Udako seriea. Historian aztarrika (I)

Gotorleku bat mendi tontorrean

Burdin Aroko herri harresitu bat dago Babio mendi gailurreko larreetan, Izorian (Araba). Indusketen bidez, ondorioztatu dute etsaiengandik babesteko bi harresi egin zituztela autrigoiek, eta laurehun urtez «toki estrategiko» horretan bizi izan zirela.

Jon Obaldia Aranzadiko arkeologoa, aztarnategiaren bigarren harresiaren gainean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jon Obaldia Aranzadiko arkeologoa, aztarnategiaren bigarren harresiaren gainean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Edurne Begiristain.
Babio (Izoria)
2024ko abuztuaren 20a
05:20
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Lehen begiratuan ez dirudi aztarnategi bat; ez behintzat ohiko horietako bat. Izoria herritik (Araba) Babio mendira igoz gero, gailurretik gertu, haritzez eta pinuz beteriko larre zabal ederrean, metro gutxiko garaiera duen muino antzeko bat ikus daiteke. Hara hurbildu ahala bota die galdera Jon Obaldia Aranzadi elkarteko kide eta indusketako zuzendariak argazkilariari eta kazetariari: «Koska antzeko hori ikusten duzue? Bada, hori da bigarren harresiaren zati bat, aztarnategian hobekien kontserbatzen den zatia». Eta keinu bat eginez bideratu ditu tokirantz. Belar tapiz baten gainean, tamaina askotako harkaitz zatiak ageri diren muinotxotik gertu jarraitu du azalpenekin, esku artean dituen mapa eta koadernoak ireki eta informazioa bilatzen duen bitartean. «Hau da bigarren harresia, eta han, mendi tontorretik gertu [seinalatu die], lehenengo harresiaren zatiak daude. Herrixka osoa inguratzen eta babesten zuen harresi bat da hau».

Indusketa mapa, Babio
 

Herrixka bat. Harresi batek babestutako herrixka bat Babio mendiaren gailurrean. Burdin Aroko herri gotortu bat, Izoriako lurretan, Aiarako kuadrillan, Araban. «Lehen aldia da Burdin Aroko herri harresitu bat induskatzen dena Aiaraldean. Ezaugarri hauek dituen bakarra da inguru honetan», azpimarratu du Obaldiak, inguruan ikusten denaren garrantzia nabarmenduta. Aranzadi elkarteak 2018az geroztik dihardu belardiaren azpian ezkutaturik gelditu den herrixka gotortuaren arrastoak azaleratzen. Ordutik, herriaren defentsa sistema osoa dokumentatu ahal izan du, mendiaren gailurra besarkatzen duten bi harresi paraleloren arrastoak ikertuta. Mendi tontorretik gertuen dagoen harresiak 247 metro dauzka, eta 2,5 hektareako zabalera barneratzen du; bigarrena, maldatik beherakoa, 560 metro luze da, eta 7,5 hektareako esparrua babesten du. Orotara, bi harresiek hamar bat hektarea gordetzen dituzte barruan.

Babioko aztarnategia
Jon Obaldia, induskatutako harresiaren irudi bat eskuetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Aranzadi lanean hasi baino askoz lehenagotik ezaguna zen aztarnategia. Maria Jose Iarritu, Javier Gorrotxategi eta Jose Luis Martinez arkeologoek topatu zuten, 1981ean, eta haren berri eman zieten Felix Muga eta Armando Llanos arkeologo eta etnografoei. Haiek, Arabako Institutuko Arkeologiako kideekin batera, azterketa bat egin zuten urte berean, eta baieztatu zuten hangoa Brontze Aroaren amaierako eta Burdin Aroaren hasierako herri harresitu bat izan zela.

Babioko herri harresitua aztarnategi inbentariatu izendatua dago, baina ez dauka babes legalik. Gaur arte bost indusketa egin dituzte, eta eremu dena estali dute gero. Ingurua ez dago hesitua, eta ez da harritzekoa aldiro mendizaleak ikustea paseoan edo bizikletan. Iparraldera, mendebaldera nahiz ekialdera so eginda, magal maldatsuetan amiltzen da aztarnategia. Hegoaldea, berriz, eremu zabala da, eta handik da errazen tontorrera igotzea. Burdin Aroan, etsaiengandik defendatzeko nekezagoa zen eremu hori. Miaketa geofisikoei eta indusketei esker, arkeologoek egiaztatu dute bigarren harresia, hegoaldekoa, altuagoa eta zabalagoa zela, hain justu ere, herrixka hobeto babesteko.

«Lehen aldia da Burdin Aroko herri harresitu bat induskatzen dena Aiaraldean. Ezaugarri hauek dituen bakarra da inguru honetan»

JON OBALDIAAranzadi elkarteko arkeologoa

Indusketetan, harresien barneko eta kanpoko hormak identifikatu dituzte, baina baita haien artean zegoen betelanaren konposizioa ere. Obaldiak azaldu duenez, garai bateko aztarnategietan, harresitik alboetara dagoen tarte bati terraza itxura eman zioten, maldan zegoen eremua laua bihurtu eta bertan etxebizitzak eraikitzeko. «Babioko bi harresietan identifikatu dugu etxebizitzak gainean eraikitzeko aterrazamendu antropiko hori. Oraindik ez dugu topatu zer-nolako forma zuten etxebizitza horiek; ez dakigu oinarria zer motatakoa zen, baina badakigu egon bazeudela». Gainerako eremuan, maldan geratzen den horretan, abereak gordetzen zituzten. «Abereak ziren bertako biztanleen aberastasun iturria. Nekazaritza ere menperatzen zuten; topatu izan ditugu gari haziak, esaterako».

Aztarnategian askotariko datazioak egin dituzte, eta den-denek Brontze Aroaren amaieraren eta Burdin Aroaren hasieraren artean kokatzen dute herrixka, «bete-betean». Hala, Obaldia arkeologoaren zuzendaritzapean lan egiten duen taldeak lortutako dataziorik zaharrena Kristo aurreko 800. urtekoa da, eta modernoena, berriz, Kristo aurreko 400 urtekoa. Hainbat elementu datatu dituzte karbono 14 teknika erabilita. Ikatzaz gain, animalien haginak ere datatu dituzte, kolagenoaren proba eginez, eta baita haziak ere, «kronologia oso mugatua» eskaintzen dutelako. «Eta horrek denak kronologia oso fidagarria ematen digu, ia absolutua. 30 urteko zalantza tarte bat baino ez digu uzten 3.000 urteko epean, pentsa!».

Aurkikuntza bereziak

«Berezia» da Babioko aztarnategia, tamainagatik batez ere. «Nahiko zabala da Burdin Aroko aztarnategia izateko: kasu arraroa da», azaldu du Obaldiak. Baina tamaina ez da bitxitasun bakarra. Berezi egiten duten bestelako ezaugarri batzuk ere baditu gotorlekuak, eta bi aipatu ditu Aranzadikoak. Batetik, nabarmendu du harresiari itsatsita topatu dituzten buztin egosiz egindako pieza handi batzuk erakusten dutela harresi biak «luzituta» zeudela: «Lehenengo harresia buztin egosiko kapa batekin luzituta dago, eta gure teoria da harria babesteko baliatu zutela. Izan ere, kareharri tupatsua da bertako harri nagusia, eta samur higatzen da».

Bestetik, harresiko sarbideak ere identifikatu dituzte, eta ikusi dute badutela eten bat, poterna esaten zaiona. Indusketa lanetan ateratako argazki bat erakutsi du Obaldiak, azalpenak argiagoak izan daitezen, eta esplikatu du ate txiki antzeko hori gutxi-asko harrizko bloke baten tamainakoa zela, 40-50 zentimetrokoa: «Pasabide bat zen, harresiaren bidezidorra litzatekeena; pertsona bat igarotzeko bezain zabala zen, eta bigarren harresiko sarrerari begira zegoen zuzenean». Eta geroagoko etapa batean, agian defentsa kontuak tarteko, sarrera hori ixteko erabakia hartu zutela uste dute arkeologoek. Nahiko bitxiak dira bi aurkikuntza horiek, bai poterna eta baita horma luzitua ere, Obaldiak nabarmendu duenez: «Ez dira oso ohikoak».

Lehen harresiaren aztarnak erakusteko asmoz, tontorrerako bidea hartu du Obaldiak. Lasai asko bazkatzen ari diren zaldien ondoan gelditu, eta Nerbioi ibaiak sigi-sagan zeharkatzen duen Aiaraldeko harana bere zabalean erakusten duen begiratokiaren aurrean paratu da. «Hemen dago garrantzitsuena», esanez ekin die azalpenei. Eta jarraian eman ditu, luze eta zabal, aztarnategiaren kokalekuari eta han bizi zirenei buruzko xehetasunak. «Herrixka hau toki estrategiko batean kokatu zuten», azaldu du. «Babioko herrixka haranari begira egotea ez zen kasualitatea, hango biztanleentzat toki ezin aproposagoa baitzen merkantzien sarrera eta irteera eta giza joan-etorria kontrolatzeko».

Babioko aztarnategia
Aztarnategiaren goiko partetik, mendi tontorretik, Aiaraldeako haran osoa ikus daiteke. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Babiokoa, gainera, ez zen garai hartako herrixka bakarra. Inguruan badira Burdin Aroko beste zenbait aztarnategi —Santa Agedakoa, Santa Kristinakoa, Pereñagakoa... —, eta horrek erakusten du, Obaldiaren hitzetan, orduko herriek edo tribuek toki horiek hautatu zituztela eskualdearen kontrol «geoestrategikoa» izateko. Indusketako zuzendariak azaldu du Brontze Aroaren amaiera eta Burdin Aroaren hasiera «garai oso ezegonkorra» izan zela, migrazio handikoa, eta herritarrek toki estrategikoak bilatzen zituztela horietatik babesteko. Hala egin zuten Babioko herri gotortukoek ere: «Ez ziren ergelak: ongi asko zekiten zer egin».

«Babioko herrixka haranari begira egotea ez zen kasualitatea, hango biztanleentzat toki ezin aproposagoa baitzen merkantzien sarrera eta irteera eta giza joan-etorria kontrolatzeko»

JON OBALDIAAranzadi elkarteko arkeologoa

Hiru mendizale iritsi dira orduantxe mendi tontorrera, eta, Obaldiaren kontaketak arreta piztuta, han geratu dira, entzule. Azaltzen jarraitu du arkeologoak, kazetariak eta bisitari berriek aldiro egiten dituzten zalantzak argituz. Halako batean, haranari bizkarra eman, eta, Garobel mendilerrora begira jarrita, esplikatu du Babioko herrixkan bizi zirenak autrigoi tribukoak zirela, abeltzaintzatik bizi zirela nagusiki —aztarnategian abereen hezur ugari topatu dituzte, gehienak ahuntz eta ardienak, eta baita gaztandegi baten arrastoak ere—, eta esku artean duten hipotesi nagusia dela animaliak mendilerroko mendietara eramaten zituztela bazkatzera. Kontatu du 300-500 pertsona inguru bizi izan zirela bertan, baina gehienek ez zutela han urte osoa ematen —ezta inguruko mendietako gotorlekuetan ere—; haranean bizi zirela, «bizirik irautea errazagoa» zitzaielako han.

Arkeologoek oraindik ez dakite zehatz-mehatz tribuak zenbat urtez izan ziren Babioko lurretan, baina, lurraren metatzea eta harresiak erori eta berritu zituztela erakusten duten arrastoak aztertuta, ondorioztatu dute laurehun urte inguru izango zirela. «Burdin Aroaren bigarren zatia ez dago bermatua hemen, burdinarik eta gisako material peto-petorik ez dugu-eta topatu», argitu du Obaldiak.

Harrobia eta materialak

Tontorretik behera, lehenengo harresiaren aztarnei segika, azaltzen jarraitu du Aranzadiko adituak. «Hau zen haien harrobia: hemendik ateratzen zituzten harriak betelanerako, terrazak egiteko eta harresirako», esan du lurretik ageri diren eta bide baten itxura hartzen duten harkaitz leun batzuen gainean makurtuta. Hortxe esplikatu du indusketetan hainbat material topatu dituztela, biltegiratzeko zeramika handiak, plater eta ontzi txiki dekoratuak, eta baita metalezko hainbat elementu ere, «errematxeak nagusiki». Aparteko piezak ere aurkitu dituzte: gerriko dekoratu bat filigranekin eta burdinazko lantza punta bat, ehiza egiteko edo «erromatarren tropek erabiltzen zituzten horietakoa» —erromatar aztarna gehiago topatu dituzte: pilum lantza baten pasadorea, esaterako—.

Babioko aztarnategia
Harresia egiteko erabilitako harria harrobitik ateratzen zuten. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU

Nekropolia identifikatzea falta dute oraindik, baina ia ezinezkoa izango dela aitortu du. Burdin Aroan, oro har, hildakoak erraustu egiten zituzten; eremu Atlantikoan ohikoa zen errautsak zeramikazko ontzi handietan sartzea, lurrean lurperatzea eta harri batekin estaltzea. Herri iberiarrek eta zeltiberiarrek herrixken kanpoaldean izaten zituzten nekropoliak, sarbideetatik gertu, baina Babion ez dute halakorik topatu, «zoritxarrez». Nekropoli posible horren bila, Babioko Frantsesen kobazuloan sartu ziren Aranzadikoak duela urte batzuk, 1981ean hainbat arkeologok bi gorpuzki topatu zituztelako bertan, eta, haien arrastoari segika, inguruan hezur gehiago bilatzen aritu ziren elkartekoak, luze; alferrik, baina.

Herrixka harresitutik irten eta etxerako bidea hartu bitartean, Obaldiak azaldu du bost urte hauetan aztarnategiko puntu ia guztiak aztertu dituztela, bai harresiaren barrualdekoak, baita kanpoaldekoak ere. Aurten ez dute indusketarik egingo, baina ikertzen jarraituko dute, eremuaren azterketa topografikoa eta ikuskaritza geofisikoa eginez lur azpiko egiturak atzemateko. Besteak beste, etxebizitza baten oinarria topatu nahi dute. «Nolako etxebizitzak zituzten jakitea falta dugu. Hori da datozen urteetako erronka nagusia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.