Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) Euli-giro (Susa) kaleratu du, bederatzi ipuin biltzen dituen liburu bat. Helduentzako literaturaren arloan hirugarrena du egileak. Aurreko biak Aulki bat elurretan ipuin liburua (Elkar, 2007) eta Aulki-jokoa eleberria dira (Elkar, 2009).
«Bat izan ezik, ipuin denak gaurko garaian kokatuta daude”, Alberdik azaldu duenez. “Baina ipuinak euren artean oso diferenteak dira». Izenburuan aipatzen den euli giro hori ez da hasieratik pentsatutakoa. «Nire helburua ez da izan euli giroa zeukan ipuin bilduma bat sortzea. Ipuinez ipuin banaka idatzitako piezak dira. Baina egia da ipuin guztietan pisu handia daukala atmosferak. Ipuin bakoitzak bere atmosfera dauka, ez dira denak berdinak, baina ezinegon bat bada guztietan, pertsonaiak ez daude lasai”.
Ipuinak idazteko prozesua ez da izan egilearen aurreko ipuin liburuko —Aulki bat elurretan, Elkar, 2007— berbera. Liburu hartako ipuinak idazteko, «irudietatik» abiatu zen Alberdi: «Irudi bat iradokorra iruditu, eta haren inguruan harilkatutako istorioak ziren». Haiek ez bezala, Euli-giro-koak «barrutik kanpora» sortuak direla iruditzen zaio, sentipen bat izan baitu beti abiapuntu. Hau izan da, egilearen hitzetan, ipuin bakoitza osatzeko eman dituen pausoen hurrenkera: «lehenengo sentsazio bat sentitu; sentsazio horrek giro bat iradoki; gero, giro hori ezagutu; giro horretan kokatutako pertsonaiak sortu; eta pertsonaia horiek jokoan jarri».