Ekitaldi jendetsuetan geroz eta gehiago dira begiak ordezkatzen dituzten argazki kamerak, ikuslearentzat istantik desiragarrienak behar luketen horiek materialki jaso nahi izaten dituztenak. Zaku horretan Ricardo Martin argazkilaria sar lezake errazharen berri ez duenak. Hala izendatu dute haren lana biltzen duen erakusketa ere: Ricardo Martin. Argazkilaria eta ikuslea. Donostiako Kursaaleko Kutxaren Kubo aretoan egongo da ikusgai urtarrilaren 22ra arte. Europako kultur hiriburutza dela eta, aretoak egin duen laugarren erakusketa da.
Zenbaitek hiriaren urrezko aro izendatu zuten XX. mende hasierako Donostian, argazkiz jaso zituen Martinek hango ohiturak, etengabekoak eta bistakoak ziren kultura aldaketak eta garaiari zegozkion era guztietako gertakizunak. Badajozko (Espainia) Villanueva de la Serenan jaio zen, 1882an, baina gazte zela etorri zen Donostiara. Eta orduan sortu zitzaion argazkilaritzarekiko grina, eta 1914an lanbide bihurtu zuen; Donostiako Hondarribia kalean argazki-estudio bat jarri zuen, Photo-Carte izenarekin. Hiriko gainerako argazkilariekin lehiatu behar izan zuen hasieran, asko baitziren lanbide horretan zebiltzanak. Garai jakin hura Donostian egon izana, baina, lagungarria izan zitzaion bere jardunean. Europa aldetik zetozen aire modernoek, industriako berrikuntzek eta gizarteko klase desberdinen arteko nahasketak aukera asko eskaintzen zizkion argazkilariari jopuntua non jarri erabakitzeko orduan. Erakusketarekin batera kaleratu den argazki bildumako bi hitzaurreetan argi deskribatzen da Martinen argazkietan nabaria den giro hori. Horrela dio Lee Fontanella historialari eta antzinako argazkilaritzan adituak: «Etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeen argazkiek islatzen duten irekiera —eta liberalismo— giroa, hegazkinen eta autoen abiadurarekiko interesa, sindikatuek bultzatutako manifestazioak, Kontxako giro herabetasunik gabea, txotisa eta euskal dantzak uztartzen zituzten dantzaldiak, emakumeak gizonentzat ziren horrenbeste kiroletan aritzea...».
Gertaera horiek guztiek ez zuten lekuz kanpo harrapatu, eta gisa horretako gaien arabera daude sailkatuta erakusketan Martinen argazkiak. Sei espaziotan daude banatuta beste horrenbeste gai: Hiria agertoki gisa, Ikuslea, Rif-eko Gerra. Gerraren aurkako ikuspegia, Erretratua irudikatzea, Mugimendu sentsazioa eta Emakumea. Modernitate-ikuspegi bat. Hiria agertoki gisa. Gai horietan Donostiako erreferentziazko lekuetan jasotako irudiak aurki daitezke, betiere ukitu moderno bat dutenak. Berdin aurkituko da ikuslea Espainiako Alfonso XIII.a erregearen bisita jasotzen duen argazki baten aurrean ala garaiko inauterietako mozorroei begira. Ikuslea atalean, era guztietako ekitaldi eta nobedadeen inguruan elkartutako jendearen argazkiak aurki daitezke. Izan ere, «ekitaldiari berari baino gehiago, hori jarraitzen ari ziren ikusleei» egiten zizkien argazkiak Martinek, erakusketaren komisario Juantxo Egañak aurkezpenean azaldu zuenez.
Gerrara begira
Bere lan oparoan, gai gordinagoak ere landu zituen Martinek; gerra, kasurako. Marokora joan zen 39 urte zituela, eta Rif-eko gerrako irudiak ekarri zituen handik. Aurrez ere eginak zituen gerra hartara zihoazen soldaduen argazkiak, Donostiako Atotxako geltokian eta Pasaiako (Gipuzkoa) portuan. «Gerraren alde gizatiarrean jartzen zuen fokua», adierazi zuen Egañak. Gutxi dira fronteko argazkiak, zaurituen oinazea erakusten dutenen aldean.
Mugimenduaren eta abiaduraren zale zen argazkilaria, eta haren lanean ere egin zion lekua zaletasun horri. Haren seme Ricardo Martinek ere gogora ekarri zuen aitaren afizio hori aurkezpenean: «Askotan eramaten gintuen Lasarteko auto lasterketetara eta hipodromora». Igeriketa probak, auto lasterketak, txirrindularitza... askotariko kirol jarduerak jarraitzen zituen. Ondoren, aldizkari eta egunkariei saltzen zizkien horietako asko. Martinen 80.000 irudi gordeak ditu Kutxa fundazioak.
Erakusketaren osagarri, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Mikel Gurpegi kazetariak emango du lehenengoa, gaur.
Voyeurraren kamera
Ricardo Martin argazkilaria omendu nahi izan dute Donostian, haren inguruko erakusketa batekin. Kursaaleko Kutxaren Kubo aretoan daude ikusgai haren lanak, gaika banatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu