Literatura. Haur eta gazte literatura'XOLA ETA AMERIKETAKO IZEBA'

Xola Rarevitx

2011ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idazlea: Bernardo Atxaga.

Ilustratzailea: Mikel Valverde.

Argitaletxea: Erein.

Azkenik, kaleratu dute Xolaren laugarren abentura. Gutxitan bezala zabaldu da hedabideetan berria. Gurean Jon Fernandezek oraintsu aireratu du (BERRIA, 2011-05-20), eta besteetan ere tarte zabala eskaini diote. Norbaitek haien arrastoari jarraitu nahi badio, jo dezala Atxagaren blogera (www.atxaga.org). Eta ez da gutxiagorako, euskal literaturaren ezinbesteko irakurketen artean baitaude Xolarenak.

Oraingoan ere, jada estandarrak bihurtu diren Xolaren abenturetako ezaugarri guztiak konplitzen dira, bai gertaerei dagokienez, bai kokaleku eta denborari dagokienez. Esan nahi da etxe bueltan gertatzen direla gertatu beharrekoak, denbora labur batez eta ekintza anpulosorik gabe, txakurtxoaren izaeran zeharreko barne bidaia batean.

Badakizue zein uste handikoa den bere buruarekin Xola, zenbateraino galtzen duen iparra bereamets-bideetan nahastuta. Bada, oraingoan askatasuna aldarrikatzen hasiko zaigu, «gogoak ematen diona» egiteko eskubidea aldarrikatzen, araurik gabe ederki bizi dela esanez. Harik eta Ameriketako izebaren bisitak ikuspuntua aldaraziko dion arte.

Aurreko abenturetan ikasi zuen Xolak bere buruari tamaina hartu behar ziola, lehoien «handitasuna» gabe ere ondo bizi zitekeela etxeko epelean (Xolak badu lehoien berri; sagako lehena). Ikasi zuen, era berean, ezjakintasuna zein ausarta den eta zein gogaikarriak behartuta bete beharreko konpromisoak (Xola eta basurdeak; sagako bigarrena). Ikasi zuen bizilekuak zenbat molda dezakeen izaera, jaiotzetiko esentziak aldatzea zaila bada ere (Xola eta Angelito; sagako hirugarrena), eta oraingoan, sagako laugarren honetan, gure txakurtxoak ikasiko du norbere askatasuna besteenaren mugan amaitzen dela eta elkar errespetatuz bizi behar dela, elkarrekin biziko bagara. Ez da gutxi bere «kasko arinean» hauek denak sartu baditu.

Valverderen lanari dagokionez, ilustrazioa aurreko hiruren bidetik joan da oraingoan ere. Xola oso adierazkorra da, begien eta (bigarren) ahoaren keinuei esker bereziki, esandakoari ñabardurak azpimarratzen dizkio eta irakurleari fokua ez galtzen laguntzen dio (halere, Amerika maparen eskuinaldean jarri izanak despistatu ninduen).

Irakurle lanari dagokionez, testua irakurketa arinekoa dela iruditu zait; gainera, narratzaileak ez du iritzirik ematen eta irakurleari bere usteak eraikitzeko askatasuna ematen dio. Aukeran narratzailea jostalaria ere bada, begirunez portatzen dena, baina paternalismorik gabe. Eztia eta gozoa ere bada ahots hori, apur bat moda-modan dagoen testuko ia den-dena hitz errepikatuen bidez hanpatuz. Ildo beretik kultismoak eta hitzak fokuan jartzeko joerarekin jarraitzen du idazleak, sagako hirugarrenean bezain nabarmena izan gabe. Oraingoan rara avis esaera latindarrari tokatu zaio. Estilo kontuak dira, baina, nire ustez, idazle beraren Banbulo kultu hura gogorarazten du, eta arriskutsua gerta liteke, bi pertsonaiak nahastera ekar bailezake irakurlea. Esanak esan, plazer hutsa egin zait irakurraldia, aberasgarria ere bai.

Bi hitzetan esateko: disfrutatu dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.