Euskal Herrian ekoitzitako hiru film daude Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko Zabaltegi saila osatuko duten 18 hautatuen artean. Kimuak katalogorako hautatuak izatea ere lortu duten film laburrak dira horietako bi, euskaraz lan egiten duen bi egilerenak: Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) eta Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety. Bestea Luiso Berdejo zinemagile donostiarraren Violetgaztelaniazko fikziozko film luzea da, Donostiako Kowalski Films etxeak ekoitzia, AEBetako Tati Films etxearekin batera. Zinemaldian estreinatuko denez, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko hautagaietako bat izango da Berdejoren filma, Zinemiran, Zuzendari Berriak sailean eta Sail Ofizialean aurkeztuko diren beste zazpi filmekin lehian.
Zinemaldiko Zabaltegi sailak, ohi bezala, «urteko zinemaren panoramako proposamen interesgarri batzuk» bilduko ditu, Zinemaldiaren antolatzaileek adierazi dutenez. Generoen aldetik aniztasuna erakusten du zerrendak: bederatzi fikziozko film luze, horietatik bi animaziozkoak; sei dokumental; eta hiru film labur.
Oliver Stone da Zabaltegiko filmen zuzendarien artean ezagunena, eta, gainera, haren bi film daude zerrendan: Alexander: The Ultimate Cut filma eta The Untold History of the United States. Stonek berak 2004an estreinatutako Alexander filmaren muntaketa birmasterizatua da Alexander: The Ultimate Cut; filmak Mazedoniako errege Alexandro Handiaren bizitza du oinarri nagusi. The Untold History of the United States sail ordubetetik gorako hamabi atalez osatutako dokumental saila da, AEBen historian garrantzi handia izan duten baina isilpean gorde diren gertakarien berri ematera bideratua.
Zabaltegi sailak Euskal Herriko hiru film eta kanpoko 15 erakutsiko ditu
Asier Altuna, Izibene Oñederra eta Luiso Berdejoren lan bana dago Oliver Stoneren bi ere badituen zerrendan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu