Pello Reparaz: «Eszeptizismo ariketa bat da 'Aaztiyen'»

Tradizioa bihurritu eta berriro interpretatu du Zetak taldeak azken diskoan. Eduki kontzeptualak, hitzak eta sonoritatea zalantzan jarrita ondu du Pello Reparazek ‘Aaztiyen’.

Pello Reparaz-Zetak
Pello Reparaz musikaria. AITOR KARASATORRE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 1a
05:15
Entzun

2019. urtearen hondarrean aurkeztu zuen Pello Reparazek (Arbizu, Nafarroa, 1990) Zetak taldea, eta hiru lan kaleratu ditu jada: Zetak izan zen taldearen estreinako lana, Zeinen ederra izango den bigarrena, eta Aaztiyen azkena. Atzera begiratuz gero, Reparazek uste du ibilitako bidea «esperimentazio fase bat» izan dela, eta taldea orain iritsi dela sendotasun puntu batera, ideiak «argiago» izanda. Azken lana ere bada horren erakusgarri: musika elektronikoa Euskal Herriko musika tradizionalarekin uztartu du, modu askean, eta soinu identitate propioa eraiki du hamabi abestietan. Emaitzarekin pozik dago, eta «harro».

Abenduaren 8an kaleratu zenuen Aaztiyen. Ordutik, gelditu gabe, ezta?

Beti pentsatzen dut hilabete batzuen buruan lasaiago egongo naizela, baina ez da inoiz hala gertatzen. Duela hilabete pare bat argitaratu zen diskoa, eta orain, berez, sosegatuago egon beharko nuke, baina zuzenekoekin, elkarrizketekin eta abarrekin buru-belarri nabil, eta neure burua engainatu dudan irudipena dut berriro; oraindik ez dut lortu bizitza pertsonala eta profesionala orekatzea. Hala eta guztiz ere, pozik nago.

Zaleak ere gogotsu daude: kontzertu gehientsuetarako sarrerak bukatu dira, eta emanaldi gehiago iragarri dituzue. Erantzun hau espero zenuen?

Sekula ez dugu hainbeste sarrera saldu. Bira honetan, sekula ikusi dudan jendetzarik handiena bilduko da, eta oso berezia izango da. Zuzenekoak areto oso handietan egitea erabaki genuenean, espero genuen erantzuna horren araberakoa izatea, baina aretoak bi edo hiru aldiz betetzea berria da guretzat. Opari erraldoia da hori. Egiten duzun lanak jendearekin konektatzen duela ikusteak zentzua ematen dio denari, eta, nolabait, zirkulua ixten da horrela. Gauza ezin ederragoa da publikoaren erantzuna, eta ikaragarri pozik gaude.

2019an sortu zenuen Zetak taldea. Atzera begiratuz gero, amesten zenuen tokian zaude? Edo espero ez zenuen tokian?

Zaila da erantzutea. Taldearen lehenengo lau urte hauek esperimentazio garai gisa bizi izan ditut, probatuz eta huts eginez, baina proiektua epe luzera enfokatu gabe. Hau da, ez dut gidoirik izan, ez diot neure buruari galdetu proiektua nora helduko zen. Unean unekoa lantzen ibili naiz, sormen prozesuari so eginez ahalik eta lanik borobilenak egiteko, baina etorkizunari begiratu gabe. Orain, amaiera eman diogu aurreko esperimentazio fase horri, eta Aaztiyen lana kaleratu; eta sinisten dut proposamen hau finkoa eta serioa dela. Zetak-ek argiago ditu ideiak, badaki zer jorratu nahi duen, badaki identitatea jorratu nahi duela, eta identitatea jorratzeko euskarak legitimatzen gaituela, eta oinarri horren gainean gauzak argiago ditugu. Ikaragarri harro nago proiektuarekin.

Tradizioaren erraietara jo duzu lan berrian, baina horiek zalantzan jartzeko. Eszeptizismotik abiatuz sortutakoa da Aaztiyen diskoa?

Bai. Hasieran, emozioak jorratzeko disko kontzeptual bat egin nahi nuen, eta horrela hasi nintzen lanean. Abesti bakoitzak emozio batean izan behar zuen hasiera, eta kanta bakoitzak emozio hori jorratzea zen ideia. Baina, emozioak aztertzeko prozesuan murgildu nintzenean, ohartu nintzen emozioak ere konstruktu bat direla, eta zalantzan jarri behar zirela, bai bederen nire eszeptizismotik begiratuta. Orduantxe, nik irudikatua nuen album kontzeptualaren sostengu nagusia airean geratu zen, eta berriro planteatu behar izan nuen dena. Eszeptizismo ariketa bilakatu nuen diskoa, eta emozioak bakarrik ezik, dena jarri nuen zalantzan, euskal sonoritate tradizionala barne.

Nola?

Ez da erraza zehaztea zer den euskalduna eta zer ez. Alboka euskalduna al da? Akaso bai, baina ez duela asko. Hori dena zalantzan jartzea interesgarria dela uste dut, Euskal Herrian badelako nazionalismo zaharkitu bat saiatu dena definitzen eta mugatzen zer den euskalduna eta zer ez, zer den euskal herritarra eta zer ez... Aaztiyen-ek horrekin apurtu nahi du. Eszeptizismoa aplikatu da diskoaren arlo guztietan, arlo kontzeptual eta filosofikoenetik hasi eta soinura ailegatu arte. Eta diskoa horrela bilakatu da eszeptizismo ariketa bat. 

Nolakoa izan da sortze prozesua? Diskoa lantzen hasi zinenean baino zalantza gehiago sortu zaizkizu bidean?

Diskoaren hasieran, emakume batek dio ez dela fio ohitura berriekin. Horrela dio: «Beya eneiz ni ohitura berriyoki fiyetzen/ Zer da baa ohittura? Tradiziyua? /Itzel bat. Besteeik ez». Zalantzak ditu diskoaren sarreran, eta are zalantza gehiago ditu diskoaren outro-an, bukaeran, esaten baitu ez zaiola deus argi-argi geratu, eta orain, diskoaren abenturaren ondoren, hasieran baino zalantza gehiago dituela. Nire ibilbidea zein izan den transmititu nahi izan dut horrekin, emakume horren ahotan jarri ditudan hitz horiek nireak dira, horrelakoa baita nire bidaia. Zalantza gehiago ditut orain hasieran baino, eta, arraroa dirudien arren, uste dut osasuntsua dela hori.

Aaztiyen hitzak duela gutxi esan nahi du Arbizuko euskalkian. Uste osoak zalantzan jarri dituzu izenburutik bertatik.

Uste dut gure identitatea definitu dugun erarekin lotuegiak gaudela. Identitatearen barruan sar dezaket nire jatorria, gurasoena, nire hizkuntza, eta sonoritate batzuk ere sar ditzaket, ideiak, ideologia... Baina horiek zurrunak izateak ateak ixten dizkigu. Izenburuarekin esan nahi dut ongi dagoela konbikzioak izatea, identitate bat definitu nahi izatea, baina izan gaitezen likidoak, agian arbasoen herentzia dela pentsatzen dugun sinesmen hori ez baita hain aspaldikoa, akaso duela gutxikoa da, aaztiyenkoa.

«Zalantza gehiago ditut orain hasieran baino, eta, arraroa dirudien arren, uste dut osasuntsua dela hori».

Maiz esan duzu Arbizun bakarrik sor zitekeela disko hau. Zergatik?

Baieztapen horrek definitzen du orain artista moduan zer naizen. Mundu globalizatu honetan, gero eta zailagoa da proposamen artistiko bat beste batzuetatik desberdinduko duten faktoreak aurkitzea, eta, Zetak-en kasuan, euskara da faktore hori. Eta ez bakarrik euskara; soinu identitateari dagokionez, bertako sonoritateekin jolastea eta eskukatzea ere interesgarria dela uste dut. Detaileekin beste horrenbeste. Lan honetan asko erabili ditut hemengo mendiak, Arbizuko etxeen izenak, izen propioak... Hiru disko egin ditut, eta uste dut lehenengo lanetik hirugarrenera badagoela bidaia bat nire izatearen erdigunera, Arbizura, jatorrira. Eta bai, sinisten dut bakarrik Arbizun egin zitekeela Aaztiyen.

Lan honetan, albokari, panderoari eta irrintziei leku pribilegiatua eman diezu lehen aldiz, baina elementu tradizional horiek modu askean erabilita.

Elementu horiekin esperimentatu egin dut estudioan, laborategi bat balitz bezala. Albokari batek ezingo lituzke jo diskoan entzuten diren alboken soinuak, tonalitate ezberdinetan grabatuak baitaude, eta efektu elektronikoak dauzkate. Tradizioa berrinterpretatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu nahi izan dut hala. Tradizioarentzat ez baita osasuntsua gure historiaren aldi jakin batean tradizioak duen formari beste ezeren gainetik eustea. Nire izateko alderik diplomatikoari bizkarra eman, eta instrumentu eta sonoritate horiek guztiak prostituitu egin nahi izan ditut.

Jolas egin duzu hizkuntzarekin, soinuarekin eta baita hitzekin ere. Aralarko dama abestian, adibidez.

Unibertso propio eta berezi bat sortu nahi izan dut, eta, horretarako, euskal mitologiaren eta gaur egun bizi ditudan jazoeren eta momentuen imajinarioak uztartu nahi izan ditut. Biak daude diskoan. Aralarko Marik hartzen dituen izen ezberdinak erabili ditut: Anbotoko dama, Mari, Aizkorriko dama, Aralarko dama... Euskal mitologia aski aldatu dela uste dut, bestelako mitologietatik edan duelako, eta kontraesanekin jolastu nahi izan dut. Euskal instrumentu tradizionalekin bezala, hitzekin ere ez dut errespetu handiarekin jokatu nahi izan.

«Lehenengo lanetik hirugarrenera badago bidaia bat nire izatearen erdigunera, Arbizura, jatorrira».

Hiru talderekin egindako kolaborazioak daude diskoan: Marala, Neomak eta Fillas de Cassandra. Zer irizpideren arabera aukeratu dituzu?

Irizpide artistikoa gailendu da. Hiru proiektuek dute tradiziora hurbiltzeko beste era bat, eta ezin hobeto laburbiltzen dute nik egin dudan ariketa bera. Aaztiyen hobeto ulertzeko oso egokiak dira hirurak. Bestalde, nik abestiak idatzi, konposatu, ekoitzi eta grabatu ditut, eta emakumezkoen hiru proiektu horiek arnasa eta zentzua eman dizkiote lanari.

Hilaren 23an hasiko duzue bira, Atarrabian. Esperientzia kontzeptuala izango dela esan duzu.

Sumatu dugu jendea barruraino murgildu dela lan honetan, eta uste dugu zuzenekoetara datozenek oso barneratua izango dutela lanaren ibilbidea. Saiatuko gara zuzenekoetan horri buelta ematen: abestiekin jokatuko dugu, eta zuzeneko hauetarako bereziki prestatutako kanta berri batzuk ere entzun ahalko dira. Nahiko performatikoa izatea nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.