Musika ikerlaria

Marina Landa: «Euskal musika popularra gizonen errealitatera mugatu da»

1990eko hamarkadatik gehien entzun diren abestien hitzak aztertu ditu Landak doktoretza tesian. Dimentsio pertsonala sozialari gailendu zaiola ondorioztatu du.

MARINA LANDA
Marina Landa. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Asko idatzi da euskal kantagintza berriaz, zer esanik ez Euskal Rock Erradikalaz, baina gutxi, oso gutxi, euskal musika popularraz. «Hutsune» hori bete nahian heldu dio Marina Landak (Donostia, 1993) gaiari, eta aspalditik zuen jakin-mina doktoretza tesiaren helburu bilakatu zuen. Zer komunikatu du Euskal Herrian 1990az geroztik sortutako musika mainstream-ak? Galdera batek sortutako beste galdera mordo batekin ondu du Euskal musika popularraren komunikazioa. Generoa, lurraldetasuna eta hizkuntza 1990etik 2019rako abestietan izeneko tesia. 

Gaztea irratian gehien entzun diren Euskal Herriko taldeen 301 abestiren hitzak ikertu ditu tesian, eta hainbat ondorio atera. Hiru azpimarratu ditu Landak: dimentsio pertsonala sozialari gailendu zaiola azken 30 urteotako Euskal Herriko herri musikan; lotura dagoela aldarrikapenen eta euskararen artean; eta entzun diren kanta ospetsuenetan gizonen ikuspegia nagusitu dela. Ondorioekin batera, zalantza bat: «oso konplikatua» egin zaio euskal musika popularra zer den definitzea.

Zergatik 301?

Mila bat kanta aztertu nahi nituen hasieran, ikerketa eremua 2020. urtera zabaldu nahi nuelako, baina gehiegi ez ote ziren galdetu nion neure buruari. Izan ere, pertsona bakar batek mila kanta banan-banan aztertu eta prozesatzea oso nekeza da. Gaztea irratiko artxiboetan sakondu nuenean, erabaki nuen lagin txikiagoa aukeratzea, kanta asko ez direlako Euskal Herriko musikaren historiara pasatu. Hala, astez aste eta urtez urte gehien entzun diren kantak aztertu nituen.

Eta zergatik Gaztea irratikoak?

Euskal Herriko musika popularra definitzea zaila da, esanahi ugari dituelako, akademikoki modu askotan uler daitekeelako. Nik irizpide edo erreferente bat behar nuen kantak aukeratzeko, eta Euskal Herrian azken 30 urteetan gehien entzun diren abestien isla bada Gaztea irratia.

Hiru aldagai nagusi aztertu dituzu: generoa, lurraldea eta hizkuntza. Generoari dagokionez, emakumeei eta gizonei atxikitako rolak eta harreman erromantiko afektiboak ikertu dituzu, eta ondorio batera iritsi zara: emakumezkoen pertsonaiak oso estereotipatuak egon dira.

Aitortuko dut ez nuela espero horrenbeste estereotipo aurkitzea. Sarritan gure kultura eta gizartea jainkotzera jotzen dugu, eta pentsatzen dugu gurean ez direla zenbait gauza gertatzen. Baina betaurreko moreak jantzita ikertu ditut kantak, eta ohartu gehienak ikuspegi maskulino batetik jorratu direla. Honekin ez dut esan nahi matxistak direnik, baina bai esperientziak, desirak edo bizipenak gizonenak direla. Beraz, beste lurralde eta kultur adierazpenetan gertatzen den bezala, euskal musika popularra ere gizonen errealitatera mugatu da.

Joera hori antzekoa izan da euskarazko zein gaztelerako abestietan?

Euskarazko abestietan bada aldarrikapen soziopolitikoak egiteko joera bat, baina, oro har, ikuspegi pertsonala sozialaren gainetik nagusitu da. Emakumeen ikuspegi ahula, bizirik iraun dezan harreman erromantiko afektiboa behar duen hori, ez da soilik pop musikan islatu; punk, triki-pop, rock edo reggae estiloetako kantetan ere islatu da.

«Betaurreko moreak jantzita ikertu ditut kantak, eta ohartu gehienak ikuspegi maskulino batetik jorratu direla».

Tesian diozu lurraldetasunaren auzia salatzeko eta autodeterminazioa eskatzeko tresna izan zela musika urte luzez, baina azken hamarkadan ia ez dela gaia jorratu.

Musika gizartearen bilakaerarekin bat dator. 1990eko hamarkadako lehen urteetako kantetan Euskal Herriari erreferentzia ugari egiten zitzaion, esplizituki nahiz inplizituki, baina azken hamarkadan ia bat ere ez. Esanguratsua da aztertu ditudan abesti gehienetan ez zaiola ETAri aipamenik egiten. Finean, euskal gizartearen normalizazioaren isla dira abestiak.

Zer esan nahi du euskal izenondoak euskal musikan? Galdera horren bueltan aritu zara tesian, Joseina Etxebarriak elkarrizketa batean egindako itaun erretoriko bati helduta: «Zergatik jende askorentzat Barricada euskal kultura da, eta La Oreja De Van Gogh ez? Batzuk abertzaleak direlako eta besteak ez?».

Ainhoa Vitoria Gazteako esatariak ildo beretik erantzun zidan, musika estiloari erreparatuta. «Zergatik La Polla euskal musika da eta La Oreja de Van Gogh ez? Punka egiten duelako batak eta popa besteak?». Niretzat oso konplikatua izan zen euskal musika popularra zer den definitzea eta erabakitzea, modu ezberdinetan ulertzen delako. Badok atariak euskaraz egiten den musika hartzen du soilik; Gaztea irratiak Euskal Herrian egiten den musika hartzen du, modu zabalagoan ulertuta; Eresbil Musika Artxiboak Euskal Herrian jaioak diren artisten musika kontuan hartzen du, eta baita euskal instrumentuak erabiltzen dituztenak ere... Ni ez naiz inor esateko artista bat euskal musikan sartu behar den ala ez, baina badaude elementu batzuk kontuan hartzekoak iruditeria kolektiboa eraikitzeko: hizkuntza, nazio ikuspegia, euskal sinbologia, bertako lekuei erreferentzia egitea...

«1990eko hamarkadako lehen urteetan Euskal Herriari erreferentzia egiten zitzaion, baina azken hamarkadan ia bat ere ez»

Zure identitatearekin berriz ere konektatzeko era eman dizu lan honek, zure erroetara itzultzeko. Zergatik?

Harreman gorabeheratsua izan dut euskal musikarekin eta kulturarekin. Etxean gaztelaniaz edo ingelesez entzun izan dut musika, eta berandu sortu zitzaidan euskarazko musika kontsumitzeko grina. Kataluniara bizitzera joan nintzenean, modu kontziente edo inkontziente batean, urrundu egin nintzen euskal musikatik, eta Euskal Herrira tesia egitera itzuli nintzenean nor naiz, nor ez naizataka horretan galduta ikusten nuen neure burua. Tesi honek aukera eman dit berriz erroetara itzultzeko eta nire identitatearekin konektatzeko. Nire bizitzan garrantzitsuak izan diren abestiei omenaldi txiki bat da.

Sorpresarik hartu al duzu tesia egiterakoan?

Badaude abesti asko irakurketa sakonagoa behar dutenak, gure gizartean modu batean ulertu direlako, nahiz eta artistaren edo sortzailearen asmoa beste bat izan; adibidez, Ken Zazpiren Itsasoa gara, Mikel Urdangarinen Non geratzen da denbora edo Hertzainak taldearen Aitormena modu batera ulertu dira, artistaren intentzioa bestelakoa zen arren. Jendeak emandako esanahi hori ere ontzat jotzen dut nik, berez beste zentzu bat duten arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.