Konpositorea, abeslaria eta multi-instrumentista da Tiersen —pianoa, biolina, soinua, gitarra eta beste hainbat musika tresna jotzen ditu—. 2001. urtean egin zen ezagun nazioartean, Amélie filmeko musika konposatzeagatik, baina lan haren aurretik ibilbide luzea egina zuen jada, eta halakoxea egin du ondorenean ere. 2014ko urrian jo zuen azken aldiz Donostian, eta udan berriro itzuliko da Kursaalera, oraingoan, Donostiako 53. Jazzaldiaren barruan.
Sei urterekin hasi zen pianoa eta biolina ikasten, baina musika klasikoaren bidetik jo beharrean, gitarra elektrikoa hartu eta post-punkean murgildu zen 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean. Ordutik, askotariko eraginak hartu ditu bere konposizioetan. Zinemarako beste bi soinu banda sortzeaz gain, zuzeneko lau disko ditu argitaratuak, baita estudioko dozena bat album ere. Berriena, Eusa izenekoa, 2016an plazaratu zuen; bere sorterrian —Bretainiako Eusa irla— inspiratutako pianorako konposizioak bildu zituen bertan.