XX. mendeko euskal literatura, erdaretan

Gorka Aulestiak 23 idazleren literatura aztertu du 'Escritores euskéricos contemporáneos' lanean

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gorka Aulestia ohorezko euskaltzain eta idazleak Estigmatizados por la guerra liburua plazaratu zuen 2009an. Liburu haren jarraipena da kaleratu berri duen Escritores euskéricos contemporáneos (Euskarazko idazle garaikideak), euskararen akademiak argitaratzen duen Euskaltzainak bildumaren hamalaugarren zenbakia, hain zuzen ere. Euskal literatura garaikidea, XX. mendeko euskal literatura, aztertzen du liburuak. Horretarako, mende horretako 23 idazleren lanak aztertu ditu. «Euskal literaturaren aurkako aurriritziak hautsi nahi izan ditut, lau haizeetara zabalduz gazteleraz eta ingelesez, euskaldunok badugula geure literatura, alegia, euskaraz idatzitako literatura». Berezitasun horixe du liburuak, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita dagoela.

Liburuak zazpi atal nagusi ditu. Hala, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, zenbait idazlek euskal kulturaren alde egi zuten lana ekartzen du gogora. Ondoren II. Errepublika, Espainiako gerraren ondorengo urteak, elizgizon batzuek egindako lana —Iratzeder, Juan Mari Lekuona, Bitoriango Gandiaga—, nobela garaikidea, euskara batua edota ahozko literatura dira Escritores euskéricos contemporáneos lanean agertzen diren erreferentzia nagusiak.

Felipe Arrese Beitia, Jean Etxepare, Nikolas Ormaetxea Orixe, Xabier Lizardi, Juan San Martin, Mikel Lasa, Jon Mirande, Xabier Lete, JosAnton Artze, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria eta Antonio Zabalaren lanak aztertzen ditu liburuan, besteak beste.

Bestalde, komunikabideetan argitaratutako kritika ugari bildu ditu Gorka Aulestiak, eta liburura ekarri ditu; horietako batzuk gaztelaniaz publikatu ziren, eta Euskal Herriko hedabideetan agertu. Bestetik, ingelesez daudenak Amerikako Estatu Batuetako komunikabideetan argitaratu ziren, 1980tik 2000. urtera bitarte.

Liburu hau egiterakoan Sancho el Sabio, Society of Basque Studies in America, Muga, Lapurdum, Iker eta RIEV aldizkarietan argitaratutako artikuluak baliatu ditu Aulestiak. Batez ere, Gasteizko Sancho el Sabio aldizkarian 90eko hamarkadan idatzitako artikuluak erabili ditu. Liburua 400 orritik gorakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.