Valerie Juneren (Jackson, Tennessee, AEB, 1982) ibilbideak mugarri bat izan zuen 2013. urtean. Ordura arte, abeslari eta gitarristak bi disko zituen argitaratuak bere kasa, biak ala biak apaingarri handirik gabe folk eta blues tradizioari begiratzen ziotenak: The Way of the Weeping Willow (2006) eta Mountain of Rose Quartz (2008). Baina 2013 hartan Dan Auerbach The Black Keys taldeko kide eta produktore ezagunak ekoitzitako diskoa argitaratu zuen Valerie Junek, Pushin’ Against a Stone, esentziari fidel izanda ere, bestelako ñabardurak erakusten zituena. Orduz geroztik, musikari estatubatuarrak beste hainbat lan kaleratu ditu —The Order of Time (2017), The Moon and Stars: Prescriptions for Dreamers (2021)—, eta bere soinu paleta zabaltzera jo du, popa eta soula ere gehituz bere proposamenera, eta esperimentatzeko gogoa ere erakutsiz. Orain dela hamabi urte hasitako norabide aldaketa horren azken emaitza oraintsu eman du argitara Valerie Junek: Owls, Omens and Oracles.
Valerie Junek beti jakin izan du nortasun handiko musikari eta ekoizlez inguratzen —Auerbachez gain, Richard Swift zenarekin eta Jack Splashekin (Alicia Keys, Kendrick Lamar) egin du lan—, eta, hala ere, bere nortasunari eusten. Owls, Omens and Oracles-en, hain zuzen ere, M. Ward musikari eta ekoizlea izan du alboan kantari estatubatuarrak, eta nabari da emaitzan.
Erlazionatuta
Hau ere ez da ahaztu behar: M. Wardek musika akustikoan izan zuen abiapuntua —gitarrista bikaina da—, eta azkeneko hogeitik gora urteotan, bakarka eta proiektu paraleloen bitartez (She and Him, Monsters of Folk), popa, soula, rhythm & bluesa eta folka landu ditu. Eta halere, bere musika beti izan da ezaguterraza, genero bat bere horretan.
Soinu bat eraikitzea
M. Wardek eta Valerie Junek 2016an egin zuten lan elkarrekin aurrenekoz. Wardek Mavis Staplesen Livin’ On a High Note diskoa ekoitzi zuen, eta, hura hainbat artistak propio idatzitako kantuz osatuta zegoenez, Valerie Juneri ere eskatu zion bat: High Note. 2013an egun berean jo zuten biek Newporteko jaialdian, eta hilabete batzuk geroago Hardly Strictly Bluegrassen berriro izan ziren elkarrekin. Orduan hasi ziren eskuz esku lan egiteko ideiari bueltaka.
Azkenik, iaz, Los Angelesen duen estudiora gonbidatu zuen Wardek Valerie June, eta han grabatu zituzten Owls, Omens and Oracles osatzen duten hamalau kantuak. Gainera, Wardek Norah Jones eraman zuen Sweet Things Just For You kantuan abes zezan, eta Valerie Junek, berriz, The Blind Boys of Alabama taldea bildu zuen proiektura (Changed).
Nabari da M. Warden eskua Owls, Omens and Oracles-en; haren lanetan bezala, Valerie Junerenean ere hainbat estilo batzen dira. Wardek beti erakutsi du gustuko dituela 1960ko hamarkadan oinarri hartzen duten soinuak, eta hori ere igartzen da diskoan. Hala, All I Really Wanna Do-k hamarkada hartako girl-group-en ahairea du, Love Me Any Ole Way Roy Orbisonek abestua irudika lezakete zenbaitek, eta Endless Tree-k, zeinak erritmo dantzagarria baitu, Motown diskoetxeko kantuen zigilua dauka. Joy Joy!, berriz, izenburuak adierazten duen moduan, poza transmititzen duen soul pieza sendoa da, single erabatekoa.
Baina balada hauskor bezain sentikorrekin (Trust the Path) eta eskola zaharreko bluesarekin (Changed) ere ausartzen da Valerie June, eta baita kantu espiritual bat a cappella abestera ere (Calling My Spirit). Ahots hori baitu kantariak bere indarguneetako bat. Goi erregistroetara aise iristen den ahots pertsonal bezain zirrara-eragilea.