XVII. mendeko Lehoia, ibai baten ertzean tapiza aurkeztu dute Bilboko Arte Eder museoan. Orain arte zaharberritzen egon dira Madrilgo Tapizen Errege Fabrikan, museoko beste tapiz birekin batera. «Oraingoan, beste protokolo batzuei jarraitu diegu, ez da museoko Kontserbatze eta Zaharberritze Sailean egin, eta bertotik ikuskatu baino ez da egin», azaldu du Jose Luis Merino museoko Kontserbatze eta Zaharberritze Saileko nagusiak.
Erakutsitako tapiza eta zaharberritutako besteetako bat, Animaliak basoan sailekoak dira, Francisco Tons maisu flandriarrak (1575-1633) Guadalajarako (Espainia) Pastrana herrian zuzentzen zuen lantegian eginak, Antonio Moro, Alonso Sanchez Coello, Juan Pantoja de la Cruz eta Frans Pourbus gaztearen margoekin. Saila Pastranako III. Dukearen bildumaren parte zen eta gaur egun sakabanaturik eta osatu gabe dago .
Madrilen artelanak garbitu eta konpondu dituzte; Merinok argitu duenez, goi teknologia erabili dute eta egindako zaharberritze lanak «itzulgarriak» dira. Konpontze lanek, baina, ez diete tapizei beren «jatorrizko irudia» bueltatu. Izan ere, denborak lausotu ditu orduan erabilitako koloregarriak eta zeintzuk izan ziren zehazteko ikertzen ari dira.
«Osotasun koherentea»
Tapiza museoko zazpigarren gelan dago ikusgai, XVI. mendearen amaierako eta XVII. hasierako beste artelanekin batera. Filipe II.a, Joana Austriakoa, Filipe Manuel Savoiakoa eta Maria Medicikoaren erretratuek zaintzen dute tapiza eta 2009an zaharberritutako idazmahai alemaniar bat. Javier Viar museoko zuzendariak esplikatu duenez, Gorteko erretratua gelako lanen kokapena «ez da arbitrarioa», denek «osotasun koherente bat» osatzen baitute. Erakusketa teknika horrek periode room du izena eta XIX. mendean asmatu zuen Wilhelm Bodek, Berlingo Friedrich museoko zuzendariak. «Garai bereko eta izate ezberdinetako objektuak bilduta, orduko gorteko giroaren deskripzioa egiten da».
XVII. mendeko tapiz berritu bat aurkeztu dute Arte Eder museoan
'Gorteko erretratua' gelan dago 'Lehoia, ibai baten ertzean', garai bereko beste artelan batzuekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu