Lotura asko sortu ditu Xabi Solanok «bi» hitzaren inguruan. Bakarka grabatu duen bigarren diskoa da. Bi bateria jotzailek hartu dute parte. Baxu jotzaileak ere bi izan dira. Bi lekutan ekoitzi du diskoa, bi ekoizlerekin. Bi diskok osatzen dute Bi. Hernaniko trikitilariaren lan berrian kolaborazioak egin dituztenak, ordea, hamaika izan dira; baita sortzeari eta grabatzeari eskainitako orduak ere.
Gaur goizean aurkeztu du Solanok Bi diskoa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Duela hiru urte argitaratu zuen Ereñotzu, bakarlari gisa plazaratu zuen lehen diskoa; musikalki, lan berriak hark baino «rock kutsu handiagoa» duela aitortu du, baina folka dela «erabat» azpimarratu. Abestiez gain, partiturekin osatutako liburu bat ere argitaratu zuen lehen diskoarekin: «Disko bat ateratzen dudan bakoitzean, zerbait berezia ateratzea gustatzen zait; horregatik okurritu zitzaidan, nire bigarren diskoa izanda, bi disko sartzea». Bi diskoaren lehen zatian Solanok berak konposatutako hamahiru abesti berri daude, eta bigarrengoan, berriz, musikan daramatzan «urte guzti hauetan» egin dituen bertsio batzuk bildu ditu. Lehen lana Mark Desousak ekoiztu du, Valentzian —Zoo, Aspencat edo Obrint Pasekin lan egindakoa da—, eta bertsioena, berriz, Haritz Harregik, Usurbilen (Gipuzkoa).
Besteak beste Etzakit, Fermin Muguruza eta Esne Beltzarekin jarduteagatik egin da ezagun Solano. Trikitilariak bere etxean egin du grabaketa ia osorik: «Diskoa hastea zaila izan zen; grabatzen hasi behar nuen, eta ez nekien oso ondo nola egin». Horregatik, ingurukoek askotan proposatu zioten ideiari heldu, eta etxean estudio txiki bat jartzeko pausoa eman zuen. Bateriak, ordea, Harregiren estudioan grabatu behar izan ditu: «Bizilagunak haserretuko zitzaizkidan bestela». Etxeko grabaketetan Aitor Saizar izan du lagun; hura izan da diskoko teknikaria. «Etxean eta lagun artean osatutako lan bat da». Hitzak, trikitilariaren ibilbidean ohikoa izan den moduan, Jon Garmendia Txuria-k egin ditu. «Niri buruzkoak dira, nik barruan ditudanak, asko inporta zaizkidanak», azaldu du Solanok.
Hamaika
Orain, bakarkako ibilbidean murgilduta dabil musikaria, baina jende mordoxka bat bildu du bere inguruan Bi grabatzeko. «Udan hasi ginen lanean, eta abestiak pixkanaka landuz joan gara; behin hori amaitutakoan, abestiek nolako kolaborazioak behar zituzten pentsatu genuen». Horrela, pixkanaka, kolaboratzaile zerrenda luzea osatu du. Solanoren etxean izan dira Iban Zugarramurdi eta Haritz Beristain Txiki bateria jotzaileak; Aitor Zabaleta eta Koldo Soret baxu jotzaileak; Sua, Nøgen, Arkada Social eta Moonshine Wagon taldeetako kideak; Maren abeslaria; eta A.M.A.K. taldea, tartean Kistiñe Solano, Xabiren arreba. Euskal musika eszenan azken urteetan nabarmendu diren taldeak daude zerrenda horretan, protagonismoa «aurpegi berriei» eman nahi izan dielako Solanok.
Bertsio baten bideoklipa aurkeztu du gaur: «Badago niretzat oso berezia den kantu bat bertsioen artean; parrandara ateratzen naizenean asko animatzen nau, oso positiboa iruditzen zait kantua». Kupela taldearen Txakolina abestiari buruz ari zen. Hala, bertsioa egin eta bideoklipa kaleratu du, abestiari bere ukitua emanda. Besteak beste, Esne Beltzak eta Alaitz eta Maider bikoteak elkarrekin jotzen zuten Amets bat kantuaren bertsio bat ere sartu du diskoan.
Bi formatutan
Gaur egungo joerei ez die men egin diskoaren luzeran, eta 23 abestik osatzen dute Bi: «Egia da disko oso laburrak ateratzeko joera dagoela —Esne Beltzaren azkenekoa ere zortzi abestikoa izan zen—, baina oraingoan lehen egiten genuenera jo nahi izan dut».
Durangoko Azokan bi formatutan egongo da salgai Bi, CDan eta USBan, «jende askok jada ez duelako diskoak entzuteko euskarririk kotxean». Zuzenean, berriz, Kistiñe arrebarekin, Zigor DZ Djarekin eta beste musikari batzuekin aurkeztuko du bere azken lana Solanok.