Xarmak bizitzari «aurrez aurre» begiratu dio bere bigarren diskoan

'Karenka' lana kaleratu du taldeak, hamabi abestirekin; lehenean baino «askoz ere indartsuago» itzuli dira

Maite Alustiza.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Gure ideiak aldarrikatzeko bide bezala ulertzen dugu musika, eta aldarrikatu behar duzunean, beti da zerbaiten aurrean. Aurrez aurre jarri behar duzu zeure buruarekin nahiz gizartearekin». Hala azaldu du Itsaso Gutierrezek, Xarma taldeko abeslari eta gitarristak, taldearen bigarren diskoaren funtsa. Karenka izena eman diote. Ondarroa aldetik jaso dute hitza, inguru hartan hori erabiltzen baitute aurrez aurre adierazteko. «Indartsua izateaz gain, euskarazko hitza delako aukeratu dugu, baina, aldi berean, ez delako Euskal Herri osoan ezaguna».

Hamabi kantuz osatu dute diskoa, aurrekoa baino «askoz ere indartsuagoa», estilo eta eragin askorekin. «Metaleroa eta rokeroa izan daiteke, baina batzuek esan digute punk kutsua ere baduela». Gutierrezen arabera, «denek handik eta hemendik hartzen dugu» bizitzaren arlo guztietan; azken finean, «gustuko zaizkigun gauzen nahasketa baikara». Gainera, musika estilo asko entzuten dituzten taldekideak izanik, «zertzelada oso ezberdinak» jaso dituzte Karenka-n.

Duela bi urte kaleratu zuten euren lehen lana, Amarauna. Aldatu da taldea geroztik. «Nortasuna finkatzen laguntzen du denborak, baita gure artean elkar ezagutzen ere». Taldekide aldaketa ere izan dute. Aurreko bateria jotzailea Zain taldean ari da orain, eta Keike taldean aritutako Denis Alberdi batu da taldera. Lehen disko hura aurkezten ari zirela suertatu zitzaien bigarrena egiteko aukera. «Danbaka musika lehiaketan aurkeztu ginen, zuzeneko bat emateko itxaropen bakarrarekin. Irabazi genuenez, diskoa grabatzeko aukera eman ziguten; Shot estudioan egin dugu, Iñaki Bengoarekin».

Elkarlana bereizgarri

Gutierrezen eta Jon Kirru Iparragirre gitarrista eta abeslariaren artean ontzen dituzte abestiak. «Askotan nahiko lan intimoa izaten da abestiak egitearena, baina egia da elkarlanean asko funtzionatzen dugula; Xarmaren bereizgarri bat da hori», Gutierrezen ustetan. Iparragirreren eskutik heldu zen Ondarroako RSK taldearen bertsio bat egitearen ideia. Gaztetxean jotzen zuen garaian alboan izaten zituen, eta «oso kuttunak» omen ziren inguru hartan. Horregatik, «garai haren omenez eta gaztetxe eta lokaletan aritzen diren taldeen omenez» egin dute bertsioa. Gehienetan atzerriko taldeen eta talde ezagunen bertsioak egiten direla uste du Gutierrezek, eta, haren ustetan, «xarmangarriagoa da hain ezaguna ez den talde baten bertsioa egitea».

Autoekoizpenetik jo du Xarma taldeak. Diskoetxe batekin lan egiteko aukera izan badute ere, euren kasa aritzea erabaki dute, alde on eta txarren inguruan hausnartu ondoren. «Lan handia eskatzen du, ez duzu etenik, eta lan zama horretan sortzen diren trabei ere aurre egin behar zaie. Baina, azken finean, ahalegina egitea eskatzen duen guztiak ematen duen poza eta indarra askoz handiagoa da, beste edonork zure lana hartu eta haren kaxa ateratzen badu baino». Horregatik erabaki dute euren lanaren kudeaketaz arduratzea, baita Euskal Herriko musika munduaren egoeraz jakitun direlako ere:«Errealistak gara, eta badakigu jendeak ondo pentsatzen duela zertan inbertitu. Eskaintza asko dago, baina eskaera gutxi, eta guk nahi duguna da gure musika eta gure ideiak kalera ateratzea».

Euskal Herriko hainbat txokotan aurkezpena egin ondoren, Durangon (Bizkaia) izango dira abenduaren 4an, Ahotsenean, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.