Uztailaren 16tik abuztuaren 1era egingo dute Erriberriko 22. Antzerki Jaialdia

Egitarauan askotariko proposamenak egongo dira. Nafarroako konpainien 11 emanaldi eskainiko dituzte.

Festibalaren aurkezpena, gaur, Iruñeko Baluarte jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2021eko maiatzaren 17a
18:56
Entzun

Aurten ere Erriberri (Nafarroa) antzerki klasikoaren egoitza bihurtuko da hainbat egunez, udan. Uztailaren 16tik abuztuaren 1era egingo dute Erriberriko 22. Antzerki Jaialdia, diziplina anitzeko programazio batekin. Nafarroako hainbat konpainia eta Espainiako eszenako ibilbide nabarmeneko beste batzuk izango dira, eta musika, poesia, antzerkia eta dantza uztartuko dituzte, Arimaren bideetan zehar lelopean. Sarrerak ekainaren 1ean jarriko dituzte salgai.

Egitarauan, Federico Garcia Lorca, William Shakespeare eta Leon Felipe klasikoak daude, besteak beste, bai eta Raymond Carver eta beste egile garaikide batzuk ere. Nafarroako antzerkia konpainien 11 proposamen daude programazioan, horietako bost Erriberriko jauregiko La Cava agertokian taularatuko dituzte: Amico taldearen Tránsitos (Trantsitoak), El Sol de Yorken Chicos y chicas (Mutilak eta neskak), Iluna Produkzioen Vencidos (Garaituak), La Caja Flotanteren Beautiful Stranger (Ezezagun ederra) eta The Lyrical View-ren Oinak Lurrean.

Urtero bezala, oholtza nagusia hori izango da, La Cava. Jaialdiaren inaugurazioa uztailaren 16an izango da, ostiralarekin, Carmen Linaresen flamenko ikuskizun batekin, artista horren berrogei urteetako ibilbidean oinarritutakoa. Oholtza horretaz gain, jaialdiak betiko gainerako egoitzak hartuko ditu —Erriberriko Teobaldoen plaza eta kultura etxea, eta Tafallako kultura etxea— eta horiei batuko zaie Beireko Ezpeleta Jauregia.

Antzerki Poetika zikloan parte hartzeko aukeratutako konpainia nafarrak dira Inextremis, Superhombre (Supergizona) lanarekin; Cardo Films, Viaje a pie-rekin (Bidaia oinez); Tdiferencia, Adrenalina, feniletilamina, oxitocina y otras hormonas (Adrenalina, feniletilamina, oxitozina eta beste hormona batzuk) lanarekin, eta La Cuerda Teatro, Vacío-rekin (Hutsa). Bakoitzak hiru emanaldi eskainiko ditu. Jaialdiak eskaintzen duen egonaldian, berriz, La Banda antzerki eta zirku taldeak parte hartuko du, eta Devenires (Bilakaerak) proiektua garatuko du. Abuztuaren 1ean izango da, igandean, Erriberriko Kultur Etxean.

Juan Carlos Rubio da aurtengo zuzendari gonbidatua. Gema Matarranz eta Marta Megiasek antzeztutako La isla (Irla) obra aurkeztuko du, eta dramaturgia tailer bat ere eskainiko du, Erriberriko kultura etxean, uztailaren 19tik 23ra.

Hemen ikus daiteke egitarua, osorik.

«Konbentzimendu osoz»

Jaialdiaren aurkezpenean, gaur, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak azpimarratu du kultura «segurua» dela, eta, aldi berean, «beharrezkoa», eta iaz jaialdia antolatzera eraman zituen konbentzimendu berarekin ekin diotela aurtengo edizioari. Ziurtatu du badakitela herritarrek antzerkiaz gozatzeko premia dutela: «Oihala altxatzen ikusteko eta istorioekin eta artearen lengoaiekin geure burua eramaten uzteko gogoek hor jarraitzen dute, eta jaialdi honek konpainien eta artisten lanaz gozatzeko aukera ematen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.