Bertsolaritza

Xabier Amurizak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Bertsolaritzan eragindako “iraultza” nabarmendu du epaimahaiak nagusiki, baina literaturan, itzulpengintzan eta euskaran egindako lana ere txalotu diote

Xabier Amuiza bertsolari, idazle eta ikerlaria. ARTIZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 17a
15:16
Entzun

“Bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista da”. Laburrean, horregatik eman dio Eusko Ikaskuntzak aurtengo Manuel Lekuona saria Xabier Amurizari (Zornotza, Bizkaia, 1941). Diziplinaren bilakaeran mugarri izateagatik. Baina ez horregatik bakarrik. “Ahozkatasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin du”. Gaur eman dute jakitera izendapena, erakundearen Bilboko egoitzan, eta bertan izan dira Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta saritua bera ere. Eskerrak eman ditu lehenik Amurizak, eta oso pozik dagoela gehitu du. “Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko eta kulturala delako”, eta Amurizak zehaztu duenez, bere ibilbide osoa letren munduan egin arren, beti izan duelako “grina zientifiko bat”. “Bertsolaritzari buruz egin ditudan ikerketetan, eta Euskararen bigarren jaiotza saiakeran, nire pentsaera jarrera zientifiko batekin egin ditut.

Bertsolari izateaz gainera, idazle, itzultzaile eta ikerlari ere bada Amuriza, eta alor horietan egindako ekarpenak ere izan ditu gogoan Eusko Ikaskuntzak. Eta esparru horietan guztietan egindako lana “ikaragarria” dela baieztatu dute. “Erreferente absolutua da”, zehaztu du Dorronsorok. Eta saria jaso duen lehen bertsolaria dela ere gehitu du.

Haize berriak

Bertsolaritzari egindako proposamen estetikoa ere goratu du epaimahaiak. Eta 1980ko Bertsolarien Nazio Lehiaketa irabazitakoan ekarri zuen aire berria aipatu dute horren adibide. “Edukian eta formetan aldaketa baten hasiera eta abiapuntua ezarri zituen”. Euskara batuan abesten zuen, lengoaia berria zekarren, eta ordura arte maizegi erabiltzen ez ziren neurri eta irudi literarioak baliatzen zituen. “Iraultza” ekarri zuen horrek guztiak bertsolaritzan, Eusko Ikaskuntzako ordezkariek zehaztu dutenez. 1982an berriz irabazi zuen txapela nagusia.

2016an erabaki zuen jendaurreko bertsolaritza uztea. Eta hala azaldu zion erabakia Berria egunkarian Ander Perez kazetariari: “51 urte daramatzat hara eta hona, bertsolaritza bide dela zergintza askotan parte hartzen, ekintza askoren jantzigarri, berme, lagungarri. Saioa bizibide bat izan da niretzat, baina baita militantzia modu bat ere. Hori guztia ere utzi nahi dut, presentzia publiko hori”.

Espetxean teorizatzen

Idazten jarraitzen du, halere, eta Neska bat leku inposiblean nobela da argitaratu duen azken lana. Abade zela Zamorako espetxean bizitakoak oinarri dituen eleberria, hain zuzen ere. Josu Naberan, Julen Kaltzada, Alberto Gabikagogeaskoa eta beste hainbatekin egon zen kartzela hartan Amuriza, eta han zeudela egindako ihesaldi saiakera bat da literatura bilakatu duena. Eta funtsezkoa da sortzailearen sasoi hori aipatzea ere, erabat lotuta baitago euskal kulturari egindako ekarpenarekin.

1965ean ordenatu zen abade eta Frankismoaren errepresioa salatu eta euskal kulturaren berpizkundea bultzatzeko Gogor izeneko abadeen mugimenduko parte izan zen. Zamorako abadeen espetxean ere egon zen horren ondorioz, eta 1968tik 1975era luzatu zitzaion espetxealdia. Garaiko kideek kontatzen dutenez, bertso eta euskara eskolak emateko baliatu zuen Amurizak sasoi hura, eta ordukoak dira haren lan teoriko nagusiak ere: Hiztegi errimatua eta Hitzaren kirol nazioanala. 1976an utzi zuen sotana, eta Bizkaiko batzarkide eta Eusko Legebiltzarkide ere izan zen Herri Batasuna alderdiarekin. Eta ezaguna da 1981eko pasadizoa. Espainiako Erregeak Gernikako batzarretara egindako bisitan, Eusko gudariak kantatzea erabaki baitzuten Amurizak eta kideek. Irainak egotzita isuna jarri zioten lehenik, eta bi hilabete pasa behar izan zituen kartzelan gero, isun horiek ordaintzeari uko egiteagatik.

Artean oraindik apaiz zela hasi zen herriz herri bertso eskolak antolatzen. Bertsolaria jaio egiten zela esan ohi zen orduan, eta bertsolaria egin egiten dela erakutsi nahi izan zuen Amurizak. Horretarako prestatu zuen bertsolaritza irakasteko metodoa, eta horretarako hasi zen herriz herri eskolak ematen. Eta, hain zuzen ere, eskola horiek aipatzen dituzte adituek bertsolaritza modernoaren hazitzat.

Berezko bertsolariaren mitoa

Eskolekin hasi zenean, han-hemenka maiz errepikatzen zizkioten hiru galdera izan zituen gogoan bertsolariak, Berriari 2015ean eskainitako elkarrizketa batean. “Lehenengoa: bertsolaritza berezkoa den ala ikas daitekeen. Bigarrena: euskaldun berria izan daiteke bertsolari? Eta hirugarrena: neskak ere bai, ala ez? (...) Tabu horiek erori ziren berehalaxe eskoletan, baina bertsolaritza zabalean luzeago iraun dute”. Bertso eskolena “Euskal Herrian zabaldu zen halako birus zorioneko bat” izan zela ere gehitu zuen.

Eusko Ikaskuntzak ematen du Manuel Lekuona saria, baina Internet bidez jasotzen dira hautagai izan daitezkeen pertsonen izenak, eta mistoa da saria hautatzen duen epaimahaia. Aurten ordezkaritza izan dute bertan, besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak, Jose Miguel Barandiaran Fundazioak, Vianako Printzea Erakundeak, Euskalerriko Adiskideen Elkarteak, Unesco Etxeak eta Etxepare Euskal Instituak. 1983an sortu zen saria “euskal komunitate globalarentzat” ekarpen garrantzitsua egin duten ibilbide luzeko jendearen lana aitortzeko. Manuel Lekuona bera saritu zuten lehen edizioan, eta Jorge Oteiza, Joan Mari Torrealdai, Soledad de Silva , Mentxu Gal, Piarres Xarriton eta Fermin Leizaola ere badaude saria jaso dutenen zerrendan.

Xabier Amurizak jasoko du orain Remigio Mendiburu eskultoreak sortutako brontzezko eskultura. Udaberrian egingo dute sari banaketa, baina oraindik ez dakite data eta leku zehatza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.