Xextra giroko despedida

Latxen bizi zen garaian, Txirritaren familia auzoko beste familiarekin haserretu zen. Baserria uztean, hitz gogorrekin agurtu zuten elkar bi etxekoandreek.

Juan Luis Zabala
Hernani
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Txirritaren pasadizo eta bertso ugari betiko galdu badira ere, jasoak ere asko dira, haren iloba Jose Ramon Erauskinek egin zion idazkari lanari eta Antonio Zabalaren bilketa lan ikaragarriari esker neurri handi batean. Ez dute bertsolari guztiek zorte hori izan. «Xenpelar datorkit burura», dio Antonio Zabalak Txirrita: bizitza ta bat-bateko bertsoak liburuaren sarreran. «Denbora zen artean iñor arekikoak biltzen alegindu balitz, beste Xenpelar bat izango genduke gaur».

Txirritaren Latxeko garaiaz, ordea, ez dago asko jakiterik, normala denez, gero Txirrita bihurtuko zen Jose Manuel Lujanbio izeneko mutiko hura plazako bertsolari egin gabea baitzen han bizi zen artean. Erauskinek kontatu zizkion, hala ere, Txirritaren garai hartako pasadizo batzuk Zabalari, xextra giro gordin samarrekoak gehienak.

Okerren bat egiteagatik zigortuta komunean zela, oilaloka bat bere txitekin ikusi omen zuen Jose Manuel mutil koxkorrak, eta zer egingo eta txita denak komuneko zulotik behera bota. Hori jakin zutenean, maistrak eta amak sekulako jipoia eman omen zioten buruzariarekin, otarrak jira guztian izaten duen makilarekin. Zahartu eta gero ere oso gogoan izan behar zuen Txirritak zigor hura. Baita nola biharamunean maistra eta ama ikusi zituen ere, eta zer burutazio izan zuen berak orduan: «Dudan-dudan egon nintzan, biak artu eta bidetik goitik beera botako ote nituan».

Sagar batzuen prezioa zela-eta auzoko familia batekin izan zuten xextraren berri ematen du beste kontakizun batek. Xextra haren ondoren ezinikusi gogorra sortu zen bi familien artean. Latxetik Txirritara aldatzerakoan, epelak entzun beharra izan zuten Lujanbio Retegi familiakoek beste familiako etxekoandrearengandik: «Zoazte, zoazte! Arraza gaiztoak alde egin dezala emendik!». Txirritaren ama Juana Josefa ez zen kikildu: «Ez, etxekoandre, ez. Gu bagoaz, baiña arraza gaiztoa bertan geratzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.