«Ez adinarekin, ezta arrakastarekin ere ez da batere bigundu, ez da batere uzkurtu, bere ibilbide hasieran bezain borrokalari jarraitzen du, berdin-berdin». Francisco Calvo Serraller Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oteiza Katedraren zuzendariaren hitzak dira horiek, Richard Serra eskultore estatubatuarrari buruz esandakoak. Serraren hainbat idatzi eta hari egindako hainbat elkarrizketa sakon biltzen dituen liburua argitaratu du NUPeko Oteiza Katedrak. Atzo aurkeztu zuten Guggenheim Museoan —Serraren Denboraren materia obra dago han modu iraunkorrean—. Bizirik dagoen «eskultore garrantzitsuena» da Serra, Calvo Serrallerren hitzetan. 1972tik 2008ra bitartean idatzitako testuak eta egindako elkarrizketak bildu dituzte liburuan.
Ez da lan laburra, ondo mardula baizik. 540 orrialde dauzka. Artista kaliforniarraren pentsamendu teoriko sorkuntzazkoajasotzen dute orri horiek guztiek. Eskultoreak berak egindako 57 testuk eta hainbat arte kritikarik egin dizkioten elkarrizketek osatzen dute obra.
Artearen historian aditua da Calvo Serraller. Hark azaldu zuen Serraren «sorkuntza biografia» xehatzen duela liburuak, eta, era berean, eskulturak azken 30 urteetan izan duen bilakaerari errepasatzen diola. Serraren biografia eskulturagintzarenarekin pare-parean doa. «Eskultura modernoaren une garrantzitsu guztietan izan da, eta eraldaketa guztietan parte hartu du».
Izenondo ugari jar dakizkioke artista estatubatuarrari, haren ibilbide oparoari eta utzi duen itzal handiari erreparatuz gero. Horrela definitu zuen Calvo Serrallerrek: «Oso pertsona grinatsua da, konplexua, azkarra, sakona, eta, gainera, oso ausarta, polemikoa, erradikala eta apasionatua, inolako gairi muzin egiten ez dion sortzailea, eta, are, zenbaitetan muturreko egoerak sorrarazi dituena.
Aita Mallorkakoa (Balear Uharteak) eta ama errusiarra zituen. San Frantziskon jaio zen, 1939an. Literatura ikasi zuen aurrenik, Berkeley eta Santa Barbarako unibertsitateetan (1957-1961). Altzairutegi batean jardun zuen lanean bolada batez, eta han ikusi eta ikasitakoak bultzatuta ekin zien arte ikasketei Yaleko unibertsitatean (1961-1964).
Polemikara emana
Serraren lehen lanak erabat abstraktuak izan ziren, eta minimalismoaren ikur bihurtu zen 60ko hamarkadaren amaieran Prop edota Belts seriei esker. Urteek aurrera egin ahala, haren fama handitzearekin batera handitu ziren haren obren tamainak ere, eta galerietatik kalera jauzi egin zuten.
Haren zenbait lanek polemika handiak sortu izan dituzte. 1981ean New Yorkeko Plaza Federalean jarritako Tilted Arc lanak, esaterako. Hiru metro eta erdiko garaiera, ia 40ko luzera eta zentimetro gutxi batzuetako lodiera, metalezko horma moduko bat. Hiritarrek hala eskatuta, beste norabait aldatzea erabaki zuten agintariek, eta Serrak uko egin zion. Edo berak nahi zuen lekuan, edo eskultura suntsitu egingo zuela. Eta halaxe egin zuten 1989an, txatar bihurtu zuten. Tonu probokatzailearekin zera esan zuen orduko hartan: «Artea ez da plazer iturri. Artea ez da demokratikoa, ez da herriarentzat».
Alabaina, hark esandako hori gezurtatu egiten dute hare lan gehienek. Oro har , bere eskulturek ez baitute ez lekurik ez jenderik azpiratzen. Esaterako, Serra ez da azken urteetan eskultura arkitekturan txertatzeko joera normalizatura lerratu. Eskultore askok eta askok euren lanak hiriko plazetan eta enpresa talde handien eraikuntzen aurrean jarri besterik ez dute egin. Serrak, aldiz, uko egin dio horri guztiari.
Uzkurtu ez den sortzailea
Richard Serraren idatzi eta elkarrizketak biltzen dituen liburua plazaratu du NUPeko Oteiza katedrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu