Village People, Zetak eta Fred Wesley Donostiako Jazzaldian ariko dira

Tiken Jah Fakoly, Viva Suecia, Arde Bogota, Ezra Collective eta Blue Lab Beatsek osatuko dute Keler guneko programazioa

Village People taldea lehen egunean izango da. DONOSTIAKO JAZZALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Village People taldearen emanaldiarekin hasiko da Donostiako 58. Jazzaldia, uztailaren 21ean. New Yorkeko taldea Zurriolako hondartzako Keler gunean ariko da, eta, ondoren, Fred Wesley & The New JBs-ek hartuko du oholtzako lekukoa. Atzo eman zuten antolatzaileek Zurriolan izango diren artisten berri. Egunero bi ariko dira, eta doakoak izango dira emanaldiak.

Village People disco musikaren talde historikoa da. 1970eko hamarkadaren amaieran sortu zen New Yorken, eta berehala arrakasta izugarria lortu zuen. Jacques Morali eta Henri Belolo konpositore eta ekoizleen kantuak interpretatzeko beren-beregi sortutako taldea izan zen Village People, eta hasieratik izan zuen helburu hiriko gay komunitatearekin konektatzea. Y.M.C.A., In the Navy, Go West, Macho Man eta beste hainbat kantu ezagunek, ordea, arrakasta izugarria izan zuten, ez bakarrik komunitate horretan, baizik eta mundu osoan. Taldeak 1980ko hamarkadaren erdialdera arte atera zituen diskoak, baina oihartzuna txikituz joan zen, eta gerora zuzeneko emanaldietara mugatu zuen jarduna.

Lehenengo egun horretan bertan, Fred Wesley & The New JBs izango da hondartzako oholtzan. Wesley tronboi jole estatubatuarra funkaren eta musika afro-amerikarraren historiako konpositorerik eta moldatzailerik ezagunenetako bat da, eta musika beltzaren ikonorik handienekin egin du lan: James Brown, George Clinton, Ike and Tina Turner, Ray Charles, Maceo Parker, Count Basie, Van Morrison, Earth Wind & Fire, Curtis Mayfield...

Blue Lab Beats Londresko jazz eszena modernoan nabarmendu den taldearekin hasiko da uztailaren 22ko gaua, eta, ondoren, azken urteetan Espainian arrakasta handia lortu duen taldearen txanda izango da: Viva Suecia.

23an, Espainiako Arde Bogota taldea eta Boli Kostako Tiken Jah Fakoly musikaria ariko dira Keler Gunean. Azken horren musikan, dub eta soukouss oinarriekin gurutzatzen da reggaea.

Azkenik, 24an, Zetak taldeak Zurriolako hondartzako kontzertuei amaiera eman aurretik, Ezra Collective Londresko boskotearen musika dantzagarriaz gozatzeko aukera izango dute bertara azalduko direnek. Jazza, afrobeata, afro-kubatar musika, funka, saltsa, grimea, hip-hopa, R&Ba, sanba... taldearen estilo nahasketak bizitasuna eta alaitasuna transmititzen ditu beste ezeren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.