Joan den irailean, Getariako badiaren hondoan, forma hemiesferikoa duen zilarrezko lingote bat aurkitu zuen, ezustean, Donostiako Reala Futbol Elkarteko urpeko jardueretako ataleko Borja Inza urpekariak, urpeko argazkiak egiten zituen bitartean.
Lingoteak zortzi kilo ditu, eta, seguruenik, jatorri amerikarrekoa eta garaiko kontrabandoaren fruitua da (XVI edo XVII. mendea). Beste aurkikuntza eta ontzi aztar batzuetan, batez ere XVII. mendekoetan, dokumentatutako tipologia du. Ez du eskubide errealak edo zergak ordaindu ondoren aplikatzen zitzaien marka edo zigilurik.
«Horrek kontrabandoko zilarrezko lingotea dela frogatzen du. Zilarraren kontrabandoa ohiko praktika izan zen XVI eta XVIII. mendeen artean, eta Ameriketatik iruzur eginez ateratzen zen zilar kantitatea legez ateratzen zena baino askoz handiagoa zela uste da. Getarian lingote hori agertzeak lotura izango du, seguru asko, herri honetako zenbait leinuk zilarraren ekoizpenean eta erauzketan izan zuten esku hartze aktiboarekin. Dokumentazioaren arabera, Ameriketatik zilar sortak bidali zitzaizkien Getariako senideei, legez edo legez kanpo», azaldu du Xabier Alberdik, Untzi Museoko historialariak.