«Musika margotu egin dugu. Ez al da hori gauza ederra?». Marijo Lojo Escalante artistari irribarre handi bat marraztu zaio aurpegian Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean bildutako obrei behatu eta azalpenak ematen hasi denean. Sabin Salaberri musikari eta konpositorearen (Aramaio, Araba, 1934) ibilbide profesional eta pertsonala inspirazio iturri hartuta eta haren musikatik edanda Koloredun notak izeneko erakusketa ondu duten zazpi artistetako bat da Lojo, eta azaldu du pinturaren eta argazkilaritzaren bidez «omenaldi xume» bat eskaini nahi izan diotela musikari arabarrari, hark 90 urte bete dituela eta. Inspirarte eta Urrezko Zeledoiak elkarteek elkarrekin antolatu dute bilduma, eta urriaren 2ra arte egongo da zabalik.
Salaberriren bizitzaren jiran egindako hogei bat artelanekin osatu dute erakusketa. Margoekin eta pintzelekin batzuk, argazki kamerekin besteak. Blanca Abajo Alda, Karol Fernandez Arberas, Amaya Camoeiras, Marijo Lojo Escalante, Ana Diaz de Espada, Zirika eta Susana Camoeiras artistek hainbat piezatan iltzaturik utzi dituzte musikari aramaioarraren bizitza, lanbidea, zaletasunak eta karisma. «Zenbait diziplinatatik begiratu diogu; ez dago hori baino omenaldi politagorik», erantsi du Lojok.
Musikari erreferentzia egiten diote ia irudi guztiek. Partiturak nonahi ikus daitezke, eta baita biolinari, organoari, pianoari eta abesbatzari egindako keinuak ere. Konpositore gisa musika koralean sortu zuen lan gehien Salaberrik, eta pianoa eta organoa beti izan ditu bidelagun. Hain zuzen ere, aretoan jarritako lehen piezak eliz musika du helduleku: organo baten tutuak egin ditu Abajok zurarekin, eta teknika batekin herdoildu ditu gero, baita tamaina eta forma ezberdinak eman ere. Amaya Camoiresek, berriz, musikari arabarrak biolinarekin izan duen gertuko harremana koloreztatu du koadro batean, eta, argazki batekin jolas eginez, konpositoreak Araba abesbatzarekin izandako lotura irudikatu du beste batean.
«Zenbait diziplinatatik begiratu diogu [Sabin Salaberriri]; ez dago hori baino omenaldi politagorik»
MARIJO LOJO ESCALANTE Artista
Areto txikiaren bi hormetan jarritako obren egileen artean, Susana Camoeiras da argazkilari bakarra. Argazkilariaren bi lan ikus daitezke erakusketan. Batean, pianoa jotzen duten esku batzuk islatu ditu argazki muntaketa sotil eta iradokitzaile batean. Bestean, Aramaioko mendiak eta musika partiturak uztartu ditu.
Erakusketaren lan «garaikideena» ondu du, bestalde, Fernandez Arberasek. Salaberrik bere obrak sortu ahal izateko egin zituen partituren «zirriborroak» irudikatu ditu artistak; marra beltzak dituzten orri zimurtu batzuk utzi ditu lurrean barreiaturik, eta beste batzuk eskegi egin ditu horman. Diaz de Espadak, berriz, musika «barru-barrura» iristen dela bistaratzeko bihotzak marraztu ditu.
Euskarari bere tokia
Musika, baina, ez da artelanen gai bakarra. Euskarak ere badu presentzia. Eta handia. Euskal kulturari ekarpen itzela egin dio Salaberrik musikaren eta konposizioaren bidez –Araba abesbatza sortu zuen, eta Gasteizko kontserbatorioan euskarazko eskolak bultzatu, besteak beste– eta erakusketako hainbat piezak keinu egiten diote artistaren alde horri. Zirika-k, esaterako, Salaberriren esaldi ezagun bat eraman du horman eskegitako taula urdin batera: «Ni arabarra naiz/ nire gurasoak arabarrak izan ziren/ nire seme-alabak arabarrak dira/ eta denek euskaraz hitz egiten zuten/ hitz egiten dugu/ eta hitz egingo dugu». «Araban euskaraz ez zela inoiz egin irakurri zuen nonbait Salaberrik, eta horri erantzunez idatzi ei zuen esaldi hori», gogoratu du Lojok.
Artelan horren ondoan Zirika-k egindako beste bat paratu dute: zurezko pieza bat da, hura ere horman itsatsia, baina oraingoan musikari aramaioarraren izen-abizenekin osatua. Horixe baita lana: Sabin Salaberri izena hiru dimentsiotan. Eta, hizki bakoitzari gertutik erreparatuz gero, Salaberriren bizitzarekin lotutako elementuak ageri dira, kolorez margotuta.
Antzeko ideia batekin jolastu nahi izan du Lojok erakusketarako sortu duen pieza osatzeko. Salaberriren bizitzaren pasarte garrantzitsuenak artelan bakar batean islatu ditu artistak. Horretarako, Chesterestiloko sofa bat erabili du, eta haren oihalean kolore biziz margotu ditu musika konpositore eta irakaslearen ibilbidearekin lotura estua duten zenbait elementu: organoa, Aramaioko mendiak, eguzki lorea, txantxangorria, ikurrina, partiturak... «Eta zergatik sofa hori? Bada, nik Salaberri beti imajinatzen dudalako bere etxeko egongelan, lasai, musika sortzen», azaldu du. Sofaren ondoan, lurrean eta ispilu baten gainean, bi zapata handi ageri dira— «Salaberrirenak izan zitezkeenak»— haiek ere kolore biziz margotuta. «Musikariak nire obran izan duen isla irudikatu nahi izan dut, kolorez, musika koloretsua baita».