Simon Boccanegra-n Giuseppe Verdik bere pentsamendu politikoaren ardatzetako bi landu zituen. Italia batzearen aldeko agertu zen, ideia horretan indar eginez, eta bizitza osoan horrenbeste interes sortu zioten aita-alaben arteko harremanetan sakondu zuen, aurrenekoz emakume bat hiltzen ez deneko lan bat onduz. Simon Boccanegra-n «heriotza eder bat» dagoela baina hura aitarena, alegia, Simon Boccanegra pertsonaiarena, dela nabarmendu du Jean Paul Laka OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteko zuzendari artistikoak, Simon Boccanegra Verdiren «testamentu politiko» gisa definitzearekin batera. Parmako (Italia) Regio antzokiak ekoitzitako obra etzi aurkeztuko dute Bilboko Euskaldunan, 20:00etan. Eta, ohikoa denez, beste hiru saio emango dituzte ondorengo egunetan, hilaren 27an, 30ean eta urriaren 3an.
Ainhoa Arteta sopranoa izango da Amelia, hots, Simon Boccanegraren alaba. Lehen aldiz jokatuko du rol hori, eta oraingoz pertsonaia bere egiteko lanean, «ikasteko prozesuan» dagoela esan du. «Zailtasun tekniko handiko pertsonaia da, obra honetako gainerakoak bezala». Baina Donato Renzetti zuzendari musikalarekin lehenagotik ere lan eginikoa da, eta elkar ezagutzea «oso lagungarria» izaten ari dela adierazi du Artetak, «ezinbestekoa».
George Gagnidze baritonoak antzeztuko du Simon Boccanegraren pertsonaia. «Drama liriko handia» dela dio, «samin izugarriko melodrama modernoa». Nolanahi den, argudio politiko eta sozialaren mesedetan, amodio tragikoak ez omen zuen XIX. mendeko ikus-entzuleek espero zuten adina indar, eta harrera hotza egin zioten estreinaldian.
EOS eta Bilboko korua
1857an estreinatu zuen Verdik, Venezian. Arrigo Botok lana berrikusi zuen urte batzuen ondoren, eta zenbait moldaketarekin, 1881ean aurkeztu zuten ostera ere, Milanen. Arrakasta handia erdietsi zuen orduan. Eta denboraren poderioz jatorrizko lanaren bertsio hura gailendu da.
Huraxe da, Hugo de Ana eszena zuzendariaren gidaritzapean, OLBEk aurkeztuko duena. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Operako Koruak ere parte hartuko dute lanean.
Halaber, pasioz beteriko Gabriele Adornoren rola Stefano Secco tenorrak jokatuko du, eta Fiesco gupidagabearena Orlin Anastassov baxuak egingo du. Simone Piazzola baritonoak, Miguel Angel Zapater baxuak, Giorgi Meladze tenorrak eta Eider Torrijos soprano bilbotarrak osatuko dute abeslarien taldea.
Verdiren «aitortza politikoarekin» hasiko du OLBEk ekitaldi berria
'Simon Boccanegra' melodrama modernoa aurkeztuko du etzi Bilboko Euskaldunan, Ainhoa Artetarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu