Zinema. Estreinaldiak

'Xora' estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, ostiralean

Ipar Euskal Herrian euskaraz egindako lehen filma da, eta Maulen estreinatu zuten martxoan

gorka erostarbe leunda
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Martxoaren 10ean Maulen aurkeztu zuten Peio Cachenaut zuzendariaren (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1979) lehen filma, Xora. Aste honetatik aurrera Euskal Herriko hiriburuetako zinema aretoetan egongo da ikusgai. Aurrez, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eman zuten.

Egilearen estreinako lana soilik ez, Zuberoan egindako lehen filma, eta Ipar Euskal Herrian euskaraz egindako aurrenekoa da Xora. Duela hamar urte Lokarri izeneko film bat estreinatu zuten, baina pasarte batzuk baino ez zituen euskaraz. Gehiena frantsesez zen. Xora-n dena euskaraz egin dute, zubereraz.

Hainbat gauzatan lehena izateaz bat, Xora-k badakar berritasunik bere estetikan ere. Zuberoarekin lotu ohi den irudi bukoliko eta folkloristarik ez du topatuko ikusleak. 30 urte inguruko gau eskola bateko euskara irakaslea da protagonista nagusia, idazlea izatea gustatuko litzaiokeena. Hollywood ezizeneko idazle famatua du osaba, eta haren jardunak liluratzen du. Hollywoodek erretiroa hartu du, eta mendiko borda batean bizi da. Gazteak dena uzten du bere ametsa betetzeko. Idazle izan nahi duen tarte horretan presentzia enigmatiko bat izango du, ordea, atzetik. Gai askotarikoak jorratzen ditu filmak: sortzaile baten eta haren obraren arteko harremanak, transmisioa eta ondarea...

'XORA'

Zuzendaria: Peio Cachenaut.

Aktoreak: Jef Goihenexpe, Ttittika Rekalt eta Allande Erreçarret.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2012.

Iraupena: 85 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.