«XVI. mendeko euskararen adierekin jolastuz sortu dut abenturazko nobela hau»

Koldo Zuazo idazleak 'Neure buruaren alde' lehen eleberria argitaratu du; 1574ko Gasteizen girotu du lana

Koldo Zuazo idazleak atzo Neure buruaren alde eleberria aurkeztu zuen Donostian. JON URBE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskarak, XVI. mendean, Euskal Herriko mugak zeharkatzen zituen norabide guztietan. Hego Amerikako «Mundu Berrira» ere iritsia zen aspaldi. Garai hartan, heriotzatik ihesi ibiliko zen Martin Garaigordobil izeneko Otxandioko gaztea, Espainiako Inperioa zeharkatu nahian. Koldo Zuazo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Dialektologia eta Soziolinguistika irakasleak Neure buruaren alde lehen nobela argitaratu du, XVI. mendeko Euskal Herrian girotua. Zuazoren esanetan, abenturaz jositako istorioa idatzi du, hilketak, maitasuna, traizioak eta bidaiak nagusi direlarik.

Zuazok euskararen eta euskalkien inguruko liburu asko argitaratu ditu orain arte, eta hau nobela bat idazten duen lehen aldia. «Kasualitatez idatzi dut liburu hau. Udako oporraldietan nengoela, istorio bat idazteko grina etorri zitzaidan, entretenitzeko. Hala, aurretik bilduta neuzkan XVI. mendeko testuetan aurkitutako informazioa erabiliz, fikzioko pertsonaiak asmatu, eta ezagutzen nituen inguruetan kokatu nituen ekintzak. Hiru uda igaro ditut liburu hau idazten».

Abentura 1574. urteko Gasteizen hasten da, baina nobelako pertsonaiek Sevilla, Cadiz eta Hego Amerika ere bisitatzen dituzte. Zuazok hiru eszenatan banatu du kontaketa. «Hiru egoera nagusi ditu nobelak. Gasteizen hasten dira protagonista gaztearen arazoak, Espainiatik ihes egitera behartua den arte. Hego Amerikara ihes egiten du, eta han ere Espainiako konkistatzaileekin liskarrak izango ditu. Horren ondorioz, kolonoekin elkarbizitzen saiatuko da».

Zuazok XVI. mendeko euskal hizkera erabili du nobelan. Abentura da nagusi, baina hitzekin jolastu nahi izan du. «Arin kontatutako istorioak gustatzen zaizkit, abentura izan dadin nagusi. Dena den,erabilitako hizkuntzak buruhausteak eman dizkit. Istorioa XVI. mendean gertatzen den arren, gaurko euskaran idatzi nahi nuen, baina, aldi berean, argi nuen anakronismo batzuk saihestu behar nituela».

Euskara batua erabili duen arren, Zuazok kontu handiz neurtu ditu aukeratutako hitzak. «Gaur egun, XIX. mendean asmatutako hitz mordoa erabiltzen dugu, eta nik horiek guztiak baztertu ditut; horien ordez, betidanik erabilitako hitzak aukeratu ditut. Horrez gain, XVI. mendeko adierak erabili ditut testuan, baina itsutu gabe. Pertsonaiak batuan ari diren arren, bakoitzari dagokion euskalkiko ezaugarriak gehitu dizkiot. Asmatutako hitzak eta esamoldeak ere erabili ditut, protagonistak gazteak izanik, haiek erabilitako argota eraiki nahian».

Euskararen jatorrien bila

Zuazok urte asko eman ditu euskararen antzinako adierak ikertzen, eta aztertutako testuetan XVI. mendeko ohiturak ere aurkitu ditu. «Gutxi gorabehera duela hogei urte hasi nintzen Arabako euskara ikertzen, batez ere XVI. mendekoak. Garai hartan Euskal Herriko hiri nagusia Gasteiz zenez, Europatik etorritako jende asko handik igaro ohi zen».

Garai hartan Hego Amerikara joan ziren euskaldunen aztarna ere ikertu du Zuazok. «Beti interesatu zait Ameriketako euskara. Ikertzen ari nintzela, Francisco Grandmontagneren 1933ko testu bat aurkitu nuen, non Buenos Airesen izandako euskaldun batek esaten zuen elkar ulertzeko euskara batu bat asmatu zutela. Hori irakurtzean, euskara batu horren aztarnen bila hasi nintzen, baina deskubritu nuen mito bat besterik ez zela. Dena den, aitzakia horrekin Ameriketara joandako euskaldunen istorioak bildu nituen, eta horrekin osatu dut liburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.