Randa Maroufiren 'Bab Sebta' filma ikusgai jarri dute Artiumen

Ceutako pasabidetik egunero igarotzen diren milaka pertsonaren egoera islatzen du lanak. Z aretoa programaren barruan ikus daiteke, apirilaren 21era arte.

Baba
Randa Maroufiren Bab Sebta lanaren irudi bat. ARTIUM
Edurne Begiristain.
2024ko urtarrilaren 12a
12:00
Entzun

Randa Maroufi artistak (Casablanca, Maroko, 1987) Marokoren eta Espainiaren arteko hiru mugetako batean, Ceutakoan, gertatzen diren egoerak islatu ditu Bab Sebta lanean. Milaka pertsona bizi dira muga horren bidegurutzean ateratzen dutenarekin —besteak beste, kontrabandoko salgaietatik— eta Maroufik pertsona horietako batzuen ibilbideei jarraitu die eta mugaren egunerokoa jaso du filmean. Gasteizko Artium museoan jarri dute ikusgai pelikula, apirilaren 21era arte.

Nazioarteko jaialdi askotatik igaro ostean, Artium museoko Z aretoa programaren barruan ikus daiteke ikus-entzunezkoa, izen bereko aretoan. Mondragon taldearen babesa izan dute horretarako. Artiumek 2021ean jarri zuen martxan zinemagintza eta erakusketa formatua uztartzen dituen programa, eta helburua da zinemagintzara igaro diren artisten eta erakusketa formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzea eta haiek ezagutaraztea.

Maroufik 2019an ekoitzi zuen Bab Sebta. Ez da film dokumental bat, «bere kodeak dituen mugako espazio bat interpretatzeko modu bat baizik», Salma Mochtari ikertzaileak azaldu duenez. «Salgaien eta pertsonen alde batetik besterako joan-etorrietan ikusten diren erritualen izaera performatiboa nagusi da lanean». Artistak filmazio estudio batean bihurtu zuen fabrika bat, eta han grabatu zuen lana. Horretarako, Marokoren eta Ceutaren arteko joan-etorria egiten duten pertsonekin kolaboratu zuen, bi ikuspuntu erabilita. Bata: lurraldearekiko begirada «urrun eta ustez objektibo» batera bidaiatzeko. Bestea: aurrez aurreko harremanen bidez, keinu, gorputz eta materialetara modu «eraginkorrean» hurbiltzeko.

Bab Sebta filmak Tampere Film Festival eta Internationale Kurzfilmtage Winterthur 2019 jaialdietan sari nagusia jaso du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.