eta Mitxelena bikote banaezinak eskaini diguten euskal mitologiaren berrirakurketa nabarmendu dela iruditu zait. Neguko solstizioari begirako testuek izan ohi duen kutsu elizkoitik askatuta, proposamen bateratzaile originala ehundu dute, paganoak zein kristauak, euskaldun guztiak kontent uzteko modukoa.