“Memoriaren tokia”. Hala izendatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Artxibo Historikoa. 2007an aipatu zuten lehenengoz proiektua eta gaur goizean zabaldu ditu ateak. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gidatutako gobernu taldeak egin zuen lehen aipamena eta zazpi urteren ostean, eta hiru legealdiren ostean gaur ireki dute. Maria Diaz de Haro kalean ordezkaritza politiko zabala izan da horregatik irekiera ekitaldian. Urkulluk hartu du hitza han: “Izan garenaren kontakizuna egiten laguntzeko espazioa da artxiboa, eta gure egungo eta etorkizuneko jardunen gidari”.
“Erreferente” izan nahi du artxiboak, arduradunek azaldu dutenez. Eta oraingoz Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Historikoa da eraikinak hartzen duen funts nagusia. 1936tik 1979ra arteko dokumentuak, alegia. Gerra garaikoak eta erbestekoak. Baina hainbat familiaren artxiboak, zenbait partikularrenak eta gizarte mugimendu batzuenak ere hartzen ditu. XIII. mendetik gaur egunera arte. Oraingoz kilometro betetzen dute apalategietan funtsek, baina 20 kilometro luze ditu prest azpiegitura berriak. Urtez urte funtsa handitzen joatea da helburua.
Gonzalo Carro arkitektuak egin du eraikina, eta 13.650.000 euroko aurrekontua izan du. “Urtez urte aurrekontuaren arabera moldatu behar izan dugu proiektua”, azaldu du Borja Aginagalde artxiboko koordinatzaileak. Zehaztu duenez, hasieran pentsatutakoa baino %30 txikiagoa izan da horregatik inbertsioa. Gizarteari eman beharreko zerbitzuan jarri du enfasia berak. Horregatik azpimarratu du sarean egindako lana. Artxiboan diren dokumentuen %80 inguru dago jadanik digitalizatuta, eta sarean kontsultatzeko moduan. Jendeari artxiboaren zerbitzuak erabiltzeko gonbidapena ere egin dio.
Sakondu egingo dute Interneteko lana aurrerantzean ere. Webgune kolektibo bat sortzea da, izan ere, artxiboak 2014erako indarrean jarri duen programetariok bat. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako artxiboen eta dokumentu ondareak hartuko ditu atari horrek, eta hura diseinatu, garatu eta kudeatzea izango da artxiboaren egitekoa.
Zerbitzuan enfasia
Ordezkaritza publiko zabala izan da irekiera ekitaldian. Urkullu lehendakariaz gainera, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere izan da Bilbon, eta baita azken hiru Eusko Jaurlaritzetako Kultura Sailburuak ere: Miren Azkarate, Blanca Urgell eta Cristina Uriarte. Uriartek ere hartu du hitza irekiera ekitaldian: “ Memoria eskuragarri jartzea ekintza demokratikoa da”. Eta eraikinak eskaini beharreko zerbitzuetan jarri du berak ere enfasia: “Hau ez da eraikin bat, ez ekipamendu bat, herritar guztientzako zerbitzu bat baizik”.
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea ere izan da artxiboaren irekieran, besteak beste, eta baita Joan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Mario Izeta Bilboko gotzaina, eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria ere. Bertan izan dira Euskal Herriko beste zenbait artxibo historikotako ordezkariak ere.
Zenbait ezaugarri
Kilometro bete artxibo. 20 kilometro apalategi ditu artxiboak, baina oraingoz kilometro betea hartzen dute dokumentuek.
Sareko zerbitzua eta zerbitzu fisikoa. Digitalizatuta dago artxibategiko funtsaren %80a, eta www.eah-ahe.org orrian kontsulta daiteke. Hor ez direnak eraikinean bertan kontsultatzeko aukera ere badago. Irakurtzeko eta lanerako gelak ere baditu eraikinak, eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko dute.
Funtsen jatorria. Eusko Jaurlaritzaren artxibo historikokoak dira funts gehienak (0,7 km apalategi), baina badira familien, partikularren eta gizarte mugimenduen ak ere (0,3 km).
Artxiboak. 500 artxibo daude, 3.200000 dokumentu irudi, eta 5.500.000 sakramentu erregistro.
11 solairu. Lur-arrasaren gaineko sei, eta lurpeko lau.
8.542 m2ko azalera eraikia.
13.650.000 euroko aurrekontua. Hasiera batean aurreikusitakoa baino %30 gutxiago.