Urriaren 6an hasi zen Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko bertsolari txapelketa Altzürükün. Larunbatean Baionara helduko da Xilaba, Kanbon, Hendaian eta Donibane Garazin kanporaketak jokatu ondoan. Sei bertsolari sailkatu dira finalerako.
Finala aurkeztu zuten atzo Baionan, orain artekoaren bilan txiki bat eginez. Aurtengo edizioari «xapel meta» izenburua ezarri diotenez, txapelak banatu zituzten Xilaba aitzina eramaten dutenen artean. «Kantatu duten 16 bertsolariei, aurkezleei (bereziki hasi berriei), gai egile taldekoei, epaileei, saio hasieretan aipatu edo entzun diren bertso eskoletako haurrei, eta, azkenik, elkarteetan urteetan lanean ari izan direnei, eta oraindik ari direnei». Esker oneko hitz horiekin hasi zen Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria.
Larunbatean, haatik, txapel beltza banatuko dute, eta hori bakarra da. Emile Larre euskaltzain, apaiz, idazle eta Herria-ko ohorezko zuzendariak dio txapeldunari buru gainean jantziko. Hautu horren berri ematean, Joana Itzainak oroitarazi zuen «urteetan bertso saioen antolatzaile izan dela eta garaiko bertsolari gazteak lagundu zituela».
Final handia Baionara
Xilabaren hirugarren edizioa Baionan bukatuko da, aitzineko bi finalak Donibane Lohitzunen jokatu zirelarik. «Pario bat izan da lekuz aldatzea», Itzainaren erranetan. «Bi aldiz final arrakastatsuak egin ditugu Donibane Lohitzunen. Baionaren hautua egin dugu erakusteko Baionako herriari euskara hor dela eta euskaldunak badirela».
Mezuaren parte bat pasatu dela pentsa daiteke finala kari, Baionako herriko etxeak Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, egitarau txiki bat prestatu baitu Lapurdiko hiriburua bertsoz girotzeko. Gaur, 20:30ean, Kalostrape ostatuan Bertsolari filma erakutsiko dute, ostiralean Xabier Payak hitzaldia emanen du 18:15ean mediatekan, eta, azkenik, larunbatean, 10:00etan, Baionaren bisita abiatuko dute Maddi Ane Txoperena eta Ortzi Murua bertsolariek Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlearekin batean, herriko etxetik abiatuz. Halere, aipatzekoa da egitaraua iragartzeko prestatu duten eskupaperak kuriositate bat ekarri duela: finaleko afixa bera frantsesera itzuli dute.
Baina Baionako Lauga gela hautatu izanak baditu abantaila batzuk. Agendaren kasualitateak eraginik, manifestaldi nazionala izanen da arratsalde berean Herrira-k deiturik, eta «aldarrikapen egun bat» izanen dela entzun zen atzo bertsolarien ahotik. Jende gehiago erakar dezake finalera. 2.500 ikusle espero dituzte antolatzaileek, duela bi urteko finaleko kopurua baino gehiago.
Gaztetasuna saioetan
Antolatzaileek aurreikusten duten ikusle kopuruak ez du, halere, manifestaldiarekin zerikusirik. Aitzineko saio guztietan duela bi urteko kopuruak gainditu ziren. Halaber, belaunaldi gazteagoa sentitu da. Sei finalistetatik batek, Maddi Sarasuak, ongi islatzen du fenomeno hori: «Ohartzen naiz lizeotik jinen direla finalera, ni hor naizelako, ez bortxaz bertsoa maite dutelako». Sarasuak bezala, Ortzi Muruak, Battitt Crouspeyrek edo Maddi Ane Txoperenak belaunaldi berriak erakarri dituzte saioetara.
Sustrai Colina eta Amets Arzallus Euskal Herriko txapelketan finalistak izan ziren 2009an ere, eta horregatik sartzen dira zuzenean 2013an jokatuko den Txapelketa Nagusian. Larunbateko finalak txapeldun bakarra emanen badu ere, aipatu bi bertsolariez gain beste hiru sailkatuko dira Euskal Herrirako. Hori ere saria baita.
Ikusminik ez du ments izanen, beraz, larunbateko finalak. Zenbakiek ere hori erakusten zuten atzo, jadanik 700 sartze salduak izan baitziren.
Xilaba Laugan bukatuko da
Sei bertsolarik kantatuko dute Baionako finalean. Txapelaz gain, Euskal Herriko txapelketarako hiru txartel jokoan diraJadanik 700 sarrera saldu dira, eta 2.500 ikusle espero dituzte antolatzaileek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu