Yolanda Arrietak orain dela ia 30 urte idatzitako Jostorratza eta haria eleberria berrargitaratu dute. Arrietak berak, Oier Etxebeste Gimenez Alberdaniako editoreak, Iratxe Retolaza literatura kritikariak —berrargitalpenaren hitzaurrearen egilea ere bada— eta Ainara Azpiazu azalaren ilustratzaileak parte hartu zuten orain bi aste egindako aurkezpenean. 2001ean egindako liburuaren azken argitalpenarekin alderatuta, Retolazaren hitzaurrea eta Azpiazuren azala dira elementu berriak.
Jostorratza eta haria eleberriak Irun Hiria saria lortu zuen 1997an, eta Gipuzkoako Kutxak argitaratu zuen, 1998an. 2001ean, aldaketa batzuk egin ostean, Alberdania argitaletxeak argitaratu zuen. Lehen argitaratzetik 27 urte pasatu diren honetan, pozarren dago Arrieta: «Zoragarria da berrargitalpenak egitea denak berria izan behar duen garai honetan». Urteak igaro badira ere, badu zer esana idazleak hasierako ideiez: «Gogoratzen dut jasotakoa, neukana eta zetorrena elkartu nahi nituela».
«Gogoratzen dut jasotakoa, neukana eta zetorrena elkartu nahi nituela»
YOLANDA ARRIETAIdazlea
Argitaletxekoek berrargitalpena egiteko proposatu ziotenean, «zertarako?, zer daukat nik eskaintzeko?» galdetu zuela esan du Arrietak. Aipatu du proposamena egin zioten garaian Lola Lopez Mondejarrek (Espainia, 1958) idatzitako Sin relato. Atrofia de la capacidad narrativa y crisis de la subjetividad (Anagrama, 2024) saiakera irakurtzen ari zela, eta liburu hark Jostorratza eta haria liburuarekin zituen antzekotasunek arreta piztu ziotela. Arrietak aipatu duenez, bai liburu batean eta bai bestean identitatea ez da zerbait aldaezina balitz bezala definitzen. Lopezek, adibidez, nork bere buruari kontatzen dizkion edota besteek norberari kontatzen dizkioten kontakizunekin eraikitako esperientzia sare gisa definitzen du. Arrietak esan du hor dagoela berrargitaratu den liburuaren gakoa : «Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian? Galdera horien inguruan eraiki nuen liburu hau». Lopez Mondejarren lana saritu zutela ikusita, Arrietak ondorioztatu zuen bere liburua egokia zela gaur egungo testuingururako, eta baiezkoa eman zion argitaletxeari.
Etxebeste Gimenez editoreak aipatu duenez, 2001ean erabaki zuten Arrietaren liburua gazteentzako Ostiral sailean argitaratzea, baina erabaki horrek ez zituen Alberdaniako kideak erabat asebete. Garai hartako arantza hori kentzeko aukera gisa ikusi zuten liburua agortuta egotea, berrargitaratu eta helduentzako sailean sartu baitute. Besterik ere gaineratu du: «Jostorratza eta haria liburuaren berrargitalpena ezin zen berrargitalpen arrunt bat izan, zerbait gehiago merezi zuen, eta horrexegatik deitu genien Retolazari eta Azpiazuri».
«Liburuaren berrargitalpena ezin zen berrargitalpen arrunt bat izan, zerbait gehiago merezi zuen, eta horrexegatik deitu genien Retolazari eta Azpiazuri»
OIER ETXEBESTE GIMENEZ Alberdaniako editorea
Retolazak azaldu du bere kuttunenetakoa dela Arrietaren liburu hori. Retolazak 1990eko hamarkadako hogei liburu hautatu behar izan zituen 90eko hamarkadako narratiba berria: Literatura kritika (Labayru eta Bilbao Bizkaia Kutxa, 2001) saiakera lanerako, eta Arrietarena tartean sartu zuen, Lirikotasuna ardatz duten eleberriak atalean. Retolaza: «Eleberri honetan ikusi nituen lehen aldiz herria eta generoa elkar gurutzatzen: Arrietak azaldu zuen genero posizioak nola eragiten duen euskalduna izatean». Eleberriaren muina hitz gutxitan laburbildu nahian, «herri geneaologia femenino eta feminista bat eraikitzeko gogoa» biltzen duen lan gisa definitu du. Horrekin batera, balioa eman dio kontakizuna «gorpuztutako eta kokatutako ahots batetik» egiteari: «Gorputzak leku berezi bat hartzen du eleberrian».
Azpiazu ilustratzaileak adierazi du estimatzen dituela azala sortzeko eman dioten askatasuna eta konfiantza, «sortzeko prozesuan jolasteko aukera» izan duelako. Prozesu horri dagokionez, ilustratzaileak esan du Retolazak egindako hitzaurrea irakurtzea nahikoa izan zitzaiola irudi bat asmatzeko. Irudi nagusi hori finkatu eta gero, eta liburuaren izenburuari eta edukiari jarraikiz, liburuaren azala jostea erabaki zuen: «Familian, jostun ofizioa gertu nuen, eta haurra nintzela erakutsi zizkidatenak baliatzeko aukera bat izan da».
Eleberria «ama batek jaiotzear dagoen alabari oparitzen dion josteko manual bat» dela esan du Arrietak. Egitura eta lexiko aldetik halakoa izan liteke, baina egileak argi utzi du: «Josteko tresnek aldian aldiko gertaerak mozorrotzen dituzte. Josten ikasteko manual bat bada ere, beti dauka beste zentzu bat». Egileak, ezaugarriren bat azpimarratzekotan, erabilitako hizkerak aipatu ditu: «Euskalkiak erabili nituen erregistro ezberdinak markatzeko, ahotsak elkarren artean bereizteko». Retolazak nabarmendu du «ahots askoren artean jositako kontakizun bat» dela.