Artea

Valdesen bildumaren misterioa argitu du Bilboko Arte Ederren Museoak

Felix Fernandez Valdes enpresari bilbotarraren arte bilduma berregin du erakundeak, eta haren parte ziren 79 artelan bildu dituzte, XIV. mendetik XX. menderainokoak. Zuloaga, Ribera, Van Dyck, Goya, Modigliani eta Delaunayren lanak daude tartean.

Grekoaren margolanak ere ikus daitezke Bilboko Arte Ederren Museoak zabaldu berri duen erakusketan. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Inigo Astiz
2020ko urriaren 6a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain arte kondaira moduko bat izan da arte historialarientzat Felix Fernandez Valdes enpresari bilbotarraren arte bilduma. Bazuten haren existentziaren berri, ezaguna zen haren kalitatea, jakina zen Francisco Goyaren Santa Cruzko markesa haren parte zela, baina bilduma osoaren arrasto gutxi batzuk baino ez zituzten zehatz ezagutzen. Familiaren argazki album batetik abiatuta, eta bi urte erdiko ikerketaren ondoren, enpresariaren 400 artelan inguruko bilduma osoa berregin ahal izan du orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta haren parte izandako 79 artelan jarri ditu ikusgai orain Valdés bildumako maisulanak erakusketan. 1976an hil zen bildumagilea, eta, urteekin, sakabanatuz joan ziren harenak izandako lanak. Eta haien atzetik aritu behar izan dute Maria Pilar Silva-Maroto eta Javier Novo komisarioek. Aurrez sekula erakutsi gabeak ziren orain ikusgai dauden lanetako asko. Otsailaren lehenera arte egongo da zabalik erakusketa museoko bigarren solairuan. «Haren ikuspegiaren zabaltasuna ikus daiteke».

Enpresariaren erretratu batekin abiatzen da ibilbidea, eta Bilboko Kale Nagusiko 15. zenbakiko bigarren solairu osoa hartzen zuen etxearen argazki bat ere ikusi ahalko du bisitariak azalpenen ondoan. Lehen-lehen mailako artelanez beteta daude hormak. Anton van Dyck bat han, Jose de Ribera bat hemen, Francisco de Zurbaran bat harago, Grekoa... 400 metro koadro inguru bete arte. XIV. mendeko margolanetatik hasi eta XX. mende erdialderainokoak. Egongelan. Logelan. Etxeko kaperan. Kuttunenak baino ez zituen han, ordea, zeren eta, familiak esandakoaren arabera, zazpi seme-alaben etxeetara eramaten baitzituen etxeko hormetan sartzen ez zitzaizkionak. Antzinako artetzat jotakoak hartzen zuen bilduma erdia, eta arte moderno izendatutakoak beste erdia. Eta, gutxi gorabehera, proportzio horiek mantendu dituzte Bilboko erakusketa antolatzeko ere. Erdi eta erdi, eta ordena kronologikoan.

Hitlerrentzako oparia

Eta erakusketaren erdialdean, Goyaren margolana da bi isurialde historikoak bereizten dituen tontorra. Joaquina Tellez-Giron y Pimentel ikus daiteke bertan, zetazko ohantze baten gainean alboz etzanda, musikaren musaren irudikapenekin lotu ohi den lirarekin eskuan; eta lauburu txiki baten irudiak apaintzen du musika tresna. Hori da erakusketako lanik garrantzitsuena, komisarioen hitzetan, eta baita mugarri lanak egiten dituena ere. Antzinako artea haren aurretik, arte modernoa haren ondoren.

Francisco Franco diktadoreari berari erosi zion margolana Fernandez Valdesek 1947an, haren lehengusu Francisco Franco Salgado-Araujoren bitartez, milioi eta erdi pezetaren truke, baina, lehenago, Adolf Hitler diktadorearentzako oparitarako erreserbatuta eman zituen hainbat urte. Lauburuagatik. Svastika naziaren oihartzuna ikusten zuten irudi hartan sasoiko agintariek, eta horregatik aukeratu zuten. Francok mugimendua argi ikusi ez, ordea, eta itxarotea erabaki zuen, harik eta, azkenean, Hitlerren gainbehera ikusirik, oparia egiteak zentzua galdua zuen arte, eta ezerezean geratu zen diplomazia eta espioitza lan guztia.

Zurrumurru faltsuak

Sekretuz eta zurrumurruz beteta dago margolanaren historia, ordea, Silva-Maroto komisarioaren hitzetan. Besteak beste, inon ez dago lanak Francoren eskuetan nola bukatu zuen zehazten duen dokumenturik, ez eta erosketaren edo ordainketaren arrastorik ere, baldin eta erosita eskuratu bazuen. Eta justu-justukoa da Francoren aipamena ere Fernandez Valdesen erosketa agirietan. Enpresariak behin eta berriz egin zituen eroslea zein zen zehazteko eskariak, baina isiltasuna besterik ez zuen jasotzen erantzun modura. Eta bankuaren ordainketaren bazter batean soilik ageri da diktadorearen aipamena, lehengusuaren sinadurapean, eta, betiere, zeharka.

Kondairarako lehengai ona da sekretua, eta, 1940an, Francok koadro hura Hitlerrekin Hendaian izandako enkontrura eraman zuela ere kontatu izan dela gogoratu du Silva-Maroto komisarioak, azkenean ez ematea erabaki bazuen ere. Haren hitzetan, inolako oinarririk gabekoa da uste hori, ordea. «Ez da egia». Edonola ere Fernandez Valdesen bilduma koadro bakar hori baino askoz ere gehiago dela nabarmendu du historialariak.

Erlijiotasuna eta begirada

Erlijiotasuna zuen bildumaren leitmotiva, Silva-Marotoren hitzetan. Eta Zurbaran zuen artista kuttunetako bat, antzinakoen artean. Baina bildumagilearen zaletasunen zabaltasuna nabarmendu du Novok. Badira gotiko berantiarreko triptikoak, eskultura barrokoak, Mariano Fortunyren lanak, Eduardo Rosalesenak, Dario de Rogoyosenak, Robert Dellaunayrenak. Erromatik Parisera heldu berri zen Amedeo Modiglianiren akuarela bat. 

Joaquin Sorollaren bilduma nabarmena ere izan zuen, esaterako. Bainuaren ondoren izeneko koadroa nabarmendu du komisarioak haien artean. Eta, hain zuzen ere, margolan hori dagoen aretoan ikus daiteke argien bildumazalearen gustu aberatsa, ia-ia horma berean egiten dutelako bat Sorollaren eguerdiko argi puruko koadro alaiek eta sasoi hartako pobreziaren, miseriaren eta iluntasuna erakusten duten Ignacio Zuloagaren, Jose Gutierrez Solanaren zein Isidre Nonellen koadroek.

Familiatik jaso zuen enpresa Fernandez Valdesek. Tomas Urkixo ontziola jabe eta bildumagilea zuen osaba, eta haren eskutik jaso zuen bere bildumaren abiapuntutzat hartzen den Grecoren Kristo gurutziltzatua ere. «Hori da bildumako zero pieza», zehaztu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak.

Ibarrola amaitzeko

Zura, palma olioa eta kakaoa inportatzen aritzen zen Fernandez Valdes, Ginea oraindik Espainiaren menpeko kolonia zen sasoian, eta han egindako diruarekin erosten zituen bildumarako artelanak. Komisarioen hitzetan, frankismoak emandako inportaziorako baimenari esker egin zuen negozioa Fernandez Valdesek, baina ez dute diktadorearen erregimenarekin bestelako harremanik zeukala adierazten duen bestelako daturik topatu. «Ez zen Francoren zaleegia», zehaztu du Silva-Marotok, «gehiago zen monarkikoa». Eta, zehaztu dutenez, bada 1936ko Gerran Eusko Jaurlaritzaren artelanak babesteko programarekin bat egin zuela zehazten duen dokumentu bat ere.

Azkeneraino jarraitu zuen artelanak bildumatzen, eta horren erakusle izan nahi du erakusketa ixten duen margolanak, Agustin Ibarrolaren hastapenetako Barrualdea. XX. mende erdialdetik aurrera ere lanean ari ziren hainbat euskal artistaren lanak erosi zituela zehaztu dute historialariek. Novo: «Bildumak hartzen duen tarte kronologiko osoaren irudia eskaintzeko balio du Ibarrolak, guztira, bost mende hartzen baititu, beti kalitateari eutsiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.