MARC RIBOT HURRY RED TELEPHONE / DEE DEE BRIDGEWATER
Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 25.
Marc Ribot gitarra jotzaileak akoplamendu mingarri batekin hasi du kontzertua; hortik aurrera, urakan baten indarraz baliatuta eman dio hasiera bidaiari. Ezustekoz betetako munduetara eramango gaitu. Era eklektiko batean paseatuko gara folketik, bluesetik, punkien lurraldera. Erabateko askatasunarekin, distortsioz jositako melodiekin bustiko gaitu, edo solo garbi eta azkarren doinuekin. Urakana diot, bai, urakan sortzaile eta inkonformista. Bi gitarra elektriko taula gainean, kontrabaxu bat eta bateria.
Ribot jaunak hutsa falta du bizkarra emateko ikusleei, apenas ikusten diogu aurpegia. Ava Mendoza andere gaztearen hatz azkarrak ikusten ditugu aurrez aurre, gitarrak zehaztasun handiko makina bat dirudi bere besoen artean; zorrotz begiratzen du aurrera. Ribot jaunari zelofanez jositako partiturak jauzi zaizkio atriletik. Sebastian Steinberg kontrabaxu joleak dramatismoa elikatzen du bere nota sendoekin. Une batean lantoki erraldoi bateko zarata iristen da gure belarrietara, erritmo astun batekin. Berezia eta sailkaezina da Marc Ribot eta haren lagunen proposamena. Bejondeizuela!
We exist izeneko lana aurkeztera etorri zaigu jazzaren dama Dee Dee Bridgewater anderea. Jazzaldiko saria jaso du, eta berehala plazaratu du bere aldarria, kementsu eta indar handiz plazaratu ere: emakume afro-amerikarren eskubideek aurrera egin dezaten laguntzea, emakume ororen eskubideen alde laguntzea. Emakumez osatutako talde batekin azaldu zaigu oholtza gainera. Emakume abeslari afro-amerikarrak aukeratu ditu errepertorioa osatzeko. Hor azaldu zaizkigu Nina Simone, Billie Holliday, Roberta Flack, Abbey Lincoln eta beste emakume batzuen doinu aski ezagunak.
Bridgewater bikainaren ibilbidea 70eko hamarkadan hasi zen, Broadwayko ikuskizunetan aktore lanetan. Hor lortu zituen sari batzuk, eta ospea; The Me Nobody Knows izan zuen lehen lana, eta ondoren etorri ziren Black Ballad, The Wiz eta Sophisticated Lady. 1986an Billi Holidayren bizitzan oinarritutako Lady Day ikuskizuna aurkeztu zuen Londresen. Betiere arrakastaren gerizpean.
Abesten, berriz, hogei disko baino gehiago argitaratu ditu. 1974an Afro Blue diskoa argitaratu zuen, eta arrakastatsua izan zen bai kritikari bai salmentei dagokienez. Hainbat Grammy sari irabazi ditu, besteak beste Ella Fitzgerald ahaztezinari eskainitako Dear Ella diskoagatik jaso zuena.
Emakumeak eta emakumeak. Bridgewaterren irudia itzela da, besoa gora luzatuta, eta ukabila altxatuz; oso irudi iraultzailea iradokitzen du.
Carmen Staaff piano joleak ondo baino hobeto lagundu dio Dee Dee damari, jazza-bluesa, ragtime edo klasikoen ezagutza bikaina duela erakutsiz. Urteak dira Bridgewaterren taldea gidatzen duela. Rosa Brunello italiarrak lan bikaina eta sendoa egin du baxuarekin, solo ederrak, non, bere jatorri italiarra azpimarratzeko, Bella ciao-ren notak eskaini dizkigu. Shirazette Tinnin bateria jotzaileak alai, adoretsu, tarteka esku hutsik gozatzen zuen danborra, erritmo erakargarri bezain beroak sortuz.
Dee Dee Bridgwater handiaren kontzertua itzela izan da. Ikusleok txalo zaparradekin erantzun dugu. Jazzaldia abian da.