DONOSTIA 2016 kultur hiriburutza

Xabi Payak, Enara Garciak eta Garbiñe Muñoak osatuko dute behin-behineko zuzendaritza

Guadalupe Etxebarria kultura zuzendaria proiektutik kanpo geldituko da.

Patronatuaren gaurko bilera. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
Berria
2014ko apirilaren 4a
11:21
Entzun

Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak bilera egin du gaur eguerdian Itziar Nogerasen kargu uzteak eragindako krisia aztertzeko, eta lehenengo erabakiak hartu ditu. Zuzendari nagusi berri bat aukeratu arte, zuzendaritza kolegiatua izango du kultur hiriburutzak, eta Donostia 2016n aritu diren hiru pertsonak osatuko dute: Xabier Paya kultur proiektuen koordinatzaileak, Garbiñe Muñoa zuzendari ekonomikoak eta Enara Garcia parte-hartze arduradunak. Payak beteko ditu bozeramaile lanak. 

Zuzendaritza tekniko berria behin-behinekoa izango da, eta Donostia 2016ren egitasmoak aurrera egin dezan lan egingo du. Gainera, Santi Eraso eta Txuri Aranburu izango ditu aholkulari. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta patronatuaren presidenteak azaldu duenez, erabakia langileekin adostuta hartu dute.

Horrenbestez, Guadalupe Etxebarria Kultura zuzendariak ez du segituko proiektuan. Itziar Nogeras orain arte zuzendari nagusi izan denak atzo esan zuenez, Etxebarriaren soslaia ez zaio egokitu Donostia 2016ren beharrei.

Behin-behineko zuzendaritza teknikoak datozen hilabeteetarako plangintza bat aurkeztuko du hamar eguneko epean, eta Izagirrek adierazi duenez, instituzioetako ordezkariak astero bilduko dira aurrerantzean zuzendari nagusi berria aukeratzeko. Izagirrek ez du aurreratu hautaketa lehiaketa publiko bidez egingo den.

Gaurko bileran Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek hartu dute parte. Ez, ordea, Espainiako Kultura Ministerioak. Maria Teresa Lizaranzu haren ordezkaria ez da bertan izan, "atzerrian dagoelako". Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak adierazi du Lizaranzu ez egotea ez dela ulertu behar "mespretxu gisa".

Gonbidapena

Izagirrek Donostiara gonbidatu ditu Kultur Hiriburutzaren Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideak, “proiektuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagut ditzaten”.

Gutun bidez egin dio gonbidapena Izagirrek Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeari: “Donostiara etor zaitezten gonbita egiten dizuet, bertatik bertara ezagut dezazuen DSS2016EU Fundazioa egiten ari den lana”.

Donostiako alkateak gogorarazi du Jarraipen Batzordeak eskuetan duela Donostia 2016ren lantaldea egiten ari den lanaren berri jasotzen duen txostena. Hain zuen, martxoaren 31n igorri zion Donostia 2016k Europara txosten hori, egiten ari diren lanaren gaineko xehetasunak biltzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.