Walter Hill eta James Gray Zinemaldira etorriko dira, zinema beltzeko ziklora

Ami Canaan Mannen lan batek zabalduko du saila, 'Texas Killing Fields'-ek, Venezian lehiatu ostean

Texas Killing Fields pelikularen fotograma bat. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak AEBetako azken hogei urteotako zinema beltzari eskainitako zikloak luxuzko aitapontekoak izango ditu. Walter Hill eta James Gray zuzendariak Donostiara etorriko dira, zikloaren aurkezpenean parte hartzeko. Akziozko pelikulen zuzendari handienetako bat da Walter Hill (Long Beach, 1942) —Hard Times, Driver, The Long Raiders...—, eta James Gray, berriz (New York, 1969), oso ibilbide interesgarria osatzen ari da Little Odessa, We Own the Night eta Two Lovers filmatu ostean.

Berrogei film inguruk osatuko dute American Way of Death: 1990-2010 bitarteko Amerikako zinema beltza zikloa, eta Ami Canaan Mann-ek —Michael Mannen alabak— zuzendutako Texas Killing Fields filmak zabalduko du. Lan hori Veneziako jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da Donostiara ekarri aurretik. Telesailetan gidoi eta zuzendari lanak egin ditu Ami Canaan Mannek, baina zineman Morning filma (2001) baino ez du zuzendu aurretik.

Zinema beltzaren edo thriller generoaren azken hogei urteetako hainbat klasiko emango dituzte zikloan; besteak beste Goodfellas (Martin Scorsese), Miller's Crossing eta Fargo (Joel Coen), The Silence of Lambs (Jonathan Demme), Reservoir Dogs (Quentin Tarantino), Seven (David Funcher), Memento (Christopher Nolan) eta beste hainbat. Haatik, zikloaren interes handiena horren ezagunak ez diren pelikuletan datza, ez baita aukera askorik izaten horiek ikusteko; adibidez, King of New York (Abel Ferrara), The Indian Summer (Sean Penn), One False Move (Carl Franklin), Suture (Scott McGehhe eta David Siegel), Red Rock West (John Dahl), Hard Eight (Paul Thomas Anderson) edota Underneath (Steven Soderbergh).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.