Vito Acconci performance artista hil da, 77 urterekin

Arte kontzeptualaren eta performancearen erreferente izan zen, eta arkitekturan murgildu zen azken urteetan

Vito Acconci artista, 2014an Bilbora egindako bisitan. MARISOL RAMIREZ/ ARP.
2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ARTEA. «Nire artelan guztiak arteari eta museoari nien gorrotoa zuten oinarri, eguneroko bizitzaren aurkakoa zirelako. Nire piezek kontrakotasun hori apurtu nahi zuten». Irrika horrek gidatu zuen 70eko hamarkadan Vito Acconci artista (New York, 1940-2017), eta mugak apurtzeko gogo horrek bilakatu zuen erreferente. Erreferentziazkoa da haren izena performancearen eta bideo artearen garapenean, baina arkitekturan eta diseinuan murgildu zen 80ko hamarkadatik aurrera. «Gorputza akitu nuen», aitortu zion BERRIAri 2014an egindako elkarrizketan.

Literatura ikasketak egin zituen, eta poesia esperimentala idazten hasi zen. Eta hortik egin zuen arterako jauzia. Batez ere, 1972an Sonnabend galerian egin zuen Seedbed lanagatik da ezagun Acconci. Bertan, malda moduko bat eraiki, eta haren azpian ezkutaturik, masturbatu egiten zen, gainetik pasatzen zitzaion publikoari buruz mikrofono bati gauza lizunak xuxurlatu bitartean.

Eragin handia izan zuen Acconcik alor pribatua eta publikoa uztartzeko zuen moduak artista gazte askorengan. Eta ildo horri heldu zion arkitektura lanetan ere. Atzera begirakoa eskaini zion haren lanari iaz New Yorkeko MOMA museoak. Ostiralean hil zen, 77 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.